Sormenaren hariak kantuan

Euskarazko kantagintzari buruzko Kanterri ikastaroa bigarrenez egingo dute, Oiartzunen, uztailaren 10ean eta 11n. Jon Urzelai, Ana Arsuaga eta Marie Hirigoien ariko dira hizlari, besteak beste.

Ezkerretik eskuinera eta goitik behera, Sarrionandia, Hirigoien, Urzelai, Larburu, Arsuaga eta Azpiazu. BERRIA.
iraia vieira gil
2023ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Kantuaz eta kantuaren sorkuntzaz eztabaidatzeko bilduko dira bi egunez Ana Arsuaga, Jokin Azpiazu, Marie Hirigoien, Maite Larburu, Joseba Sarrionandia eta Jon Urzelai, Oiartzungo (Gipuzkoa) Kanterri Euskaraz kantatzen duen herria jardunaldietan. Bigarren edizioa da aurtengoa, eta, bi egunez, hitzaldi bana emango dute parte hartzaileek. Hala, euskarazko kantagintzaren historiaren, sorreraren eta transmisioaren inguruan hausnartzeko bidea irekiko diote publikoari. Uztailaren 10ean eta 11n izango dira mintzaldiak, 09:30etik 18:00etara.

Azpiazu soziologo eta EHUko irakaslea izango da ikastaroa irekitzeko arduraduna. Musika sorkuntza, normalizazioa eta merkatuaren esku ikusezina. Ezberdintasuna eta errepikapena izenburua jarri dio bere saioari, eta hor zehaztutako gaien arteko tentsioak aztertuko ditu. «Kantuak berak gaur zer egin dezakeen pentsatu ahal izateko, ezinbestekoa da sorkuntza ondo ezagutzea bere testuinguruan», azaldu du. Eta aipatu du, gainera, egungo testuinguruan ezinbestean kontuan izan beharreko faktorea dela merkatua.

Industria arloan izandako «aldaketa material-ekonomikoek», hain zuzen, eragin zuzena izan dute kantagintzan eta musikan. Ordea, Azpiazuren ustetan, aldaketa horiek antzematea askoz ere zailagoa da digitalizazioaren, automatizazioaren eta egileen zein eragileen atomizazioaren garaian. Hala, haren hitzaldiak helburu zehatza izango du: «Sinplifikazio eta nostalgian erortzeko tentazioa saihestuz, egungo merkatuaren esku ikusezinari erreparatzeko saiakera bat izango da».

Larburu musikariak emango dio amaiera asteleheneko ekitaldiari, baina Sarrionandiak hartuko du hitza haren aurretik. Abestiez eta herriez hausnartuko du idazleak eguerdiko hamabietan hasi eta ordu biak arte. Ordubete eta erdi geroago hasiko da Larbururen txanda, 15:30ean. Kantugintzaren hariez arituko da, eta Hari izan izeneko saioa egingo du.

Abestiak sortzeko eraren inguruan gogoeta egitera bultzatuko du publikoa musikariak. Hausnarketa egin ahala, gainera, jolas egingo du abestiak osatzen dituzten hariekin: «Hasieran, hari horiek guztiak espazioan zintzilik daude, aukerak infinitoak dira, oraindik jaio ez den promes eder baina ederragoa». Horietatik tiraka ibili beharko du edozein sortzailek nahi duen emaitza lortu ahal izateko. «Ari eta hari ari zarelarik, uneak berak erabakitzen du kantuaren izaera, baita zure ohiturek, trebeziek, gabeziek ere; eta, noski, istripuek!».

Jaialdien sua, ahotsen garra

Sua, garra, errautsak: zer den musika jaialdi bat egun hitzaldia izango da astearteko lehenengoa, eta Jon Urzelai fisikari eta soziologoak emango du. Gaur egungo musika jaialdien egoera izango du, oro har, hizpide. «Musika jaialdiez jardutea izango da nire egitekoa, indibiduotik kolektibora, herritik markara, atzerritik gurera saltoka arituz». Hamaika ildotik tiraka arituko da hitzaldian —berriki atera du gaiaren inguruko Su festak (2023) saiakera—, baina galdera bakar bati erantzutea izango da haren nahia: «Zer da musika jaialdi bat?».

Argi du pop musika jaialdiek inguratzen gaituztela, baita festibal horiek «hertsiki musikalezbesteko irakurketak» eskatzen dituzten ikuskizunak bihurtzen ari direla ere. Hala, jaialdietara joaten diren musikarien artean alde handirik ez dagoela salatu du soziologoak, eta, beste guztiaren gainetik, haien helburua bisitariak erakartzea dela. «Komunitateak trinkotzeko eta etorkizuna batera irudikatzeko tresna zirenek lurzorua idortzen dute, aukerak mugatu». Eta tradizioaren alde egiten dutenak, ondorioz, gutxiengo bihurtzen dira, Urzelairen arabera.

Hirigoien herri musikako eta kantuko irakaslearen txanda izango da ondoren. XX. mendeko euskarazko kantuaren garapena. Euskarazko kantuaren berezitasunak aztertuko ditu bere hitzaldian, eta musika bera izango du une oro gidari. «Azken bi mende hauetan, euskal kantuan tonu laurdenak izan badirela esaten duten autoreak daude».

Hitzaldiaren lehenengo partean, tonu laurdenak zer diren azalduko du. Bigarrenean, XX. mendean idatzitako artikuluak, liburuak eta kantuak aztertuko ditu; eta, amaitzeko, artxiboetatik ateratako kantuak musikalki ikertuko ditu. Hirigoienek ohartarazi duenez, ez da beharrezkoa izango musikaria edo musikan oso jantzia izatea hitzaldiaren hariari segitzeko.

Arsuaga margolari eta Verde Pratoko musikariak itxiko du Kanterri. Abesti baten eraikuntza, apaltasunetik ornamentura izeneko tailerra emango du, eta parte hartzaileek abesti bat sortu beharko dute, betiere ahotsa erabilita. «Erreferentziak eta ereduak landuko dira, eta ahotsaren bizitasunaren bila ibiliko gara». Jolas baten antza hartuko du tailerrak, eta sormena piztea izango da erronkarik handiena. «Ahotsak berez dituen adierazteko baliabideak, emozionaltasuna, garraztasuna, berez duen izaera ezagutzea izango dugu helburu, partaideen arteko aniztasunari balioa emanez», argitu du.

Partaideen nahien arabera, gainera, ahotsak amankomunean jartzeko aukera ere emango die musikariak. «Musika, abestia nola sortu daitekeen landuko da». Proposamena berdin dago irekita lan horretan hasi berri direnentzat zein eskarmentua dutenentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.