Musika

«Sortzen eta eraldatzen duen gizakiari» begiratuko dio Euskadiko Orkestrak 2023-2024ko denboraldian

Besteak beste, Mahlerren, Brucknerren, Straussen eta Prokofieven obrak interpretatuko ditu. Juraj Valcuha, Juan Mena, Marie Jacquot eta Ricardo Frizza ariko dira zuzendari. Bestalde, 2024ko otsailean Austrian bira egingo du EOk.

Martxoan Polonian egin zuen bira Euskadik Orkestrak. MIREN MUJIKA
Berria
2023ko maiatzaren 31
12:25
Entzun

Euskadiko Orkestraren abonu denboraldia 2023ko irailaren 29an hasiko da Gasteizen, eta 2024ko ekainaren 7an bukatuko da Donostian emango duen kontzertuarekin. Orotara, hamabi programa eskainiko ditu orkestrak ohiko dituen lau plazetan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Guztira, 50 emanaldik osatuko dute EOren abonu denboraldia. Oriol Roch Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusiak eta Robert Treviño zuzendari titularrak gaur goizean eman dituzte datorren denboraldiko zertzelada nagusiak, orkestraren Donostiako egoitzan.

Orkestrako arduradunek azaldu dutenez, 2023-2024ko denboraldian, artearen bidez, «sortzen eta eraldatzen duen gizakiarengan» jarri nahi dute arreta. «Pertsona aktiboa eta arduratsua jarriko dugu erdigunean, bere bizi esperientzien —nola espiritualen hala mundukoien— bidez mundua mugitzen duen pertsona, hain justu. Helburu horrekin, besteak beste, Gustav Mahlerren Hirugarren sinfonia, Anton Brucknerren Zazpigarren sinfonia, Henri Dutilleuxen Correspondances, Richard Straussen Aus Italien eta Symphonia Domestica, Sergei Raxmaninofen Hirugarren sinfonia eta Pianorako bigarren kontzertua eta Sergei Prokofieven Alexander Nevski interpretatuko ditu orkestrak. Era berean, Rudi Stephanen Die ersten Menshen opera ere interpretatuko du Euskadiko Orkestrak Bilbon, Arriaga antzokiarekin lankidetzan eta Calixto Bieitoren zuzendaritza eszenikoarekin.

Euskal sorkuntzak ere garrantzi berezia izango du hurrengo denboraldian. Eduardo Txillidaren jaiotzaren mendeurrena beteko denez 2024an, orkestrak obra bat enkargatu dio Antonio Lauzirikari, eta hori (Chillida-Elogios) abonu denboraldiaren barruan estreinatuko du EOk.

Gainera, Itziar Viloriaren Oihartzun gorriak estreinatuko du orkestrak, eta baita Saskia Venegasen At the Aegean Shores obraren berrikuspena ere. Era barean, Ramon Lazkanoren Mugarri ere joko du orkestrak hurrengo denboraldian.

Bestalde, Gabriel Erkorekaren lanen grabazio bat ere egingo du Euskadiko Orkestrak, Juanjo Menak zuzenduta.

Bira Austrian

Aurten Polonian bira arrakastatsua egin ondoren, Euskadiko Orkestrak nazioarteko beste bira bat egingo du hurrengo denboraldian. 2024ko otsailean lau kontzertu emango ditu Austrian; hiru Salzburgon eta beste bat Linzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.