GARTXOT
'Bizirik gaude'
Diskoetxea: Egilea editore.
Lagun musikari batek esan ohi zidan ez zituela kantu tristeak entzuten. Ezin nuen ulertu musikari batek hori esatea. Beraz, saiatu nintzen konprenitzen zein ziren kantu tristeak harentzat, eta, hara non, denborarekin ohartu nintzen harentzat kadentzia jakin batetik behera egiten zutenak zirela kantu tristeak; spinning egiteko alimaleko erritmoa duten kantu horiek alaiak balira bezala. To! Tristezia eta sosegua ez direla gauza bera esaten nion lagunari, eta komenigarria da gogoratzea, inork Gartxoten Bizirik gaude diskoa tristea dela esaten badizu. Aspaldian euskal kantagintzak argitara eman duen diskorik sosegatuena dela erantzun diezaiokezu lasai ederrean.
Kantari donostiarrak argi azaltzen du bere Bandcamp-ean: «Bilaketa emozional zintzo bat egin nahi izan dut disko honetan. Azken bi urteetako sentsazioak eta ikaskuntzak biltzen dituzte kantuok: funtsean, heldutasunerako igarobidean, ziurgabetasunaren erdian sortzen diren argi txikiak». Ez da oso ohikoa, gaur egun, gure inguruan behintzat, kantari batek, are gutxiago gizonezkoak, bere introspekzio asmoak hain zintzo agertzea, eta, gainera, hitzemandakoa betetzea. «Nire hitzek gogora nazaten, hotzak ahaz nazan», kantatzen du diskoa irekitzen duen Non erein kantuan, eta «Hemen, orain, bizirik gaude elkarren gerizpean», berriz, diskoa ixten duen Bizirik gaude abestian. Ez, introspekzioak ez du zertan ariketa etsigarria izan.
Eta laguntasunaz ari da Lagun ta asun kantuan, gogoaren bilakaeraz Mapak-en, bizitza den iraupen ariketaz Portuko negu-n. Zein lelo borobila duen kantu honek: «Portuko negu tankera baitu sentitzen dudan honek, elkar atertuz poza ari du, iraun dezala arren». Denborak uzten dizkigun orbainak aitatuko ditu Haizea dabil-en, barrura begiratzearen bertigoa Tristura-n, iraganaren eta etorkizunaren arteko zubiez beste lelo puska bat duen Berandu edo garaiz-en —«Nigan dudan etsaiak maiz dio sekula ez dala berandu edo garaiz»—. Itxaropena eta etsipena, argia eta lanbroa, eskutik datoz kantuotan, eta, alde horretatik, terapeutikoak ere gerta daitezke, dena ez baita zulo, ezta zeru ere.
Kantu hauentzat janzkera ezin hobea da artista donostiarrak hautatu duen biluztasun akustikoa, diskoan gitarra eta ahotsa baitira protagonista nagusiak. Ahotsa gozo, barrutik kantuan; eta gitarra klasikoa tranpa handirik gabeko arpegioetan... Etengabe argi aldera egiten duten melodiek arnasa lasai hartzen dute moldaketa sotilen laguntzaz: soka tresnak, tronpeta, pianoa... Alde horretatik, azpimarragarria da Amaia Mirandaren lana, bai gitarra jotzaile zein ekoizle lanetan; eta baita zenbait kantutan laguntzaile izan diren Iban Urizarren, Zeberio anaien edota Carlos Aranzegiren ekarpenak ere. Guztien artean, udaberria iragartzeko disko ezin hobea ondu dute.