Greg Mottola zuzendariaren laugarren film luzea da Paul. Gaur egun kultuko filma den The Daytrippers egin zuen 1995ean. Horren ostean, hainbat telesailetan egindako lanak etorri ziren. Bigarren filma 2007an egin zuen, Superbad komedia eroa, eta bi urte geroago, freak kuadrilla baten inguruko Adventureland.
Azken hori 80ko hamarkadaren inguruko begirada nostalgikoa zen, eta bide beretik doa Paul. Hain zuzen ere, 70eko hamarkadako eta 80ko hasierako zientzia fikziozko filmei egindako omenaldi moduko bat da pelikula berria. Horien guztien artean, Steven Spielbergek egindako lehen lanekin —Duel, The Sugarland Express eta Close Encounters of the Third Kind, besteak beste— lotura berezia du Paul-ek. Horregatik, pelikulako momentu batean Spielberg beraren ahotsa entzuten da.
Baina Mottola ez da film honen sortzaile nagusia. Horren atzean Simon Peeg aktore eta gidoilaria dago. Harenak dira aurreko hamarkadan Edward Wrightek zuzendu zituen bi komedia arrakastatsu ere, Zombies Party eta Hot Fuzz. Orain, beste aktore batekin, Nick Frostekin, sortu eta idatzi du Paul.
Filma road movie bitxia da, eta behar zuen girotzea lortzeko bi gidoilariek autokarabana bat alokatu eta AEBetan barna abiatu ziren. Bidaia horretan filma idaztea zuten asmoa. Alderik alde zeharkatu nahi zuten herrialdea, eta laster batean konturatu ziren uste baino zabalagoa zela. Autokarabana matxuratu zitzaien, hainbat lekutan elurra izan zuten... uste baino kilometro gutxiago egin zituzten. Hala ere, pelikula idazteko denbora izan zuten, eta bidaian izandako hainbat kontu xelebre ere sartu zituzten Paul-en.
Protagonista base militar sekretu batean bizi den estralurtar bat da, E.T.-ren antzeko izaki bat. Hainbat urtez, AEBetako gobernua lagundu izan du estralurtarren inguruko xehetasunak ematen, baina ohartzen hasia da dagoeneko bere informazioak ez duela balio askorik. Hori dela eta, exekutatuta izan aurretik, ihes egitea erabakitzen du.
Basetik ihes egitean, furgoneta batean objektu hegalarien bila ari diren bi gazte berezirekin egiten du topo Paulek. AEBetako Polizia atzetik dutela, ihesaldi zoroa hasten dute. Pelikuletan ikusi dutena errepikatzea da protagonisten asmoa: Paul bere ontziraino eramatea, etxera itzultzeko aukera izan dezan.
'PAUL'
Zuzendaria: Greg Mottola.
Aktoreak: Simon Pegg, Nick Frost, Jane Lynch, Kristen Wiig, Jason Bateman, Sigourney Weaver, Bill Hader. Herrialdea: AEB.
Iraupena: 103 minutu.
Estreinaldia: Etzi estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Spielbergen jarraitzaileak
E.T.-ren antzeko estralurtar xelebre bat da Greg Mottolaren 'Paul' komediako protagonista nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu