HILBERRIA

Stephane Hessel 'Haserretu zaitezte!' liburuaren egilea zendu da

95 urte zituen. Diplomatikoa izan zen, eta Alemaniaren aurkako erresistentzian jardun zuen bigarren mundu gerran. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren hamabi idazleetako bat izan zen.

jon olano
2013ko otsailaren 27a
12:05
Entzun

Stéphane Frédéric Hessel 1917an jaio zen, Berlinen. Politikari, diplomatiko, idazle eta olerkaria zen. Zazpi urte zituela, Parisera aldatu zen haren familia, eta, 1937az geroztik, frantziar herritartasuna du. Charles De Gaulle jeneralari fidel Erresistentzian borrokatu ostean, Gestapok atxilotu zuen, 1944an. Torturatu eta Buchenwaldeko zigor esparrura deportatu zuten.

Hiltzera kondenatu zuten, baina bi bider ihes egin zuen. NBEren funtzionarioa zela, 1948an, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren hamabi idazleetako bat izan zen. Aljeriarren eta palestinarren eskubideen defendatzaile izan da, besteak beste, geroztik. Bart gauean zendu da, 95 urte zituela.

Haserretu zaitezte! liburua idatzi zuen 2010. urtean, eta harrabots handia sortu zuen idazlan horrek. Besteak beste, Haserretuen mugimenduak eta Espainian 2011ko maiatzaren 15ean izandako protestek liburu hori dute oinarri. "Matxinada baketsurako" deia egin zuen Hesselek idazlanean, eta batez ere gazteak deitu zituen "haserretzera".

Hesselen hitzetan, "hiritar on guztiek haserretu behar dute mundua gaizki dagoelako, dena azpiratzen duten finantza botereek gobernatuta". Hizkuntza ugaritara itzuli dute, euskara tartean —Inma Erreak euskaratu zuen—. Lau milioitik gora ale saldu dituzte, ehun herrialde baino gehiagotan. 2011n, berriz, Konprometitu zaitezte! argitaratu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.