Steve Cropper gitarra jotzaile eta ekoizlea hil da

Atzo zendu zen, 84 urte zituela. Booker T. & the MG's eta Blues Brothers taldeetan aritu zen, besteak beste. Stax Records diskoetxeko kide zela, munduan ezagun egin diren makina bat kantu ekoitzi zituen.

Steve Cropper, kontzertu batean. CHARLIE LLEWELLIN
Steve Cropper, kontzertu batean. CHARLIE LLEWELLIN
Amaia Jimenez Larrea.
2025eko abenduaren 4a
10:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Steve Cropper musikari eta ekoizle entzutetsua hil da, 84 urtetan, Nashvillen (AEB). Haren familiak eman zuen atzo gertatutakoaren berri, sare sozialen bidez zabaldutako mezu batean. «Haren galerak atsekabetzen gaituen arren, lasai gaude, Steve bere musikaren bidez biziko baita betiko», adierazi dute oharrean. 

14 urte zituela ikasi zuen gitarra jotzen, eta 1960ko hamarkadan hasi zuen Cropperrek bere ibilbide profesionala. The Mar-Keys taldea sortu zuen lehenengo, eta handik urte gutxira sortu zuen, beste kide batekin batera, Booker T. & the MG's taldea. Rhythm and bluesa eta soula uztartzen zituzten, eta Menphis soinua deiturikoaren aitzindariak izan ziren. Green onions da taldearen kantu ezagunenetariko bat.

 

20 urte besterik ez zuela, Stax Records diskoetxean hasi zen lanean, eta, hori dela eta, hainbat artistaren diskoetako gitarra jotzailea izan zen, eta kantu batzuen sorkuntza prozesuan parte hartu zuen. Esate baterako, Otis Reddingen Sittin' on the Dock of the Bay-n, Wilson Picketten In the Midnight Hour-n eta Eddie Floyden Knock on Wood-n. Musikariaren fama Ameriketako Estatu Batuetako mugetatik kanpo zabaldu zen, eta The Beatles taldeak ere harekin lan egin nahi izan zuen, nahiz eta ez zen posible izan.

 

Cropperrek 1970eko hamarkadan egin zuen alde Stax Recordsetik. Bere diskoetxe propioa sortu zuen gero: TMI Studios. 1996an, Ingalaterrako Mojo aldizkariak bizirik zeuden gitarra jotzailerik onenetan bigarrena izendatu zuen —Jimi Hendrix izan zen lehena—.

Blues Brothers taldeko kide ere izan zen. John Belushik eta Dan Aykroydek sortu zuten taldea, Estatu Batuetako Saturday Night Live telebista programan ibiltzen baitziren. Pixkanaka musikari profesionalak sartuz joan ziren, eta horietako bat izan zen Cropper. Nahiz eta beste musikari batzuekin aritutakoa izan zen, bakarkako zenbait disko ere kaleratu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.