'BLOODY MOON'
Barkatuko ahal didate irakurleek, baina ez dut beste izenbururik aurkitu gaurko kritikarako, eta hori ere txoriño baten laguntzarekin, harenak direlako bai izenburua bai testu honetan agertuko diren ñabardura batzuk. Enfin, egunotariko batean banatuko dugu elkarrekin irabazitako dirutza.
Egia aitortuz, nire lehen asmoa zen Europar hutsaltasuna izenburutzat jartzea, azken hamarkadetan ohitu garelako gure iparraldetik datozkigun dantza lan ondo diruztatuak hutsaltasunaren paradigma izatera: perfekzioa nagusi, baina arima gutxi eszenan adierazitakoan. Hala ere, eta emanalditik irten osteko solasaldiaren ondorioz, beste ikuspegi bat saiatuko naiz ematen.
Hamar dantzarietatik lehena zuri-beltzean jantzita azaldu da, marrazki beltzak zituen zoru zuriaren gainean. Horrela joan dira agertzen beste guztiak, erabateko isiltasunean eta bakoitza bere kolore propioa erakutsiz arropetan. Aurkezpen eszena luze horretan mugimendu pertsonalak erakutsi ditu haietariko bakoitzak, eta horrela ailegatu gara proposamen honen punturik diskutigarrienera zeren, esku-programa ikusita, dantzarien kolaborazioarekin sortu dira bai eszenografia bai koreografia bera. Azken puntu horretan ados gaude txoriñoa eta biok: dantzaren arloan apaldu egiten da sorkuntzaren maila esku kolektiboetan utziz gero.
Niri behintzat estridentea iruditu zait jantzien estetika, baina, esku-programan esan digutenez, nolabaiteko harremana izan dezake «George Bataille pentsalari frantsesak desioari, erotismoari, askapenari eta erokeriari buruz» sortu zituen idatziekin. Harreman bera eduki dezake mugimenduaren diseinuak, nahiz eta dantzarien jarrerek erotismotik harago zerbait fuerteagoa irudikatu duten behin baino gehiagotan.
Esan bezala, emanaldi osoan zehar egon dira presente dantzarien mugimendu indibidualak, batez ere luzimendu pertsonalerako eta betegarri bezala etorri den banan-banako agerpen dantzatuen segidan, non bakoitzaren mugimendu gaitasuna eta keinu definizio itzela agerian geratu diren. Hala ere, irudi kolektiboetan ere baieztatu dugu zehaztasun hori, koreografoak stop motion delakoaren teknika moduko bat baliatu duelako, bat-bateko geldialdiak eginez une dantzatuen artean. Hasieran, geldialdi/mugimendu alternantzia era diskretuan gertatu da, eta bazirudien katean jarritako dantzarien eboluzio sinkopatuek hurrengo jarrera estatiko kolektibora heltzeko bidea baino ez zirela.
Bide horretatik, eta erritmo astuneko musika inguratzailean bilduta, batzuetan itsas azpiko izakiak etorri zaizkit burura, eta mugimendu/geldialdien tartekatzeak antz handia eduki du kaleidoskopioen irudien bat-bateko aldaketekin. Gero eta bizkorrago suertatu dira alternantziak, vogue, street-dance eta tropikoetako iturrietatik edan dutela erakutsiz, denen arteko arropa trukaketak era ia magikoan gertatu dira eta azken aldiko talde-konposizioetan omen egin diote Shiva jainkosa hinduari, denen besoen disposizioa nahiz orrazkera, makillajea eta aurpegiera adierazgarriak lagun.