«Aitonak esaten du ondo egindako gauzen eran hazten direla haritzak eta pagoak: mantso». Su txikian irakurtzeko liburua da Su txikian, Olatz Mitxelenak idatzitako eta Irati Egurenek ilustratutako ipuina. Udane da protagonista, eta bisitan doa aitona Martinen baserrira. Ipuina hausnarketaz josia dago, eta horietako bat da denboraren joana. 1545 argitaletxeko Xabi Salaberriak editatu du, eta argitu du 8 urtetik aurrerakoentzat sailkatu duten arren gazteagoentzat nahiz zaharragoentzat ere aproposa izan daitekeela. Liburuarekin batera, abesti bat ere sortu dute; Itziar Ugartek idatzi ditu hitzak, eta Olatz Salvadorrek jarri musika.
Baso zabal bat izan zen Su txikian liburua sortzeko abiapuntua; zehazki, Mitxelenaren aitak landatutakoa. Izan ere, irakurleak aitona Martinen pertsonaia lerro eta marrazki bidez irudikatuko duen arren, Martin izan bada norbait: Mitxelenaren aita. «Istorioaren ekintza nagusia gure aitak egindakoa da. Hark landarazi zuen basoa, eta hark zaintzen du». Hortaz, idazleak kontatu du esku askok hartu dutela parte liburua sortzeko prozesuan; aitaren istorioa idazteaz gain, ilustratu ere egin baitute.
«Istorioaren ekintza nagusia gure aitak egindakoa da. Hark landarazi zuen basoa, eta hark zaintzen du»OLATZ MITXELENA Idazlea
Egurenek berehala egin zuen bat Mitxelenaren istorioarekin; esan duenez, akaso, bere aitaren familia ere baserritarra delako. Basoa irudikatzeko, zuhaitzen «tonu eta formetan» arakatu du marrazkilariak; horren adibide da protagonistaren ilea zuhaitza balitz bezala irudikatu izana, Udane «zuhaitz ibiltari bat» balitz bezala. Paisaiek eta hausnarketek lagunduko dute neskatila herritik basora bitarteko bidaia egiten; etxeak nagusituko dira lehenengo, eta basoa gero. Aitona paisaia horren parte izango da, mendiekin eta zuhaitzekin batera, eta txoriek ere —okilek— bilobaren eta aitonaren eskutik egingo dute bidea. Hala, metaforaz eta sinboloz lepo osatu dute liburua.
Suari begira hausnartzeko
Aitonaren baserrian galderak sortuko zaizkio Udaneri, eta asmoa irakurleari are galdera gehiago sortzea izango da. «Hausnarketa eragiteko liburua da», esan du Mitxelenak. «Su baten aurrean jartzen gaitu Su txikian liburuak, eta suak gonbita egiten du begira jarri eta inguruan elkarrizketan aritzeko. Geruzaz geruza, galderaz galdera, elkarrizketak sortzeko eta pentsatzen edo hausnartzen aritzeko bidea ematen du liburuak».
Iragana, oraina eta etorkizuna lotuko ditu, bi belaunaldiren arteko talka egongo baita oinarrian. Izan ere, Mitxelenak, iraganari erreparatzeaz gainera, etorkizunari begiratzeak duen garrantzia azpimarratu du, eta gogorarazi gizakiak gaitasuna duela bai bere burua, baita mundua hobetzeko ere. «Baso bat sortzea promes bat egitearekin aldera daiteke. Ekintza baten bidez zera adierazten baita: 'Nik etorkizun hobe bat nahi dut, etorkizun hobe bat ari naiz sortzen zuentzat'. Ezkor izatera bultzatzen gaituen mundu honetan, hori egitea ekintza iraultzaile bat izan daiteke».
«Baso bat sortzea promes bat egitearekin aldera daiteke. Ekintza baten bidez zera adierazten baita: 'Nik etorkizun hobe bat nahi dut, etorkizun hobe bat ari naiz sortzen zuentzat'»OLATZ MITXELENA Idazlea
Salaberriak azaldu duenez, merkatuaren dinamika azkarretik aldendu nahi dute argitaletxean begirada, eta beste erritmo batean lan egitea dute helburu. Horretarako tresna izan da su txikian ekoitzitako Mitxelenaren eta Egurenen ipuin liburua: «Guk uste dugu liburuak eta artelanak ondo egiteko mantso, zainduta eta mimoz egin behar direla. Horretan saiatzen gara, eta liburu honi esker, apustu horrekin gogoratzen gara, eta eutsi egiten diogu». Ekoizteko erritmoak errespetatzeaz gain, argitaratu ondoren ere liburuek beren bidea «poliki-poliki» egin dezaten gustuko dute argitaletxeko kideek; kasu honetan, bi urte pasatu dira Su txikian sortzeko lehen ideia eduki zutenetik, eta ipuin liburuak bidean «arrastoa» uztea nahiko lukete. «Etengabe argitaratzen egoteak segituan atzean uzten ditu liburuak».