Gizarte frenetiko bati aurre egiteko sendagai bat proposatu du Suede taldeak: rocka. Izan ere, depresioaren kontrako diskoa kaleratu zuen iazko irailean talde londrestarrak. Antidepressants izena du albumak, eta rock alternatiboa dute entzuleak abesten jartzeko metodoa. 1989an sortu zen talde britainiarra, baina boskoteak ez du nostalgia elikatzeko asmorik. Hain zuzen, disko berria aurkezteko bira antolatu dute, eta Bilbon joko dute bihar, Santana 27 aretoan. Sarrera guztiak salduta daude.
Antidepressants diskoaren zazpigarren abestian adierazten duten bezala, Suedek musika «apurtua» egiten du, «jende apurtuari» zuzendua. Izan ere, musikak «antidepresibo» moduan funtziona dezakeela uste dute. Hamargarren diskoa dute publikatu berri dutena, eta azaldu dute punketik post-punkera egin dutela salto. 1993an publikatu zuen lehen albuma taldeak: Suede, glam-rock estiloz ondua. Horri esker lortu zuen ospea, eta taldea britpop mugimenduaren aitzindarien artean kokatu zen Oasis, Blur eta Pulp taldeekin batera. Abesti arrakastatsuenen zerrendak bete ondotik etorri ziren Dog Man Star (1994), Coming Up (1996) eta Head Music (1999) diskoak ere.
Baina baretuz joan zen ospearen irakinaldia, eta taldeak etenaldia egin zuen A New Morning (2002) bosgarren diskoa publikatu ondoren. 11 urte pasatu ziren Bloodsports (2013) diskoa aurkeztu zuten arte, hastapenetako energia bera biziberrituta. Geroztik, beste lau disko kaleratu dituzte: Night Thoughts (2016), The Blue Hour (2018), Autofiction (2022) eta Antidepressants bera. «Ez gara album bera behin eta berriz egiten duten horietakoak», adierazi dute taldekideek; beraz, lan bakoitzean zerbait berria probatzea izan ohi dute helburu. Oraingoan, «kolore» gehiago eman nahi izan diote azken albumari, eta «espektro zabaleko» doinuez osatu. «Ondo saldutako disko baten ondoren, hurrengo proiektuan gorputzak zeharo desberdina izango den zerbait egitea eskatzen digu».
Doinu zaharrak, gai berriak
Denborak aldatu egin ditu hasiera-hasierako taldekideak. Azken diskoa osatu dutenak Brett Anderson (ahotsa), Matt Osman (baxua), Simon Gilbert (bateria), Richard Oakes (gitarra) eta Neil Codling (sintetizadoreak, pianoa) dira. Taldearen sortze beretik irauten dute lehenengo hiru musikariek, eta ia berrogei urteko ibilbidearen ostean Andersonek gogoz segitzen duela adierazi du: «Ziur nengoen gure belaunaldiko beste talde bakar batek ere ez zuela segitzen gureak bezain disko esanguratsuak kaleratzen». Dena den, behin disko bat kaleratuta zuzenean hurrengoan pentsatzen jartzen direla azaldu dute.
Mundu modernoa deszifratu, zalantzan jarri, eta bertan bizitzeak dakartzan ondorioak aipatu nahi izan dituzte Antidepressants diskoan; horixe baita, haien ustetan, artisten eginbeharra; besteak beste, buru osasuna izan dute hizpide. «Algoritmoek gobernatzen duten mundu batean, zeinetan denarekin eta denekin lehiatzen zaren, erraza da burua galtzea. Baina guk rockaren ahalmenean sinesten dugu oraindik, musikak jendea batzeko eta lasaitzeko duen gaitasunean. Horixe izan da beti gure izateko arrazoia».