Sugarra itzal ez dadin

Jose Maria Usandizagaren 'La Llama' azken operaren kontzerturako bertsioa plazaratu du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak.Juan Jose Ocon izan da zuzendaria eta partituraren berrirakurketa kritikoa egin duena

Oriol Roch Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendaria, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Juan Jose Ocon orkestra zuzendaria, atzo, EOSen egoitzan, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2015eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Las golondrinas opera arrakastatsua Madrilen aurkeztu ondoren Donostiara heldu zenean, 15.000 herritar zain zituen Norteko geltokian Jose Maria Usandizagak (1887-1915). Beste garai bat zen, eta sortzaileek beste itzal bat zuten gizartean, agidanez.

Juan Jose Ocon orkestra zuzendari donostiarrak kontatu du gertakaria. Usandizagak hil bezperatan idatzitako La Llama operaren kontzertu bertsioa aurkeztu zuten atzo Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitzan, Donostian. Oconek berak egin du obra haren partituraren berrosatze eta berrikusketa kritikoa, eta berak zuzendu zuen Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Usandizagaren obra hori interpretatuz martxoan egindako hainbat kontzertutan. Donostiako Kursaalean eta Bilboko Euskaldunan emandako kontzertuetan egindako grabaketekin ondu dute CD formatuan plazaratu duten obra. Nazioarteko panoraman, musika klasikoaren esparruan, erreferentzia nagusi da Deutsche Grammophon zigilua, eta horrek eman du argitara lau urteko ibili luzearen ondoren mamitutako fruitua. Oriol Roch EOSeko zuzendariak garbi zuen apustu hori egin beharra zegoela: «Usandizagaren obra honek behar bezalako zabalpen eta oihartzuna izateko, nazioarteko erreferentzia den zigilu batekin atera behar genuen. Hasieratik ondo hartu gintuzten, eta, negoziazio prozesu baten ondoren, akordioa lortu genuen».

Usandizaga hil zela ehun urte bete dira aurten, eta EOSek 2011n martxan jarri zuen konpositorearen La Llama lana berreskuratzeko eta, bide batez, omenaldia egiteko proiektua. Orduan Iñigo Alberdi zen EOSeko zuzendaria. Gero, Oriol Rochi pasatu zion bai zuzendari karguaren lekukoa eta bai esku artean zuten proiektua. Bide luzea eta lan handikoa izan da orduz geroztik egin behar izan dutena, baina, azkenean, piztu da erdi itzalia egon den obra baten sugarra. Usandizagaren figura gogoratzeko eta ezagutzeko ere balioko du.

Usandizagak Mendi-Mendiyan eta Las Golondrinas idatzi ondoren konposatu zuen La Llama, jada tuberkulosiak jota gaixorik zela, ohean. Erabat bukatzerik ere ez zuen izan, eta haren anaia Ramonek idatzi zituen azken hamazazpi konpasak. Obra guztiak bi milatik gora konpas ditu. Orain artean Las Golondrinas jo izan da Usandizagaren obra gailentzat, baina, Oconen hitzetan, «hemendik aurrera gerta liteke La Llama bihurtzea obra garrantzitsuena».

Partitura berrikusteko ardura Oconi eman zitzaion, eta langintza hain izan da eskerga eta artisautzazkoa, ezen beste hainbaten laguntza izan baitzuen, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboarena eta Ana Huarte kopista eta musikariarena, besteak beste.

Partitura berrikusi eta berrosatzeko, konpas guztiak banan-banan aztertu behar izan ditu, eta ondo irakurtzen ez ziren zatiak osatu ere bai, intuizioa kontuan izanik, batetik, eta Usandizagak garaian zituen erreferentziak, bestetik: «Parisen egonaldia egin zuen, eta harmonia inpresionistari buruzko ezagutzaz jabetu zen. Haren lanean ez da zaila Debussyri eta Ravelli zien mirespena antzematea, baina baita Puccini, Musorgski eta Rimski-Korsakofengandik gertuko zaletasun instrumentala ere. Batzuetan, batzuen aldera egin behar izan dugu; eta, besteetan, bestera».

Jose Maria Usandizagak ez zuen izan bere obra zuzenean ikusi eta entzuterik, estreinatu aurretik hil baitzen, 28 urte baino ez zituela. Bera hil ondorenean ere oso gutxitan antzeztu zen: Donostian eta Madrilen 1918an, eta Bartzelonan 1932an. Ekitaldi horien kronikei esker da jakina La Llama-k izugarrizko arrakasta izan zuela, eta askok haren eszena lanik garrantzitsuentzat jotzen dute. «Inork ez daki zergatik, baina orain arte ez da beste inoiz antzeztu edo berrikusi. Ohorea izan da niretzat sakontasunez ezagutu eta berriz ere eszenaratzeko aukera izatea. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak argi zuen ekitaldiak kontzertu formatua izan behar zuela; jatorrizko lan osoa sakon aztertu behar izan dut ekitaldi bakoitzeko zati adierazgarrienak aukeratu ahal izateko», esan zuen Oconek.

Libretoa Gregorio Martinez Sierrak sinatu zuen, baina gaiaren inguruko ikerketek frogatu dute testuen benetako egilea Maria Lejarraga izan zela, Martinez Sierraren emaztea, hain zuzen ere. La Llama ez da kasu bakarra, gainera: garai hartako obra askoren libretoak Lejarragak idatzi eta Martinez Sierrak sinatuak izan dira.

Usandizagak konposaturiko obrak euskal musikaren oihartzun batzuk ere badituen arren—Ipar Euskal Herriko musikarenak bereziki, Oconen hitzetan—, giro arabiarrean murgildutako obra da, Turkiako gerraren garaian kokatua baitago, eta Tamar eta Adrianen amodio istorioa kontatzen baitu.

Diskoa salgai dago hainbat dendatan, eta formatu digitalean ere bai. Salneurria 21 euro da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.