KRITIKA. Musika

Sumrraren kalitatea eta Mingusen ondarea

Clasijazz Big Band orkestraren emanaldia Mendizorrotzan, Gasteizko 48. Jazzaldian. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Clasijazz Big Band orkestraren emanaldia Mendizorrotzan, Gasteizko 48. Jazzaldian. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
2025eko uztailaren 18a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Sumrra eta Clasijazz Big Bang Orchestra

Lekua: Gasteizko Europa biltzar jauregia eta Mendizorrotza kiroldegia. Eguna: Uztailaren 16a.

Mikroa hartu du. «Zeozer ondo egin genuelakoan nago», esan du Xacobek, eta segidan gehitu: «Niño de Elchek ez bezala». Txantxetan aritu dira aurten Sumrra taldeko hiru kideak, iazko debutaren ondotik, Gasteizko aurtengo jaialdian. Oroimenean geratu da iazko Mendizorrotzako betekada izugarria eta Niño de Elche lagunduz oparitu zuten gau magikoa. Oraingo aukera bikain probestuz, beren benetako esentzia erakustera etorri dira, Sumrra 25 lelopean. Hain zuzen, beren mende laurdenaren urteurrentzat daukate bira hau.

Saioaren egitura erraza eta ondo azaldutakoa izan da: zazpi lan plazaratu dituzte urteoetan, eta bakoitzetik kanta bat aukeratu dute beren ibilbidea kronologikoki aurkezteko. Xacobe Martinez Anteloz gain (kontrabaxua), Lar Legido (bateria) eta Manuel Gutierrez (pianoa) dira bandako musikari eta lagunak. Aurten Mendizorrotza atzera utzi badute ere, eta gertuagoko esparru batean aritu diren arren, berdin-berdin atzeman da haien marka indartsua. Trioak, tarteka, Big Band bat dirudi, baina leun jokatzen duenean aritzen da goxoen; bateria solo bitxi bereizgarrietan, adibidez, naturalki integratzen dituzte ontziak, puxikak eta abarrak.

Zaila da haien ibilbidearen sintesia egitea, baina hirugarren laneko pieza berezia izan zen saioan: Believe in Train. Kontzertuan kontatu zuten beste istorio bat interesgarria izan zen oso, haien seigarren diskoaren ingurukoa. Bertan, abesti bakoitza emakume eta feminista baten omenez konposatu nahi izan zuten, bakoitza kontinente batekoa. Asiaren txandan, Qiu Jin aukeratu zuten —iraultzailea, idazlea eta feminista—. Kontua da Txinan lan hura aurkezten ari zirelarik adeitsuki eskatu zietela «beste pieza batzuk aukeratzeko». Kontuak kontu, beren lan berrieneko kantu bat aukeratu zuten arratsaldea amaitzeko, Periferia Universal izenekoa hain zuzen ere, zeina goraipatzeko beste titulu bat den, zalantzarik gabe.

Aurrera egin ahala, hunkituta mantentzen gaituen talde egonkor eta berritzailea dugu Sumrra, noizbait berriro gure artean izatea espero den horietakoa.

Bestalde, orkestra handi bat izan zen Mendizorrotzan. 30 musikari baino gehiago ditu Clasijazz Big Bang Orchestrak, eta, Maria Schneider Gasteizera etorri zenetik, ez zen halako jendetzarik ikusten agertokian. Saio berezi bat egiteko apustua egin zuen Ramon Cardok zuzendutako taldeak, espektatibaz beteriko gau batean. Charles Mingus free jazzeko konpositore joriak epitafio berezi bat utzi zuen idatzita. Teknikoki eta emozionalki zaila dela esan daiteke, baina Mendizorrotzako gaua aurrera atera zuten hala ere Clasijazz Big Bang orkestrakoek, une polit eta elkarrizketa sarrirekin. Hala ere, hainbeste musikari izanik, nolabait susmatu egin zen elkarrekin jotzeko une epiko askoren hutsuneak edo aukera galduak. Dena den, Mingusen oroimenezko ariketa atseginez jaso zen kiroldegian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.