Literatura

Surfa eta/edo borroka

Zarautzen sortu eta hazitako bi anaiaren ibilbideak nola gurutzatu eta bereizten diren kontatu du Haritz Larrañaga idazleak 'Olatuak sutzen direnean' eleberrian. Surfa hautatuko du bizimodutzat batak, eta borroka armatuan engaiatzea erabaki besteak.

Haritz Larrañaga idazlea, Zarautzen. GARI BERASALUZE / TXALAPARTA
Haritz Larrañaga idazlea, Zarautzen. GARI BERASALUZE / TXALAPARTA
Inigo Astiz
2025eko maiatzaren 20a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Abiapuntua oso antzekoa izanik ere, gizakion bizitzak nola bidebanatzen diren aztertu du Haritz Larrañaga idazleak bere lehen nobelan. Zarauzko (Gipuzkoa) auzo berean jaio eta hazitako bi anaia dira Olatuak sutzen direnean eleberriko protagonistak, Imanol eta Lizar; urtebete ingururen aldea baino ez dute, eta, horren ondorioz giro eta inguru bertsuetan ibili diren arren eta heziketa berdintsua jasota ere, bakoitzak bere norabide propioa hartuko du halako batean: batak surfa hautatuko du bizimodutzat, eta besteak, berriz, borroka armatua. Larrañaga: «Askotan, Euskal Herriaz kanpotik hitz egiten duen jendeak ulertu ezin dituen errealitateak bizi ditugu guk gure herrian, eta hori azaleratu nahi nuen. Horrelakoak asko baitaude hemen».

Trama bati segitu beharrean, bi pertsonaia horien nondik norakoei jarraitzen die liburuak. Bi anaien haurtzaroa eta gaztaroa kontatzen dituzte lehen atalek: elkarren ondoan pasatzen dute garai hori, Zarautzen. Nola bereizten diren irakur daiteke ondoren, eta, azkenean, berriz ere Zarautzen bat egiten dute bi anaiek.

«Euskal Herriaz kanpotik hitz egiten duen jendeak ulertu ezin dituen errealitateak bizi ditugu guk gure herrian, eta hori azaleratu nahi nuen»

HARITZ LARRAÑAGAIdazlea

Baina Imanolek eta Lizarrek ez ezik, testuinguru sozialak, politikoak eta historikoak ere protagonismo handia dute liburuan, eta kontakizunaren hasieratik geratzen da argi hori. Esate baterako, atentatu batean hildako herrikide baten hiletarekin hasten da liburua, eta, beraz, lehen esalditik beretik egiten du agerpena Euskal Herriko historia hurbilak. «Urteak behar izan zituzten Lizar eta Imanolek ulertzeko Martinen aurpegian ikusitako zuloak ez zirela zomorroak, baizik eta metraila zatien zauriak. Usteltzen doan heinean, hilotzak berarekin daramala denbora, eta kaxaren barruan estalita, Martinen aurpegian, ikus zitekeen gorputz atal bakan hartan, ez zirela zomorroak milaka zulotxo egiten ari. Batallón Vasco Españoleko mertzenarioek auto azpian jarritako lehergailuari eztanda eraginez hil zuten Martin Biarritzen, eta haren gorpua birrindua geratu zen. Hil-kapera bere amaren tabernan ezarri zuten».

Hurrengo orrietan bata bestearen atzetik azalduko dira hilketa politikoak, atentatuak, droga menpekotasuna, hiesa eta beste hamaika gai, baina, Larrañagak dioenez, pertsonaien ingurua «oso bortitza» izanik ere, anaien haurtzaroa «oso zoriontsua» da. «Haur horiek euren mundu ikuskera eraikitzen ari dira oraindik, eta pentsatzen dute gauza horiek guztiak horrela direla. Haur normalak dira, egoera anormal batean hazten direnak».

(ID_17447840358915) Olatuak sutzen direnean liburuaren azala Haritz Larrañaga

Euskal Herriaren iragan hurbilari buruz egiten diren kontakizun askok ezinegona sortzen diotela onartu du Larrañagak, eta, nolabait ere, hori ere badagoela eleberriaren abiapuntuan. «Gaur egungo betaurrekoak janzteko eskatzen digute iraganari begiratzeko, eta, gainera, ez gure betaurrekoak ere, baizik eta beste batzuenak, eta hori tranpa egitea da. Zuk benetan kontatzen baduzu edozein esperientzia, baita futbol partida bat ere, duela 40 urtekoa, errelatoaren batailan sartuko zara».

Edonola ere, kontakizun gordinekin batera, Larrañagak umore tanta batzuk ere txertatu ditu narrazioan. Esate baterako, hain justu ere horregatik, irakurleari irribarre bat piztuko dion pasarte batekin amaitzen du lehen atala, Martinen hiletari eskainitakoa. 

«Gaur egungo betaurrekoak janzteko eskatzen digute iraganari begiratzeko, eta, gainera, ez gure betaurrekoak ere, baizik eta beste batzuenak»

HARITZ LARRAÑAGAIdazlea

Idazleak adierazi du bere bizipen errealak eta ingurukoenak  baliatu dituela hasierako atalak idazteko abiapuntutzat, baina, liburuan zenbat eta aurrerago egin eta pertsonaiak sorterritik zenbat eta gehiago urrundu, orduan eta gehiago jo du fikziora. «Eta jada fikzioa bere gorenean eta urrunenean dagoenean, bat-batean errealitatea dator berriro, eta auzo berean amaitzen dute, berrogei urte geroago, berrogei urte gehiagorekin, eta horrek aukera ematen du sorterrian izan diren aldaketez-eta pixka bat hausnartu ahal izateko».

Surf antikomertziala

Surfak ere hartzen du liburuaren parte handi bat, eta kritiko mintzo da Larrañaga azken urteetan kirol eta bizimodu horrek hartu duen norabideaz ere. «Gaur egun, surfaren munduan badira youtuber batzuk, jendeak surfari buruz zenbat dakien neurtzeko markez eta izenez galdezka aritzen direnak, haientzat horiek baitira datu esanguratsuak. Ni saiatu naiz erakusten izen horien atzean zer dagoen, nolakoak diren, nolakoa den Hawaiiko kultura, nola egiten den olatuen analisia... Surfa gaur egun hain zabaldua badago eta hain komertziala bada ere, justu kontrakoa da niretzat».

Idazketa prozesuarekin «asko ikasi» eta «asko gozatu» duela dio Larrañagak. Baina, edonola ere, ez da Larrañagaren lehen liburua. 1994an, Hego Euskal Herriko lehen surf eskolan hasi zen lanean, 18 urte zituela, eta hango arduradun izan zen Mikel Troitiñorekin batera, harik eta eskola itxi zuten arte, 2016an. Bada, hain zuzen ere, surfari buruzko hainbat liburu eman ditu argitara aurrez Larrañagak. Troitiñorekin batera idatzi zituen Uhinekin jolasean (2008) eta Euskal Herriko surf gida (2013), eta Gara-n surfaren eta itsasoaren inguruko artikuluak ere idazten ditu Surflari ernegatua goitizenarekin. Zarauzko ametsen liburua eta Zarauzko amesgaiztoen liburua ere eman ditu argitara Larrañagak, eta Euskal Herriko historia hurbila da bien ardatza. Nolabait ere, fikzioaren bidez batu ditu orain bere ibilbideko bi hari horiek.  

Txalaparta argitaletxeak argitaratu du liburua, eta, kazetarien aurreko ohiko aurkezpen bat egin beharrean, Zarautzen bertan txango bat eginda aurkeztu dute lana. Izan ere, liburuan garrantzi berezia du Bermudetako triangelua edo Barrio txino izenez ezagutzen duten Zarauzko auzoak, eta idazleak auzo horretan bertan aurkeztu nahi izan du eleberria. «Zarautzek herri turistikoa eta polita dirudi, baina auzo horrek hankaz gora uzten du irudi hori, eta hor jaioak dira bi anaiak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.