Literatura

Surflariak, superheroiak eta bizitza

Izaro Arroitaren ‘Lina plastilina’ eta Xabier Mendigurenen ‘Nondik sortzen da haizea?’ nabarmendu ditu Imanol Mercero haur eta gazte literaturaren kritikariak 2023ko uztan. Guztira, 285 lan zenbatu ditu, gehienak haurrei zuzenduak.

SURFLARIA
Susana Martin eta Uxue Alberdi, 'Surflaria' komikiaren aurkezpenean. MAILEN ANDRES /FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko urtarrilaren 6a
05:05
Entzun

Azken urteetako antzeko kopuruetan egon da 2023ak haur eta gazte literaturan ekarritako uzta, Imanol Mercero BERRIAko kritikariak egindako zenbaketaren arabera. Guztira, 281 argitalpen zenbatu zituen 2022an, eta antzekoa da iazko emaria ere: 285 lan. Kuantitatiboki, beraz, lehenengo lepotik burua: «Aurreko urteetako kopuru berdintsuak dira, 300eko langara ezin iritsita zenbaketa orokorrean». Hala ere, kopuruen xehetasunei erreparatuz gero, badira nabarmendu beharreko datuak. Iaz, haur eta gazte literaturan argitaratutako 285 lanetatik, 75 jatorriz euskaraz onduak izan dira, eta kanpoko literaturatik ekarriak izan dira gainerako 210. Beste era batera esanda: iazko urteak emandako liburuen hiru laurdenak itzulpenak izan dira, eta laurden bat (%26), euskal egileek sinatutakoak.

Bada berresten ari den joera bat ere: haurrentzakoak izan dira lan gehienak (190), batez ere 6 eta 12 urte artekoentzat, eta urriak izan dira gazteentzakoak (22). «Gazte literaturak marjinala da oraindik ere», nabarmendu du Mercerok. Beste bi datu ere azpimarratu ditu. Batetik, hamabi urtetik gorakoentzat argitaratzen diren liburu gehienak eleberriak direla. Bestetik, euskal idazle oso gutxik sinatzen dituztela haurtxoentzako lanak: iaz argitaratutko 74 liburuetatik bost baino ez zituzten euskal egileek sinatu; gainerakoak itzulpenak izan ziren.

Iazko uztan, euskal egileek «unean uneko interesgune sozialen» alde egin zuten, argi, BERRIAko kritikariaren irudiko. Landutako gaietan islatu da gai sozialekiko joera hori, besteak beste, «mitologia, historia, baratzearen zaintza edota balioak» jorratu dituztelako. Aldiz, Mercerok nabarmendu du urriak izan direla «aisialdia, entretenimendua edo plazer estetiko hutsa» eskaintzen dituzten liburuak. Halaber, komiki oso gutxi argitaratu direla azpimarratu du: bederatzi lan baino ez.

Berrargiltapenei dagokienez, orotara 33 lan zenbatu ditu Mercerok, eta, horien artean, euskal idazleen obrak izan dira gehientsuenak (21), eta, itzulpenen atalean, berriz, «ezinbesteko obrak» nagusitu dira.

Euskal egileek ondutakoen eta atzerriko literaturatik ekarritakoen artean, ondorengo lan hauek nabarmendu ditu kritikariak:

2023. urtean nabarmendutako lanak

  • Lina plastilina: Istripu handia. Izaro Arroitia eta Josevisky. Elkar.
    «Mugagabeko fantasiara eramaten du irakurlea liburuxka honek, ia oharkabean, natural-natural, sekulako aukera narratiboak eskaintzen dituen superheroi berri honen bidez. Ilustrazioa ezinbesteko eragile narratiboa da, nahiz eta album ilustratua ez den, zeren protagonistak liburua bera baitu bizileku, fisikoki, esan nahi dut».
     
  • Surflaria.Uxue Alberdi eta Susana Martin. Ikastolen Elkartea
    «Gazteentzako zein helduentzako komiki honek intrigazko trama bat baliatzen du, bizitzeko molde berrietara egokitu nahi duten pertsonei erreferentzia egiteko. Hilotzik gabeko heriotza baten susmoek akuilatuta ari den protagonistari gurutzatu egiten zaizkio peskizak eta bere bizitza pertsonaleko hautuen ondorioak, eta txirikorda horretan espero ez duen bide berria zabalduko zaio».
     
  • Nondik sortzen da haizea? Xabier Mendiguren eta Mirari Sagarzazu. Elkar.
    «
    Bizitzaren hausnarketa osoa eskaintzen du ipuin ilustratu honek, erarik sotilenean. Haurtxo protagonistaren jakintza handitu egiten da adinean gora doalarik, tarteka ‘Nondik sortzen da haizea?’ galderan pausarazten den bitartean, eta zahartuz doalarik ahaztutako jakintzak errepasatzen ditu, joan-etorriko bidaia batean bezala, funtsezko galdera erantzuteke, amaierara iristen garelarik. Ilustrazioek errepikapen hutsa saihesten duen narrazio estetikoa osatu dute».
     
  • Gora gure alkate jakintsua!

    Txabi Arnal, Edu Zelaieta eta Belatz. Elkar


    «Absurdoaren umorea tresna nagusi gisa hartuta, kateamenduzko ipuina topatuko dugu, kritika sozialerako tartearekin, baita autokritikarena ere, bitartekari helduak mezua zein izan daitekeen hausnartuz gero».
     

  • Begi bat kokotean.Juan Kruz Igerabide eta Elena Odriozola. Ediciones Modernas el Embudo
    «Dena ongi egiten duela dirudien idazlearen eskutik, duela hirurogei urteko herri bateko kontakizunak plazaratu dira liburu honetan, haurtzaroko memoriak eskaintzen diren gisan idatzita. Idazleak bere bizipenak birgogoratuz idatzi ditu, baina, arreta harengan jarri ordez ,memoria ariketa unibertsal gisan irakurrita eskaintzen du obra honek bere baliorik gorena».
     

  • Bisita. Nuria Figueras eta Anna Font. Pamiela-Kalandraka


    «Album ilustratu honek bakardadean esperoan dagoen haurra (azerikumea) deskribatzen digu. Bitarte horietan izaten diren sentimenak argi erakusten zaizkigu, baina, berauen birformulazio fantastikoa eginez, haur irakurlearentzat ezerosoa izan daitekeen bizipena proposamen gozagarri bihurtuta. Lehen saria irabazi berri du Nazioarteko Album Irudidunen XVI. saria, 2023ari dagokiona».
     

  • Ile bat zopan: ipuintxo absurdo bat. Alex Noguero eta Guridi. Txalaparta


    «Izenburuak ongi abisatzen digu album honetan ipuintxo absurdo bat topatuko dugula. Umore mota markatua da absurdoa, muturrekoa, eta jakina da hainbatek ez dutela jasaten. Maite dutenentzat, ordea, album hau opari bat da. Osagai guztiak daude irakurleak goza dezan; marrazkera eta gidoia (batik bat gidoia) garbiak dira, lerro finak hondo zuri baten gainean, eta ezerezetik sekulako festa antolatzea lortzen dute».

 

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.