Musika

Sustraietara bueltatu da Flea

Red Hot Chili Peppers taldeko baxu joleak bakarkako lehen diskoa kaleratu du, 'Honora', tronpeta eta jazza oinarri hartuta. Musikariaren ibilbidean «mugarri» da lan berria, «barne bidaia baten emaitza». Tronpetan topatu du emozioak adierazteko era.

Flea musikaria. ALAMY
Flea musikaria. ALAMY
edurne begiristain
2026ko maiatzaren 10a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Michael Peter Balzary Flea musikaria (Melbourne, Australia, 1962) ume zela hurbildu zen jazz musikara. Acid for the Children autobiografian kontatzen duenez, aitaordearekin —jazzaren zale eta musikari amorratua zen hura— ezagutu zituen inprobisazioaren legeak, erritmoaren malgutasuna eta doinuaren adierazkortasuna. Gainera, gurasoen lagunek jam session-ak egiten zituzten etxean, eta giro hartan deskubritu zuen jazza «basatia, beroa eta askea» zela.

Tronpeta izan zen Flearen lehen musika tresna, eta, haren bidez, musikaren hizkuntza barneratzen hasi zen. Jazzaren hiru izen handi  izan zituen erreferente: Miles Davis, Dizzy Gillespie eta Clifford Brown. Haien soinua inspirazio iturri soila baino askoz gehiago izan zen musikariarentzat: goi mailako adierazpen artistikoa, «beste maila bateko zerbait», biografian jasota dagoenez.

Nerabezaroan, ordea, norabidea aldatu zuen. Los Angeleseko punk eszena bizian murgilduta eta Hillel Slovak lagunak eraginda, baxua jotzen hasi zen. Erabaki hark errotik moldatu zuen Flearen ibilbidea. Jazzaren oinarri tekniko eta sentikorra punkaren energia gordinekin uztartuta, estilo propioa garatu zuen, gerora Red Hot Chili Peppers taldearen nortasunaren zutabea izango zen hura. Halaxe bilakatu zen Flea bere belaunaldiko baxu jotzaile eraginkor eta berezienetako bat.

Baina taldearekin lortutako arrakastak ez du sekula estali Fleak tronpetarekin eta jazzarekin duen lotura emozionala. Urte luzez albo batera utzita izan ondoren, musika tresna hori berreskuratu zuen duela urte batzuk, jatorrira itzultzeko beharrak eramanda akaso. 60 urte bete berritan, erronka bota zion bere buruari: hasierara itzuli nahi zuen, tronpetara. Hasiberri baten gisara heldu zion jotzeari atzera, eta bide horretan ezinbesteko izan zen Rickey Washingtonekin izandako harremana. Haren gidaritzapean, Fleak tronpetaren oinarriak berrikasi zituen, eta musikaren ulermen sakonagoa garatu. 

Barne diziplina horren emaitza da Honora, bere bakarkako lehen diskoa —2012an Helen Burns EPa ere kaleratu zuen—. Martxoaren hondarrean argitaratu zuen, eta musikariaren norabide aldaketa argiki islatzen du lanak, jazzaren eraginpean ondutakoa delako batez ere. «Ez da rocka, ez da jazza; musika da», zehaztu du John Lurie musikari eta Flearen aspaldiko lagunak.

Azken hilabeteetan eman dituen elkarrizketetan, Fleak argi utzi du Honora mugarri bat dela bere ibilbidean; musika bainoago, «barne bidaia» baten emaitza dela. Aitortu du ez duela jazza menperatu nahi, ezta bere burua musika estilo horretako maisu gisa aurkeztu ere. Bestelakoa da haren bulkada, eta tronpetak eman dio emozioak beste modu batean adierazteko modua.

«Batzuetan, hitzik gabe esaten ahal duzu egia», azpimarratu du. Lan berrian, ematen du horixe dela helburua: hitzak sobran dauden tokian, soinua dago. Horrekin lotuta, musikariak maiz aipatzen du arnasa. Tronpeta jotzeko, berez, arnasketa kontrolatu behar da, eta Fleak «egiazkotasunarekin» lotzen du hori: «Ezin duzu gezurrezko ezer jo arnasa erabiliz gero». 

Bertsioak eta kolaborazioak

Diskoaren izenburuak badu atzean istorio pertsonal bat: Honora emaztearen amari egindako keinu bat da, eta haren gaztetako irudi bat ageri da azalean. Musikariak aitortu du amaginarrebaren istorioak —migrantea zen— eragin zuzena izan zuela lanaren kutsu emozionalean. Eta barru-barruko kutsu horrek zeharkatzen du Honora. Intimoa eta emozionala baita lana, nahiz eta, egiazki, ez den estilo bakar baten barruan kabitzen. Pieza alaiak eta lasaiak ditu, baina baita eklektikoak ere. Tronpeta da denetan erdigune; batzuetan ahotsen itzal, besteetan hari melodiko nagusi.

Tronpetak «ahultasunetik abiatuz jotzera» behartzen duela esan izan du musikariak, eta horrek, hain zuzen, lortu nahi zuen soinu zintzoago hori ematen diola lan berriari. Inprobisazioa ere funtsezkoa izan da prozesuan; abestietako asko momentuan sortutako ideietatik abiatu dira, eta gerora landuz hartu dute forma.

Hamar kanta biltzen dira lanean, eta Fleak ahotsa, baxua eta tronpeta uztartzen ditu. Badira berak sortutako kantak, baina baita beste artista batzuen piezen bertsioak ere, hala nola Funkadelic taldearen Maggot Brain, Glen Campbellen Wichita Lineman eta Frank Oceanen Thinkin Bout You. Fleak azaldu duenez, haren asmoa ez da izan ohiko bertsioak egitea; kontrara: helburua izan du kantu horiek bere bizipenetatik iragatea, eta «berrasmatzea».

Musikariak konposatutako kantuei dagokienez, A Plea da haren konpromiso politikoaren islarik argiena —gerren aurka eta bakearen alde  altxatzen du ahotsa—; diskoari jazz atmosfera erabatekoa ematen dio Frailed hamar minutuko kanta pausatu eta finduak, eta eremu elektronikora eta esperimentalera jauzi egiten du Willow Weep for Me piezak.

Lagun musikari ugariz inguratu da Flea Honora ontzeko. Jazz eszenako hainbat musikarik parte hartu dute diskoan, hala nola Josh Johnsonek (saxoa eta ekoizpena), Jeff Parkerrek (gitarra), Anna Butterssek (kontrabaxua) eta Deantoni Parksek (bateria). Eta beste hainbat artistak ere kolaboratu dute, tartean John Frusciantek eta Nick Cavek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA