Swing, jazz, tango, flamenko, pop eta Kubako doinuak nahastuko ditu gaur EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Gasteizko Principal antzokian, Swing Gaua emanaldian. Musika klasikotik kanpoko errepertorioa lantzeko KlasikAt zikloaren barruan eskainiko du kontzertua, eta Donostiako Kursaalean astelehenean, Bilboko Campos antzokian asteartean eta Iruñeko Baluarten asteazkenean errepikatuko dute.
Enrique Ugarteren zuzendaritzapean, beste hainbat musikarirekin batera ariko dira orkestrako kideak taula gainean. Golden Apple Quartet, Iñaki Salvador Trio eta Susana Raya kantari espainiarra ariko dira orkestrako musikariekin estiloen fusio horretan. George Gershwin konpositore estatubatuarrak sortutako hainbat abesti ezagun —Somebody Loves Me eta They Can't Take It Away From Me—entseatzen aritu ziren atzo goizean, Rayaren ahotsak gidatuta, eta Oh Happy Day kanta lantzen aritu ziren Golden Apple Quarteteko lau lagunak, besteak beste. Orotara, hamalau pieza interpretatuko dituzte; aipatutakoez gain, Gershwinen beste zenbait lan, Astor Piazzollaren Libertango eta Oblivion, Cole Porterren Nigth and Day, Chick Corearen La Fiesta eta Rosendo Ruiz Quevedoren Rico Vacilón joko dituzte, besteak beste. Bitxikeria gisa,O Pello Pello kantuaren moldaketa bat ere interpretatuko dute, Mikel Laboaren omenez.
Nahitaez ikusi beharreko ikuskizuna izango dela adierazi zuten musikariek atzo, entseguaren atsedenaldian. Ugarteren esanetan, askotariko estiloak ez ezik, musika pentsamolde eta ibilbide ezberdinak uztartuko dituzte, eta zaila izango da halakorik berriro errepikatzea. Halako ariketa bat egitearen aberastasuna nabarmendu zuten guztiek. Kontzertu guztiak 20:00etan hasiko dira. Sarrerak 15 euroan daude salgai.
Swing doinuak EOSen eskutik
Golden Apple Quartet, Iñaki Salvador Trio eta Susana Raya ariko dira orkestrarekin, KlasikAt zikloko lau emanalditan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu