«Gipsy kutsua duen euskaraz egindako swinga». Halaxe definitu du Jokin Vitoriak (Arrasate, Gipuzkoa, 1986) Erromintxelak taldearen musika estiloa. Bertako bateria jotzailea da, eta washboard izeneko instrumentua ere jotzen du, koruak egiteaz gain. Washboard-a, agian, zenbaiti ez zaie ezaguna egingo. Euskarara itzulita, garbitzeko taula esan nahi du. «Antzina erabiltzen zuten, arropa garbitzeko. Hemen ez da ohiko instrumentua, baina AEBetan gehiago ikusten da», argitu du taldekideak.
Nork erran eni lehen lan luzea argitaratu du Arrasateko seikoteak: zuzeneko baten moduan grabatutako diskoa. Vitoriaren ustez, hori da taldearen «bereizgarria»: «Diskoa modu horretan grabatzeak baditu bere zailtasunak. Esaterako, taldekide guztion koloreak eta ezberdintasunak batzea ez da lan erraza izan. Edonola ere, uste dugu musikari freskotasuna eta bat-batekotasuna ematen diola». Zailtasunak zailtasun, ez da lehen aldia abestiak zuzenean grabatzen dituztela; izan ere, 2023an argitaratu zuten lehen lana ere modu berean grabatu zuten.
Swinga da haien estiloa, eta aski ongi islatu dute hori diskoan; zortzi kantek osatu dute: Nork erran eni, Ituntasun, Oies errondan dabil, Erabaki, Gehienetan urrun, Zapping zalearena, Heriotzaren andere eta Esperoan. Hainbat artistarekin batera ondu dituzte abesti horiek guztiak. Kantuz kantu behatuta, Nork erran eni, esaterako, Jon Mirande idazlearen hitzekin sortu dute, eta Irati Bilbao jazz abeslariak jarri dio ahotsa. Ituntasun kanta sortzeko ere Miranderen hitzak erabili dituzte. Bestetik, Erabaki piezak Pako Aristiren hitzak ditu; eta Neomak taldeko Leire Etxezarretak jarri dio ahotsa Gehienetan urrun kantari. Esperoan abestia idazteko orduan, berriz, Martin Bidaurreren poema batean inspiratu dira.
«Uste dugu diskoa zuzenean grabatzeak musikari freskotasuna eta bat-batekotasuna ematen diola»
JOKIN VITORIA Musikaria
Artista horien guztien aukeraketa «naturala» izan dela adierazi du Vitoriak. «Poemak aukeratzeko orduan, guretzat gai interesgarriak zirenak edo gustuko genituenak aukeratu ditugu»; hala ere, gaineratu du batzuetan «zaila» dela horiek musikara eramatea. Ahotsei dagokienez, Bilbao eta Etxezarreta gertukoak dituzte kideek, eta zera azpimarratu nahi izan du bateria joleak: «Emakumeen presentzia garrantzitsua dela uste dugu». Biak ala biak swing estiloan eroso ikusi dituzte, azken finean honako hau baita haien helburua: «Swinga eta euskara zabaldu nahi ditugu, eta euskal kulturan lekutxo bat izan».
Taldea sei musikarik osatzen dute: Jon Garcia (ahotsa eta gitarra), Iñigo Zubizarreta (gitarra), Jokin Vitoria (bateria eta washboard-a), Aitor Moreno (kontrabaxua), Daniel Apodaka (biolina) eta Andoni Aizpuru (saxofoia). Kide bakoitza estilo ezberdinetan aritua zen taldean sartu zenean —rockean, esaterako—. Vitoriak berak ere ez daki oso ondo nola amaitu zuen taldeko kide izaten: «Nork esango zidan niri musika mota hau egiten amaituko nuela». Esparru ezberdinetatik datozen arren, badago batzen dituen zerbait: «Askok jazz ikasketak ditugu». Musika estilo hori «askotarikoa» dela adierazi du, eta beren eremura ekarri dutela: «Ehun urte baino gehiago ditu, eta askotariko estiloak daude barruan. Gure hautua izan da swing klasikoa edo dantzagarriena aukeratzea». Hala ere, aitortu du «naturalki» gertatutako zerbait izan den arren ikasketek zerikusia izan dutela.
Swinga Euskal Herrian
Batzuek jakingo dute zer diren erromintxelak. Beste batzuek, agian, ez. Horientzat, hona hemen Vitoriaren azalpen labur bat: «Dakigunez, erromintxelak euskal ijitoen etnia bat dira, eta erromintxela haien hizkuntza da: erromania eta euskara nahasten dituena». Adierazi du haiek «nahasketa bat» egin nahi izan dutela, «nondik gatozen erakusteko, swing ijitoa ezagutarazteko, eta euskaldunak garela erreibindikatzeko». Gehitu du erromintxelei ere omenaldi bat egin nahi izan dietela.
Bestalde, Euskal Herriko hainbat pertsonaia nabarmendu nahi izan ditu: «Gipsy swingaren erregea Django Reinhardt da, baina Mikel Laboa Louis Armstrong bezain garrantzitsua da, eta Lourdes Iriondo ere Billie Holiday bezain garrantzitsua da guretzat». Azaldu du hor dagoela esandako guztiaren nahasketa: swingarena, gipsy-arena eta euskararena.
Jada hainbat oholtzatan aurkeztu dute azken lana, eta horietara guztietara «jolastera» irteten direla aitortu du kideak: «Guretzat oso garrantzitsua da guk ondo pasatzea, publikoak ere ondo pasatzeko». Igandean emango dute hurrengo kontzertua, Bilboko BBK Salan. Otsailaren 18an, berriz, Donostiako Kutxa Kultur Klubean (Tabakalera) egongo dira, Jazzaldiko tokiko taldeen hautaketa prozesuko kontzertuetako batean, arratsaldeko zortzietan.