Donostiako Tabakalera eraikineko obrak bukatu artean, zentroaren «bihotza» Artelekun abiatuko zutela azaldu zuten proiektua sustatzen duten erakundeek. Elkarlana oinarri hartuta, bien jarduerak Arteleku-Tabakalera sorkuntza zentroan batu dituzte, eta datozen sei hilabeteotarako programa osatu dute. Funtsean, Artelekuren orain arteko jarduerei eutsiko zaie, eta Tabakalerak proposatutako hainbat ekitaldirekin osatuko dute programazioa.
Artelekuko sortzaileek, erabiltzaileek eta koordinatzaileek elkarren artean euren jakintza eta esperientziak trukatzeko egindako lanaren ondorio da programa, prentsa ohar baten bidez jakitera eman dutenez. Elkarlan horren erakusgarri da Maureen Selwood animaziogileak zuzenduko duen The Elephant in the Room tailerra; Mugimenduzko Irudien Laborategia eta Soinu Laborategia elkarrekin ariko dira, eta hainbat diziplinatako artistek parte hartu ahalko dute. Isabel Herguerak zuzentzen duen laborategiak Galtzagorri elkartearekin jardungo du, halaber, azken honek antolatutako ilustrazio tailerrean.
Iaz egin bezala, MAPA kolektiboak zinema eta ikus-entzunezkoen egoerari buruzko jardunaldiak antolatu ditu. Mugatxoan proiektukoek, berriz, d-escampado. Agitar los espacios intermedios egitasmoan, Europako hainbat hiritan tailerrak, aurkezpenak eta egonaldiak egingo dituzte. Audiolab elkarteak, berriz, iazko esperientzia errepikatu eta inguruko zentro okupazionaletako kideekin tailerra egingo du.
«Definizio prozesu irekia»
Tabakalerak, berriz, zentroak eskaintzen dituen zerbitzuen inguruan hausnarketa bultzatzeko lan taldeak osatuko ditu. Lan talde egonkorra sortu nahi du egungo egoera aztertu eta erabilera espazioen «definizio berria» egiteko. «Definizio prozesu ireki bat martxan jartzea» da xedea.
Halaber, Marcel.li Antunezekin batera antolatutako Sistematurgias tailerraz gain, beste hainbat erakunderekin elkarlanean hainbat jarduera egingo ditu Tabakalerak.
Tabakaleraren ekitaldiekin osatuko dute Artelekuren programa
Arteleku-Tabakalera sorkuntza zentroa da bien jardueren batuketa, eta iraila bitarteko egitaraua aurkeztu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu