Iban Zaldua.
Elefanteen zimiterioa

Talde 'dantzaridunen' hiru disko

2025eko azaroaren 2a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dantza eta rocka aspaldi daude lotuta: 1950eko hamarraldian abiatu zen generoak gorputza astintzea zuen helburu, edo helburuetako bat, behintzat. Eta, alde horretatik, artistak eurak eszenatokian dantzan-edo aritzea kasik betebehar bat izan da, Chuck Berryren ahate-pauso edo Elvis Presleyren gerri-mugimendu fundazionalek argi uzten zuten bezala. Musikariek eta kantariek, hitzarmen isil baten arabera, jotako doinuen erritmoan (gutxienez) mugitzeko betebeharra dutela ematen du, hainbeste ezen, kasik probokazio gisa, alderantzizkoa kontzienteki egiten dutenen ahaleginak ez baitira oharkabean pasatzen —pentsa dezagun, adibidez, azpigenero oso bati izendapena eman zion shoegaze kontzeptuan, zapatei begira burua makurtuta jotzen zuten talde horietan guztietan, edo Los Punsetes talde madrildarraren Ariadna Paniagua kantariaren hieratikotasun zurrunean—. Kontrako muturrean, noski, dantza beren espektakuluaren erdigune bihurtu duten kantari guztiak egongo lirateke, hainbesteraino batzuetan ezen zuzenean kantatzen duten ala ez zalantzan jarri baita maiz —hainbat boyband-en eta girlband-en izenen aldeko (edo kontrako) apustu egin daiteke hemen, hiperpopeko izar solista ez gutxirenekin batera…—. Baina gaurkoan ez naiz horietaz arituko, baizik eta kasu ez horren ohiko batez: beren partaide gisa, musika tresnarik jo edo kantatu GABE ere, dantzan aritzen den kide bat edo gehiago aitortzen duten taldeez —ohiko formazioaren parte direnez alegia—. Erakusgarri gisa aukeratu ditudan diskoetako taldeez gain beste batzuk etorri zaizkit burura: La Orquesta Mondragon eta Popotxo —nahiz eta egiazki gorputza astintzera baino antzerki-zeregin gehiagori ekiten zion— Frankie Goes To Hollywood eta Paul Rutherford —batzuetan teklatuetan aritzen omen bazen ere: omen hori azpimarratzen dut—, The Brian Jonestown Massacre eta Joel Gion —ados, pandereta jotzen du, edo jotzen duela dirudi, baina ez nuke esango bere funtzio nagusia denik…—. Agian zuri, irakurle, bat edo bat gehiago etorriko zaizu burura …

HAWKwIND

'Space Ritual'
United Artists, 1973.

Hawkwind / 'Space Ritual'

 

Egia da Hawkwind talde bitxia dela, are showei dantza-espektakulu bat erantsi baino lehenago: Michael Moorcock-ek, zientzia-fikzio eta fantasia idazleak, letrak eta testuak egiten zizkien, eta kontzertuetan errezitatzen zituzten, argi koloretsuen eta proiekzio urtsuen artean. Hawkwind, talde bat baino gehiago, komuna hippy-anarkista bat zen, Dave Brock gitarristaren inguruan formazio aldaketa etengabeekin aritu eta psikodeliaren garaian abiatu zena, blues-rock alteratu bat oinarri hartuta, space rock delakora eboluzionatzeko: drone infinituak, astindu sonikoak, bidaia kosmikoak. Azidoz jarrita jotzen zuten, azidoz jarritako audientzientzako. Bada, halako batean, 1971n, entzule horietako bat, Stacia Blake, eszenatokira igo, biluztu, eta dantza-saio bat egiten hasi zen: bandaren partaide izan zen handik aurrera, bere body painting-ekin eta mugimendu aurreikusezinekin, 1975era arte, hots, taldearen urte loriatsuenetan. Nik Stacia kide izan zuten garaiko disko guztiak dauzkat eta ez nuke jakingo zein aukeratu, beraz zuzeneko bikoitz ikaragarri honen alde egingo dut, ondo laburbiltzen duelako taldearen performancerako sena, eta baita iluntasuna ere: hippyak eta antisistema ziren, baina oso zentzu malrollero-an; ez da harritzekoa Lemmy Kilmister haiekin hain gustura egotea. Lemmyk, ordea, ez zuen kideen LSDrako zaletasuna konpartitzen, speed-a zen baxu jolearen kaka, eta zaila da bi droga horren diferente ondo uztartzea talde berean: 1974an despeditu zuten, malamentean —eta eskerrak, horren ondorioz sortu baitzuen Motörhead, Hawkwindentzat konposatu zuen kanta baten izenburutik hain zuzen—. Staciak ez zuen askoz ere gehiago iraun: jendea botatzearen eta ordeztearen oso aldekoak ziren taldean, bistan denez.

HAPPY MONDAYS

'Pills 'n' Thrills and Bellyaches'
Factory Records, 1990.

Happy Mondays / 'Pills 'n' Thrills and Bellyaches'

 

Hawkwindek, finean, art rock-a egiten zuen, eta dantzari gehiago eta are mimoren bat ere erabili zuen bere karrera luzean zehar; Staciak berak, taldea utzi ostean, arte munduari lotuta jarraitu zuen. Mark Berry alias Bez-en harremana Happy Mondaysekin zailagoa da esplikatzen. Bai, noizean behin maraka batzuk hartu eta maneiatzen dituela ematen du, baina bere rola eszenatokian eta bideotan modu ez bereziki harmonikoan mugitzean datza, nagusiki. Eta, hala ere, pentsaezina da Happy Mondays taldea bera gabe. Neurri batean, Madchester mobida izan zenaren sintesi perfektua gauzatu zuten: sixties erroko psikodelia 80ko hamarraldiko dantzarako musika elektronikoarekin, Ingalaterra iparraldeko desindustrializazioaren ondorio sozialekin eta rave-etan gorpuztutako hedonismo umoretsu oso britainiar batekin gurutzatu zen unea, hain zuzen, batzuek Thatcherren garaiko neoliberalismoaren aurreko erantzun sozial-musikaltzat hartu zutena. Shaun eta Paul Ryder anaiek zuzentzen zuten taldea, eta rara avis bat baziren ere 1987an, lehen album gorabeheratsua kaleratu zutenean, Zeitgeist-arekin bat egin zuten berehala (batez ere Madchester Rave On EParekin, 1989an), eta gailurrera iritsi hurrengo urteko album gozagarri, askotariko eta dantzagarri honekin. Handik aurrera, ordea, gainbehera geldiezina izan zen, drogengatik noski, heroina ez delako akaso talde baten determinazioa mantentzeko LSDa edo speed-a bezain kaka ona (M. Winterbottom-en 24 Hour Party People filmak ederki erakusten duen bezala, 2002), eta ez ziren gai izan LP honen maila berdintzeko, ez Happy Mondays gisa, ezta Shaunek sortutako hurrengo proiektuarekin, Black Grape-rekin, zeinera, nola ez, Bezek segitu baitzion bere dantzekin-edo.

THE BLUE AEROPLANES

'Beatsongs'
Ensign Records, 1991.

The Blue Aeroplanes / 'Beatsongs'

 

Goizegi iristea, oro har, okerragoa da berandu ibiltzea baino: nik susmoa dut Bristoleko The Blue Aeroplanes taldekoek album hau soilik lauzpabost urte geroago argitaratu izan balute, Britpop-aren eklosio betean, beste kuku batek joko ziekeela: azken finean, Pulp edo James taldeei horixe gertatu zitzaien, 80ko hamarraldiaren lehen erdialdetik zebiltzan martxan, baina timing-arekin asmatu zuten halako batean —bestalde, Bristol, trip-hoparen sukarrak hartuta, ez zen agian Britpop arorako eszenatoki onena izan—. The Blue Aeroplanesek post-punk eiteko indie nahiko ertzduna erakutsi zuten lehen disko otxentero haietan, baina gitarretan oinarritutako pop-rock eraginkor baterantz eboluzionatu zuten denborarekin, LP honetan, haien arrakastatsuenean, erakutsi zuten bezala: bertan hiru gitarrista elkartzera iritsi ziren —formazio aldaketa dezenteko taldea izan zen hau ere—. Hori bai, gauza bat aldagabe mantendu zuten beti, Gerard Langley taldeko kantariaz gain: Wojtek Dmochowski dantzariaren parte hartzea, disko guztietan aitortzen dutena eta beti laguntzen diena, hala bideoetan nola zuzenekoetan. Dantza gutxienez garaikidean ondo hezita dirudien interprete bat da hemen taldearen musikarekin batera aritzen dena, bere presentzia energetiko eta mugimendu elaboratuekin; kantariak kazetari zuhurtziagabe bati musika-aldizkari batean erantzun zion bezala, Dmochowski Bez gogorarazten ziola bota ziolarik: «Stacia Hawkwindekin, Chas Smash Madness-ekin edo Gerard Malanga The Velvet Underground-ekin: horiek konparazio onargarriak irudituko litzaizkidake, baina inondik ere ez Bezekin». Zorte gehiago merezi zuen banda bat, edonola ere, oraindik ere noizean behin agerpenak egiten dituena, bigarren edo hirugarren mailako zirkuitu britainiar beti jorian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.