Taldekako bertso ekitaldi bat sortu da Nafarroan, «bertze aukera bat» emateko asmoz

Parte hartzea areagotzea eta «bertso kolektiboa indartzea» da Bardoak 2012 proiektu abiatu berriaren helburua

Gontzal Agote eta Lorea Arburua, Bardoak 2102ren kartelaren aurrean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
Iruñea
2012ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Urteroko banakako txapelketan etenaldi bat egitea eta taldekako bertso ekimen bat martxan jartzea erabaki du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Ez da bat-bateko erabakia, azken urteetan eginiko hausnarketaren ondorio baizik. Horren arabera, Nafarroako Bertsolari Txapelketa bi urtetik behin eginen da hemendik aurrera, baina hori osatu nahi du elkarteak, eta hartara dator Bardoak 2012 taldekako bertso ekimena. Horren bitartez, «bertze aukera bat» eskaini nahi dute, «helduen bertso eskolak harrotzeko» —herrialdean «geroz eta ugariagoak» dira horiek—, eta orokorrean «bertsolaritzako kolektibo guztia indartzeko», izan gai-jartzaile, epaile edo antolatzaile. Hala adierazi dute Gontzal Agote eta Lorea Arburua Nafarroako Bertsozale Elkarteko kideek, atzo Iruñean eginiko aurkezpenean.

Agotek adierazi duenez, orain arteko formatuak —banakako txapelketak— «ez zuen parte hartzeko erraztasunik ematen». Hala, «hain lehiakorra ez den proiektu berritzaile bat» jarri nahi izan dute martxan. Ostiralean hasiko da ofizialki, nahiz eta lehenbiziko saioa jokatua den dagoeneko, bertsolarien «agenda kontuak» direla eta.

17 talde, 51 bertsolari, 24 saio

Proiektu berriak Nafarroako bertso sarea osatzen dutenen parte hartzea areagotu du. Agoteren ustez, «ikusgarria» da taldekako ekimenean parte hartuko duten parte hartzaileen kopurua. Izan ere, 17 talde arituko dira lehian, eta 51 bertsolariosotara. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, orain arteko banakako txapelketetan 25 bat bertsolarik parte hartu izan dute. Hala, kopurua bikoiztu izana nabarmendu dute. Hiru bertsolarik eta gai-jartzaile zein ordezkari banak —hainbat taldetan bat baino gehiago dira—osatzen dute talde bakoitza; hortaz,100 inguru izanen dira parte hartzaileak osotara.

Antolatzaileek hiruna taldeko bost multzotan eta bi taldeko multzo batean antolatu dituzte parte hartzaileak. Lehenbiziko fasean, bi saio jokatuko ditu talde bakoitzak. Multzo bakoitzeko irabazleek jokatuko dituzte finalaurrekoak, hiru guztira, joan-itzuliko saioetan. Hala, hiru talde pasatuko dira finalera. Leitzan jokatuko da hori, martxoaren 31n, eta finala izateaz gain, «bertsolaritzaren eta euskal kulturaren jai handia» egiteko baliatu nahi dute antolatzaileek eguna.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak «lehiakortasun kutsua kendu» nahi izan dio proiektuari. Alde horretatik, «elkarte giroko saioak» antolatu ditu herriz herri, «hurbileko» eskaintza egin nahian. Era berean, «ohiko epaitze sistemarik» ez dela izanen aurreratu dute antolatzaileek. Hala, beste multzo bateko talde bateko bi kidek zein publikoko hainbat lagunek epaituko dituzte saioak.

Era horretan, talde lana sustatu nahi dute Bardoak 2012 ekimenean. Horregatik, talde bakoitzaren zeregina ez da kantatzea bakarrik izanen. Hortik harago, «etxeko saioa prestatu eta aurkeztu» beharko dute parte hartzaileek, beste saio bat epaitzeaz gain. «Bertsolaritzaren arlo guztiak lantzeko» helburuarekin bat dator erabakia.

@Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.bardoak.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.