Tamaina txikiko obra handiak

Donostiako Ekain arte galerian daude Ramon Ruiz Cabestanyren buztinezko eta portzelanazko lanak

Ramon Ruiz Cabestanyren portzelanazko eskulturak dira bildumaren berritasuna. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2014ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Perspektibarekin jolasten dute Ramon Ruiz Cabestany (Donostia. 1960) eskultorearen pieza txikiek. Eskuekin moldatu eta eraikitako obrak dira; orain arte buztina izan da Ruiz Cabestanyren material kuttunena, baina duela gutxi portzelanarekin lanean hasi da. Eskultorearentzat erronka izan da material berria menderatzea, portzelana buztina baino bihurriagoa delako. Berritasun gehiago ere badute eskultorearen portzelanazko piezek; ohiko pertsonaia bakarraren ordez, izaki ugari bildu ditu sortutako espazio berrietan, eta ohiko eraikin sendoen ordez, egitura fin eta malguak sortu ditu. Bi materialekin osatutako 40 piezako bilduma ikusgai izango da Donostiako Ekain arte galerian, ekainaren 21a arte.

Tamaina txikiko eskulturak izan arren, bertan sortutako eraikin geometrikoek handitasun irudia ematen dute. Guztietan ikus daiteke izaki bat, eraikinarekin interakzioan: «Oso gustura sentitzen naiz tamaina honetako piezak sortzen, askatasun handia eskaintzen dutelako ondoren edozein tokitan ipintzeko eta batetik bestera mugitzeko». Argazkilaritzarekin joko handia ematen dute Ruiz Cabestanyren piezek, eta horretarako bereziki sortuko ditu hainbat pieza, maketen antzera erabiliak izateko helburuarekin: «Erabili dudan portzelana zeharrargitsua da, eta horrek argi eta itzalen arteko joko polita egitea ahalbidetzen du argazkilaritzarekin. Nire eskulturetako izakiak beraientzat handiak diren eraikinekin harremanetan daude, perspektibaren ironia txikia da».

Ekainen hirugarrengoz egin du erakusketa bat eskultoreak, eta, orain arte, buztinarekin lan egin du. Erabiltzen duen buztina kolore gabekoa da, ia zuria, baina labean laranja eta hori koloreak ematen dizkio batzuetan, hondarraren itxura hartuz. «Buztina oso material moldagarria da, eta aukera handia ematen du, bai koloreekin, bai formarekin ere. Beharbada, aukera handiegia eskaintzen du, eta horregatik saiatu naiz portzelanarekin lan egiten; buztina otzana eta librea da; portzelanarekin, berriz, oraindik asko daukat ikasteko».

Inprobisazioaren erronka

Buztinarekin batera, material berriekin lan egiteko asmoarekin animatu da portzelana lantzera, eta emaitzarekin pozik dago eskultorea. «Hasieran, gauza berriak egiteko gogoa sartu zitzaidan; beti gehitzen dudan pertsonaia kentzekotan ere egon nintzen. Baina oraindik ez dut lortu izakiek transmititzen duten emozioa objektuekin transmititzea». Eskulturek istorio txikiak kontatzen dituzte, Ruiz Cabestanyren esanetan, baina ez daki hitzekin deskribatzen eskuekin sortzen dituen egoera horiek: «Nire izateko modua bezala, agertoki txikiak eta sinpleak dira nire obrak, ez dute azalpen handirik behar». Buztinarekin egindako lanek badute aurretik egindako hausnarketa, baina portzelanazko lanekin inprobisatzera animatu da: «Egin ahala sortutakoari istorio bat eman diot, lehen aldiz, aurretik beti pentsatu baitut zer zen egin behar nuena. Ez da erraza izan, baina emaitza oso interesgarria dela iruditzen zait». Bere eskulturak herri bateko plazan egoteko modukoak diren arren, tamaina txikiko piezak egiten jarraitzeko asmoa du. «Eskultura publikoek zentzu bat eduki behar dute, eta nik lan librearekin gozatzen dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.