Teddy Bautistak SGAEko lehendakari kargua utzi du

Kudeaketaz eta barne ikerketaz arduratuko den batzordea sortu dute, lehendakaria izendatu gabe oraindik

Agentziak
Madril
2011ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Teddy Bautista SGAE elkarteko Zuzendaritza Kontseiluko lehendakariak kargua utzi zuen atzo, eta Zuzendaritza Kontseiluak elkartearen kudeaketaz eta barne ikerketaz arduratuko den batzordea sortu zuen, batzorde horren lehendakaria zein izango den esan gabe. Batzordearen lehendakari kargua elkartetik kanpoko pertsona «independente» batek hartuko duela berretsi zuen Sabino Mendez SGAEren Zuzendaritza Kontseiluko kideak.

Kudeaketa batzordea Ernesto Caballero antzerki idazleak, Alvaro de Torres musika editoreak, Imanol Uribe zinemagileak, Victor Manuel kantariak eta Tomas Marco musikagileak osatuko dute. Batzorde horrek, SGAE elkartearen eguneroko kudeaketa bere gain hartzeaz gain, barne ikerketa zabalduko du, Espainiako egile eskubideen elkarteko dirua beste enpresa batzuetara modu ilegalean bideratu den argitzeko.

SGAEren Zuzendaritza Kontseiluak «adostasun zabalez» hartu zituen atzoko erabakiak, Mendezek azaldu zuenez. Atzokoa zuten hauteskundeen ondorengo aurreneko bilera kontseilu hori osatzen duten 38 kide hautatuek. Pablo Ruz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen autoaren arabera, ikertzen ari den auziaren barruan, hauteskunde horietan irregulartasunik izan ote zen ere ikertu beharra dago.

Horrez gain, PPk kanon digitala kentzeko eta haren ordez jabego intelektuala kudeatzeko formula «ez horren arbitrarioak» eta «justuagoak» ezartzeko egindako legez besteko eskariak PSOEren babesa izan du Espainiako Kongresuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.