2014a zen Victor Lenore kazetari espainiarrak Indies, Hipsters y Gafapastas. Crónica de una dominación cultural liburua argitaratu zuenean. Izan zuen oihartzunik musika zaleen eta kazetarien artean. Lenore Acuarela zigilua sortu zutenetako bat izan zen, FIB jaialdian lan egin zuen, Rockdelux aldizkarian idatzi. Gogoz hartu nuen liburua: hein batean behintzat nire izaeraren parte diren oinarri batzuk zalantzan jartzea osasuntsua izan zitekeela uste nuen. Testuak, halere, hotz utzi ninduen, sakontasun handirik ez zuela iruditu zitzaidan, errazkeria dezentetan jausten zela.
Lenoreren ariketa hark ongietorri beroa jaso zuen, dena den. Espainiar indie garaien ezaugarririk makurrenak azaleratu izana goraipatu zuen askok. Elitismoa dela, itxurakeria dela, ustezko transgresio estetikoaren hutsaltasunak merezi zuen hausnarketarik, baiki. Eszena hark ez ei zuen ezer aldatu, anglofilia zerion, klase ertain-altuko jendeaz osatua zegoen, zeharo apolitikoa izan zen eta, gainera, nagusitasunez begiratzen zien bestelako musikei. Antzeko kritikak ugaritu ziren eta onarpena jaso, baita gurean ere.
Hipster kultura delakoren arkitektoa eta aita pontekoa Gavin McInness izan omen zen zenbaiten ustetan. Kanadarrak Vice aldizkari digitala sortu zuen 1994an, kulturari, arteari eta politikari buruzko kutsu gazte eta ozarreko artikulu deigarriak bereizgarri zituena. 2008an Vice utzi eta mezu arrazista, homofobo, transfobo eta abarrak zabaltzen hasi zen McInness. 2016an Proud Boys sortu zuen, gizon haserretuz osatutako talde neofaxista nazionalista zuria. Ibilbide ezohikoa dirudi, baina Lenorerena ere ez da makala: Marion Merechalek (Marine Le Penen iloba) gidatutako ISSEP erakunde ultraeskuindarrarentzat edo Voxentzat hitzaldiak ematera igaro da aspaldion.
Indiea globalista baita; reggaetona edo copla espainiarra populartasunaren eta subiranotasunaren ikurra; nazioa, familia eta erlijioa lotura sozialen ahultasunaren soluzioa; krudelkeria, onkeriaren antidotoa. Espektro politikoaren mutur batetik besterako pasabideak askotarikoak dira, indartsuak tentazioak. Jaunaren bideak asmatu ezinezkoak direla diote, hezur eta haragizko beste batzuenak ongi ezagutzen ditugu honezkero.