Testuak eztanda egiten duenean

Ixiar Rozas literaturak performatibitatearekin dituen harremanez mintzatuko da gaur Literatura Eskolan

Ixiar Rozasen parte hartzea izan duten bi pieza: Bicho, eres un bicho eta 4 ibilbide eta beste argazki batzuk. FILIPA FRANCISCO ETA IDOIA ZABALETA / JORDI BOVE.
Juan Luis Zabala
2012ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Testuak performatibitatean eta eszena postdramatikoan duen izaeraz eta zereginaz mintzatuko da gaur, 10:00etatik 14:00etara, Ixiar Rozas idazle eta ikerlaria (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1972) Literatura Eskolaren 2011-2012ko ikasturteko egitarauaren barruan, Arrasateko Kulturatearen aretoan. Testua eta literatura lantzeko eta bizitzeko beste modu bat izango du mintzagai, izenburutzat Idazketa luzatuz. Begirada bat performatibitatea eta egungo praktika eszenikoei izango duen saioan. Saioan parte hartzeko aukera zabalik dago nahi duen ororentzat.

«Ikusiko ditugun praktika eszenikoetan, arauak apurtu egiten dira», azaldu du Rozasek, «eta horrek aukera ematen du beste harreman bat sortzeko gorputzarekin, irudiarekin, ahotsarekin, hitzarekin, soinuarekin. Testua eszenan dauden elementuen artean beste bat baino ez da, dramaturgia osatzen duten gainerako elementuak bezain garrantzitsua, eta, ondorioz, eraldatuz doa kreazio prozesuaren baitan».

Performatibitatea «bilakaeran dagoen zerbaiten gisa» aurkeztuko du Rozasek: «irekia dena, datorrenari irekia dagoena, eta leku aldatzeak sortzen dituena». Hainbat adibiderekin ilustratuko du errealitate hori, eta «idazketa luzatzen» saiatuko dira saioko parte hartzaileak, hainbat ariketaren bitartez.

«Drama gainditzen duen antzerkia» da, Rozasek azaldu duenez, antzerki postdramatikoa edo eszena postdramatikoa deitzen dena. Dantza eta performancea esparru horretan kokatzen dira, beste hainbat antzerki edo eszenaratze modurekin batera. «Antzerki postdramatikoak ez du istorio bat kontatzen; ez dago istorio bat, istorio asko daude. Istorioek eztanda egiten dute. Istorio txiki asko kontatzen dira, eta guztiz aldatzen da dramarekin dagoen harremana. Drama desagertu egiten da, nolabait esateko. Mimesia desagertzen da. Ez dago imitaziorik. Gorputzek ez dute errealitatea imitatzen, ez dute errepresentazio bat eramaten eszenara, edo ez dute hori bakarrik egiten. Testuak eztanda egiten du».

Antzerki postdramatikoan, idazleak, dramaturgoak, ez du testua aurretik idazten. «Aktoreekin edo dantzariekin egiten du lana, prozesuan bertan, eta testuak prozesutik beretik sortzen dira; edo testuak izan beharrean, hor dauden paisaiak edo istorioak».

Fikzio sortzaile gisa da ezaguna batik bat Rozas, nobela eta ipuin liburuen egile gisa —Sartu, korrontea dabil, Edo zu edo ni eta Negutegia batez ere—, baina azken urteetan eszena postdramatikoarekin lotutako egitasmoetara bideratu du idazle lana. «Badira hamar bat urte gai horien inguruan gogoeta egiten hasi nintzela: nola bilakatu hitzak elementu bisual testu batean; nola banandu hitz idatzia eta off-ean esaten dena; zer gertatzen da gorputzarekin, zer gertatzen da ahotsarekin; nola eman gorputza hitzei,nola egin hitzak performatiboago, nola egin lengoaia performatiboago…».

Dena den, Rozasen ikuspegian, «jarraipen bat» dago liburuetarako egin zuen literaturaren eta azken urteetan landu duenaren artean. «Denbora honetan guztian idazten jarraitu dut, beste modu honetan. Aukeratu dut dantzan eta gorputzean oinarritutako eszena bat, hor ikusi dudalako nire galderen isla, idazketatik edo literaturatik zetozen galderen isla. Beraz, dena oso lotuta dago niretzat, nik horrela ikusten dut».

Idazketa hori «konpartitu ahal izatea» oso aberasgarria izan da egilearentzat. «Egungo eszenak —edo behintzat niri interesatzen zaidan eszenak— pentsamendua ere sortzen duelako, pentsamendu bizi bat, bere buruaz autokritika ere egiten duen pentsamendu bat. Ez dut, hala ere, sublimatu nahi. Ez dut esan nahi hori ez denik beste inon edo ezertan gertatzen. Baina, behintzat, nire esperientzia hori izan da».

Ahotsaren inguruko tesia

Ixiar Rozasek Voic(e)scapes. Experiencias y potencias de la voz, el lenguaje y la tactilidad en la escena actual de la danza doktore tesia aurkeztu eta defenditu zuen, arrakastaz, joan den maiatzean EHUren Arte Ederretako fakultatean. «Ahotsaren, lengoaiaren eta gorputzaren artean sortzen diren harremanak» ikertu ditu tesian, «hitz egiten duen eta ahotsarekin esperimentatzen duen dantza adibide modura hartuz».

«Hitza, eta batez ere ahotsa, hartze horrek dituen ondorio estetiko eta etikoak aztertu ditut», azaldu du egileak. «Ahotsa geure-geurea da, geure identitatea, gorputza eta lengoaiaren artean dago, baina, aldi berean eta paradoxikoki, ez da ez bata ez bestearena. Ihes egiten digu ahotsak, gorputzetik ihes egiten duen misil moduko bat izan daiteke. Aldi berean, zein arrotza egiten zaigun geure ahotsa entzutea, zenbatetan esaten dugu: 'hori ez da nire benetako ahotsa'». Anbiguotasun horri bereziki interesgarri irizten dio.

Praktika eszeniko postdramatikoetan, gorputza «beste modu batean» ulertzen da, «subjektibitate prozesuak jartzen ditu abian», Rozasek dioenez. «Esate baterako, 90eko hamarkadatik aurrera, dantzak, edo koreografia esperimental gisa ezagutzen denak, behintzat, mugimenduarekin duen harremana agortzen du. Hau da, dantza eta mugimendua ez datoz bat, dantzariek uko egiten diote derrigorrezko mugimenduari, isiltasunari ere bai».

Horrek «ondorio asko» ditu, Rozasen ikuspegitik begiratuz gero. «Beste dispositibo batzuk erabiltzen dira eszenan, dantzariek beren pentsamendua eramaten dute eszenara, eta abar. Ahotsarekin lan egiten duten sortzaileek, adibidez, beste harreman bat sortzen dute lengoaiarekin eta komunikazioarekin. Zalantzan jartzen dituzte lengoaia monolitikoaren egiturak, diskurtsibismoa eta logozentrismoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.