Ikasgela bateko mahaian eserita dagoen 9 urteko haur bat adi-adi entzuten ari da irakaslearen azalpenak. Gaur egin behar duten ariketa zera da: ikasle gisa dituzten betebeharrak bata besteari azaltzea. Lanean hasi orduko, ordea, mahaian eserita dagoen ikaslea lekuz kanpo sentitu da: ez dator bat ikaskideek esan dutenarekin, eta berezia dela sentiarazi diote. Imajinazio handiko umea da, eta ohartu da bere irudimenari aurka egin behar diola klaseko betebeharrei erantzuteko eta ikasgelan norbait izateko. Hori ez du batere gogoko, ordea. Hamaika galdera eta zalantza etorri zaizkio burura. «Uko egin behar al diot nire izateko erari ikasgela honetan norbait izateko?».
Buruhauste hori da, hain zuzen ere, Easo abesbatzaren Nizugu haur operaren ardatza. Haurrek bizitzako egoera batean edo bestean aurkitzen dituzten zailtasunak eta galderak taularatu dituzte: «Zein da bizitzaren helburua?»; «Zer gustatzen zait?»; «Zeinekin jolastu nahi dut?». Lau egoera irudikatu dituzte lau eszenatan: ikasgela, patioa, etxea eta logela —bakoitzak, gainera, adin bat islatzen du: 9, 11, 13 eta 16 urte, hurrenez hurren—. Ni-a deituriko pertsonaia da protagonista horietan guztietan, eta, nahiz eta sexu eta adin desberdinetako antzezleek jokatu, pertsona berbera da une oro. «Toki eta adin bakoitzean gazteen harremanak nolakoak diren aztertu nahi izan dugu», azaldu du Marta Garcia libretoaren egileak. Gaur estreinatuko da, Urnietako Sarobe antzokian (Gipuzkoa), 17:30ean, eta asteartean Donostiako Viktoria Eugenian izango da, 19:00etan, Musika Hamabostaldiaren barruan.
«Toki eta adin bakoitzean gazteen harremanak nolakoak diren aztertu nahi izan dugu»
MARTA GARCIA 'Nizugu' operaren libretoaren egilea
Melodia «arinak» izango dira entzuleak gozatuko dituen lehen notak. Eszenaz eszena protagonista helduz doan heinean, musika gero eta «sakonagoa» eta «autokontzienteagoa» da, Garciak azaldu duenaren arabera. «Nahiz eta azken bi eszenetan musika barnerakoiagoa izan, ez da oraindik guztiz definitutako musika, protagonistaren barne bilaketa hor dagoelako oraindik», zehaztu du. Bestalde, David de Oliveira operaren zuzendari nagusiak gehitu du euskal musikaren zantzuak ere izango direla emanaldian, hala nola ezpata dantza eta zortzikoak. Pertsonaia «une oro» non dagoen jakiteko, gainera, segidillak eta koplak aukeratu dituzte forma metriko gisa.

Eszenatokiari dagokionez, Tetris jokoaren piezak erabili dituzte haurren arteko erlazioen metafora gisa. «Gu piezak garen heinean eta besteekin harremanak ehunduz goazen horretan, gizartearen parte izan nahi dugu», azaldu du Garciak. Tetriseko piezak melodiaren erritmoan mugituz doaz eszenaz eszena, kokapen bat edo beste irudikaturik; gainera, origamian oinarrituriko formak gehitu dituzte nortasunei ematen diegun forma irudikatzeko. Zuzendariak esan duenaren arabera, musika horri esker, eszenatokia kolore argiz eta forma desberdinetako hainbat piezaz osatu dute.
«Prozesu naturala»
Kafe bat esku artean zutela ekin zioten, iazko irailean, Garciak eta De Oliveirak Nizugu operari. Aurreko urteetan ez bezala, aurtengo emanaldiaren testuak eta musika hutsetik sortu dituzte. Zuzendariak azaldu duenaren arabera, Interneten eta artxiboetan bazegoen helduen garapen pertsonala jorratzen zituzten emanaldiak, baina ez haurrenak.
Libretoa sortzea izan zen Garciak eman zuen lehen pausoa, eta, hain justu ere, hori izan da emanaldiaren oinarria. Lehenik eta behin, hark zehaztu zuen zer musika entzungo den emanaldian, eta gero hasi zen musika konposatzen, Iñaki Carcavillarekin batera. Aurten, hizketaldiak euskaraz izango dira, eta kantuak gaztelaniaz. Eszena bakoitzeko pertsonaiak bere «hari propioa» izango duela azaldu du: «Autobus bidaia batean erabaki genuen lau musika momentu izango zirela oholtza gainean, eta horietako bakoitzak izaera propio bat izango zuela». Horrez gain, solasaldiak izango dira, eta abesbatza ere eszenatokira igoko da.
Hurrengo pausoa, doinu horietatik abiatuz, gainontzeko istorioari forma ematea izan zen. Orduan, oholtzara igoko diren bakarlariak aukeratu zituzten: Adam Mazur, Missiel Calvo, Eider Urbistondo eta Alain Sanchez; bakoitzak lau eszenetako bat interpretatuko du, hurrenez hurren. Behin antzezle horiek zehaztuta, musika haur bakoitzaren ezaugarrien arabera moldatu zuten. Uztailaz geroztik, bi hilabetez ibili dira «buru-belarri» lanean, eta, nahiz eta prozesua «luzea» izan, «aberasgarria» suertatu da haurrentzat. «Prozesu naturala izan da», borobildu du zuzendariak.
«Obra honek interprete gazteengan eragin positiboa izan badu, publikoak ere erreakzio positibo hori izango du»
DAVID DE OLIVEIRA 'Nizugu' operaren zuzendaria
Garcia eta De Oliveira bat datoz haurrak oholtzaren erdian egon behar direlako ustean, «haurrek haurrentzat» eginiko opera bat baita. Haien parte hartzea garrantzitsua iruditzen zaio Garciari: alde batetik, haien adierazpen artistikoa garatzen duelako eta, bestetik, obra landuz doazen heinean asko ikasten dutelako. De Oliveirak gehitu du umeek baizik ez dakitela zer sentitzen duten, eta, gainera, obra honek lotsa galtzen lagundu diela antzezle berri askori. «Obra honek interprete gazteengan eragin positiboa izan badu, publikoak ere erreakzio positibo hori izango du», azaldu du zuzendariak.
Zuzendariak eta libretoaren egileak «pribilegio» eta «luxu» deritzote Musika Hamabostaldiak Easo abesbatzari haurren opera sortzeko aukera emateari. Seigarren aldia du abesbatzak haur operaren emanaldiak antolatzen. Ardura handia dela ere onartu du zuzendariak, haurrekin lan egiten denean ezin delako gogortu gainean duten presio hori, besteak beste.

Urtero izaten da egitasmo bat edo beste Haurren Hamabostaldian, hala nola ipuin kontaketak. Aurten, gaur estreinatuko den operaz gain, Easo abesbatzak Ni+Zu+Gu tailerra antolatu du; asteartera arte egongo da parte hartzeko aukera. Bertan, Ibai Murillo haur operaren narratzaileak emanaldiaren nondik norakoak azaltzea izango du xede, eta, besteak beste, operan entzungo den musikaz, eszenografiaz eta istorioaren inguruko bitxikeriez arituko dira, haurrak ere ohartu daitezen bere egin dezaketela emanaldian ikusten duten pertsonaiaren garapen pertsonala. «Operara hurbiltzeko» ekintza dela zehaztu du Garciak.
Emanaldiaren estreinaldiaren atarian, azken urtebetean landu dituzten «geruza» horiek jendearengana iristea lortu nahi du Garciak. Zuzendariak, berriz, espero du «sari txiki bat» izatea antzezle txikientzat.