Distortsio elektrikoaren eta intimismoaren artean mugitu izan da Thalia Zedek (Washington D.C., 1961), garrasiaren eta belarrira xuxurlatutako hitzaren bidegurutzean. Uzi eta Live Skull taldeekin lehendabizi eta Comerekin ondoren, gordintasuna eta tentsioa ezin modu argiagoan transmititzen dituen ibilbide bat garatu zuen joan den mendearen azken bi hamarkadetan, zarataren artean edertasuna azaleratuz, eta, 2001ean bakarkako bideari heldu zionetik formak aldatu baditu ere, haren musikari darion tentsioak hortxe segitzen du, sendo, azalak baino gehiago mamiak baitu pisua Zedeken musikan. Eta hori bera erakusten du abeslari eta gitarristak argitaratu duen azkeneko diskoak, The Boat Outside Your Window-k. Atzo Markina-Xemeinen (Bizkaia) aurkeztu zuen azken lan hori, eta gaur, berriz, Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltzan izango da (19:00).
Zedeken bakarkako bideari erreparatu dionarentzat ez du sorpresa handirik biltzen The Boat Outside Your Window-k, baina hori bera balio handia bilakatzen da lan egiteko modu jakin bat duen musikari horren kasuan. Ez du horrek esan nahi bere disko guztiak patroi berari jarraituta eginak daudenik; izan ere, Perfect Vision (2021) bere azken-aurreko diskotik hona aldaketa batzuk izan ditu bandak, eta horiek, adibidez, nabari dira lan berrian. Perfect Vision grabatu ondoren, Mel Lederman pianistak eta Dave Curry biola jotzaileak taldea utzi zuten, eta lan berrirako Karen Sarkisian batu zaie lehenagotik Zedekekin ari direnei, Winston Bramani (baxua) eta Gavin McCarthyri (bateria). Sarkisianek zenbait musika tresna jotzen ditu, baina batez ere pedal steel-arekin nabarmentzen da, eta horrek berak —eta batez ere biolaren desagerpenak— beste ukitu bat eman diote diskoko kantu askori.
Bizirauteko tresnak
The Boat Outside Your Window osatzen duten hamar kantuen bitartez munduari begiratzen dio Zedekek, baina, batez ere, mundu horren aurrean kokatzen du bere burua. Hain zuzen, Perfect Vision eta Fighting Season (2018) lan politikoak ziren bezala, bere azken diskoko kantuak «barrura begira» sortu dituela esan du musikariak. Circus kantu biziak, adibidez, kontrola galtzeari buruz hitz egiten du, eta country ukituko Shoes-ek, berriz, iraganeko irudiak berreskuratzen ditu orainaldi artegagarri bat erretratatzeko.
Zedeken azkenak aurrera egin ezin duen zibilizazio bati buruz hitz egiten baitu beste ezeren gainetik, tragediaz eta inkomunikazioaz, krisi pertsonal eta kolektiboez, eta mundu hauskor honek norberarengan duen eraginaz. Tentsioa ardatz duten melodia indartsuen bitartez.