Donostiako beste turistekin batera ibil zitekeen Mike Love The Beach Boyseko abeslaria, AEBetako turista prototipoa goitik behera betez azaldu baita gaurko prentsaurrekora: bisera buruan, atorra hawaiiar koloretsua soinean, eta txankletak oinetan. Donostiako Jazzaldiko prentsa arduradun Patxi Berradrerekin zuen hitzordua San Telmo museoan, bihar Kursaalean emango duten kontzertuaz mintzatzeko. «60 urte geroago publikoaren aurrean jotzeagatik oso eskertuta» dagoela esan du abeslariak. Berradrek gehitu du surf kulturaren ikonoa den musika talde hori zuzenean aditzeko «irrikan» dagoela.
Taldea 1961ean eratu zuten Brian, Carl eta Dennis Wilson anaiek, haien lehengusu Mike Lovek eta eskolako lagun Al Jardinek. 1962an atera zuten lehen albuma: Surfin’ Safari (Capitol Records). Eta 1966an kaleratu zuten arrakastarik handiena bildu zuen euren albuma: Pet Sounds (Capitol Records) —Rolling Stones aldizkariak garai guztietako diskorik onenetan bigarrena iritzi zion—. Izan duten ibilbide luzean, Kaliforniako bizi estiloa, maitasuna, gazteen gogoberotasuna eta, batez ere, surfaren kultura transmititu dituzte. Love bera da bihar oholtzara igoko den jatorrizko taldeko kide bakarra.
The Beach Boys musika taldea sortu zutela ia 65 urte dira, eta, motibazioa nondik datorkien galdetuta, abeslariak azaldu du oso gustuko dutela aurretik ezagutzen ez dituzten tokietan zuzenean aritzea. 2019an Euskal Herrira etorri ziren, BBK Legends jaialdira, eta Euskal Herriko parajeekin maitemindu zirela adierazi du. Musika taldeak harreman bitxia du Donostiarekin, hiru saiakeraren ostean aurtengoa izango baita taldearen lehen aldia Donostiako Jazzaldiko oholtzan.
84 urtekin oholtzara igotzeko indarraren parte bat genetikari egotzi dio Lovek. Familiatik omen datorkio sasoi ona, eta, horren erakusgarri, kontatu du aita, anaia bat eta iloba bat kirolean aritu izana; azken hori NBAko jokalari profesionala da gaur egun.
«[Wilsonek] Bere gorputza abandonatu baino aste pare bat lehenago, berarekin elkartzeko aukera izan nuen, eta, ordurako gaizki bazegoen ere, elkarrekin abesten aritu ginen»
Mike LoveThe Beach Boys-eko abeslaria
John Stamosek —bihar gitarra jotzen arituko da— Konpositore Ospetsuen Aretoan sartu zuen Love ekainaren 12an, eta hark egiten dituen hitzak «zinematikoak» direla azaldu zuen. Love konpositoreak esan du ohorea izan dela bere lagun baten eskutik jasotzea halako izendapen bat.
Orain dela hilabete zendu zen taldekide eta lehengusuari ere eskaini dizkio hitz batzuk, miresmenezkoak. Momentu gogor haietan tarte berezi bat bizitzeko aukera izan zuela aipatu du: «[Wilsonek] Bere gorputza abandonatu baino aste pare bat lehenago, berarekin elkartzeko aukera izan nuen, eta, ordurako gaizki bazegoen ere, elkarrekin abesten aritu ginen».
Biharko kontzertuan zer espero duen azaltzeko, beren kanta ezagun bat aipatu du Lovek: «bibrazio onak» transmititzea espero du. Good Vibrations kantua (Bibrazio onak) poztasuna transmititzen duen kantu bat dela esan du, eta ikerketa bat aipatu. Antza denez, orain dela bi urte, Michael Bonshor Sheffieldeko Unibertsitateko irakasle eta musikaren psikologian adituak ikerketa bat egin zuen historiako abestirik zoriontsuena aurkitzeko. Hasteko, abesti zoriontsu baten oinarriak finkatu zituen, eta, gero, ranking bat osatu. The Beach Boys taldearen bi abesti sartu zituen lehenbiziko hamarretan: I Get Around zazpigarren postuan, eta Good Vibrations lehen postuan. Eta horixe da, hain zuzen ere, biharko kontzertuan biziko dena Loveren esanetan: «Joko ditugun 30 edo 40 kantuak harmoniaz jositakoak dira; poztasuna nagusituko da».