Brian Wilson hil da, poparen jenio handia

The Beach Boys taldeko konpositore nagusi eta poparen aitzindari izan zena hil da, 82 urte zituela. Musikaren historian gelditu diren hainbat kantu sortu zituen, surf musikaren ikur nagusia izan zen, eta anbizio handiko pop diskoak grabatu zituen.

Brian Wilson, 2017an Bartzelonako Primavera Sound jaialdian. MARTA PEREZ / EFE
Brian Wilson, 2017an Bartzelonako Primavera Sound jaialdian. MARTA PEREZ / EFE
mikel lizarralde
2025eko ekainaren 12a
10:20
Entzun 00:00:0000:00:00

The Beach Boys (2024) dokumentala hasi eta berehala, Brian Wilson agertzen da. 80 urteak gaindituak ditu dagoeneko, eta begirada lausoa nabari zaio. Aspaldi diagnostikatu zioten dementziaren zeinuak hor daude, eta, halere, taldearen punturik gorenean idatzitako hitzak eta musikak ondo gogoratzen dituela adierazten dio kamerari, The Beach Boys taldean bere kide —eta askotan etsai— izan zituenen ondoan ageri denean. Dokumentala estreinatu eta urtebete pasatxora hil da Wilson, nahiz eta, askoren ustez, musikari estatubatuarrak urte asko zeramatzan poliki-poliki hiltzen. Are, joan den urtean, Melinda Wilson haren emaztea zendu zenean, epaile batek ebatzi zuen buruko nahasmendu larria zuela musikariak, eta haren ordezkarien gainean utzi zuen The Beach Boyseko musikariaren tutoretza.

Brian Wilsonen (Inglewood, AEB, 1942) bizitza metafora honen bidez defini daiteke: igoera ikaragarria, eta ondoren, erorialdi latza. 1960ko hamarkadaren hasieran loria eta arrakasta komertziala eskuratu zituen; gerora, jakinda bere talentuaren mugak oso goian zeudela, soinuarekin eta melodiekin esperimentatzen hasi zen, eta garai hartan parekorik ez zuten pop sinfoniak eraiki zituen; baina, horrekin guztiarekin batera, Wilsonek bere gain hartu zuen taldearen arrakastari eusteko ardura, eta hori bera pisutsua bilakatu zitzaion, pisutsuegia.

Brian Wilsonek oso umetatik izan zuen musika sortzeko joera eta gogoa. Etxean piano bat eta magnetofono bat zeuzkaten, eta berehala hasi zen burutik pasatzen zitzaizkion melodiak grabatzen, batzuetan bakarrik eta beste askotan Dennis eta Carl anaiek lagunduta. Laster batu zitzaien Mike Love lehengusua eta Al Jardine laguna, eta The Beach Boys sortu zuten: hondartzako mutilak. Ordurako AEBetako mendebaldeko kostako modako kirola zen surfa, eta baziren kirol horri lotutako musika egiten zuten taldeak, baina gehienak instrumentalak ziren, eta ez zituzten neska eta mutil gazteen nahiak kontatzen.

The Beach Boysek hutsune hori bete zuen, eta lehenengo urte haietan Kaliforniako gazteen beharrak aseko zituen hainbat kantu eman zituen: Surfin' Safari, Surfer Girl, Surfin' USA, Fun, Fun, Fun, I Get Around, California Girls, Little Deuce Coupe... Brian Wilsonek idazten zituen kantu gehienak, baina ez ziren guztiak bereak, haren anaia Dennisek —berez surfzalea zen bakarra— eta Mike Lovek ere idazten baitzuten musika. Nolanahi ere, kantu gehienek Kaliforniako nerabeen kultura islatzen zuten: maitasun istorioak, autoak, surfa....

Ordurako The Beach Boys dirua egiteko makina bilakatuta zegoen, eta orduan hasi ziren lehen tirabirak taldean. Aurrena, familia barruan sortu ziren haserreak, zehazki Murry Wilsonekin —klanaren aita eta taldeko managerra zen—. Aipatutako dokumentalean adierazten denez, ingurukoekin pertsona bortitza zen, eta 1964an enpresatik kanpo utzi zuen Brianek. Gerora, berriz, taldekideen artean izan ziren kalapitak. Izan ere, 60ko hamarkada erdialderako, Brian Wilsonek garbi ikusten zuen gainditu egin behar zuela surfaren olatua, eta ordurako The Beatles zuen eredu. Hain zuzen ere, Liverpoolekoen Rubber Soul (1965) diskoa entzun zuenean konturatu zen zer bide egiten ari ziren John Lennon eta Paul McCartney, eta bere buruari agindu zion The Beach Boysek ere aurrerapausoak eman behar zituela.

Estudioan sartuta

Eta hortik tirabirak. Taldearen dinamikan aldaketak ekarri baitzituen horrek. Izan ere, urte haietan, Brian Wilsonek erabaki zuen ez zuela birarik egingo eta estudioan egingo zuela lan. Hori dela eta, aldi berean bi talde izatera ere iritsi zen The Beach Boys. Talde batek birak egiten zituen, eta taldearen kantu arrakastatsu guztiak interpretatzen zituen. Beste taldea, berriz, Wilsonek berak osatzen zuen, nahiz eta musikari profesional ugariz inguratuta egon. Kantu berriak sortu, estudioan sartu, eta oinarri guztiak grabatuta zeudenean, anaiei eta lehengusuari deitzen zien ahotsak sartzeko. Izan ere, ordurako Brian Wilson arduratzen zen kantuak konposatzeaz, konpontzeaz eta ekoizteaz, baina taldeari nortasun zeinu nabarmenena ahots harmoniek ematen zioten, eta hori taldekideek baino ezin zioten eman.

Orduan iritsi zen Pet Sounds (1966), gaur egun taldearen maisulantzat eta poparen historiako lan garrantzitsuenetakotzat jotzen den diskoa. Halaber, horixe izan zen Brian Wilsoni dena aldatuko zion lana. Ordurako LSDa hartzen hasia zen, baita haren eraginpean esperimentaziora jo eta orduan sortzen zitzaizkion melodiekin eta konponketekin probak egiten ere. Are gehiago. Musikariak berak aitortu zuen buruan zuela dena: soinu, melodia, harmonia eta konponketa guztiak. Horiek grabatzea besterik ez zitzaion falta.

Diskoak erabat hautsi zuen ordura arte The Beach Boysek egindakoa, eta oso molde berritzaileak zituen, bai melodiei eta bai harmoniei dagokienez —God Only Knows, Caroline No, I Know There's an Answer—. Gainera, uko egiten zion taldeak bere lehenengo urteetan erakutsitako irudiari, eta lekua uzten zion malenkoniari.

Pet Sounds-ek arrakala bat ireki zuen taldekideen artean —ezaguna da Mike Lovek Wilsoni esan ziona: «Zeinek entzun nahiko du kaka zahar hau? Txakur baten belarriak dituen norbaitek?»—, eta arrakasta faltak areago urrundu zituen musikariak. Baina berehala erreferentzia ukaezin bilakatu zen. Paul McCartneyk esan zuen inoiz grabatutako diskorik onena zela, eta onartu zuen Sgt. Pepper's Lonely Hearts Club Band (1967) sortzeko eta grabatzeko akuilu izan zuela The Beatlesek.

Ordutik aurrera etorri zen Wilsonen deskalabrua. Pet Sounds eta Sgt. Pepper's Lonely Hearts Club Band gainditzeko obsesioak janda, Smile izeneko disko proiektu batean murgildu zen, baina ezin izan zuen aurrera eraman, eta amaitu gabe gelditu zen —azkenean, 2004an argitaratu zuten haren bertsio bat—. Gainera, hamarkada amaitzen ari zen neurrian, beste musika kolore batzuk ari ziren zabaltzen AEBetako mendebaldean, hippy mugimendua eta psikodelia, eta The Beach Boysen musika zaharkitua zegoen beste esperientzia batzuk eskatzen zituen belaunaldi berri harentzat.

Historia liburuek diote 1970eko hamarkadakoak dekadentzia urteak izan zirela The Beach Boysentzat, baina gaur egun zale asko hasi dira urte haietan taldeak grabatutako diskoak berreskuratzen —disko horiek gehiago lotzen ziren country-rockarekin, rock-and-rollarekin eta beste musika estilo batzuekin—. Nolanahi ere, Brian Wilsonentzat aldaketaz betetako urteak izan ziren. 1974an, Eugene Landy psikologoa sartu zen haren bizitzan, eta 24 orduko terapia bat ezarri zion; askoren ustez, Wilson hutsaren hurrengo bihurtu zuen terapia hark.

Hortik aurrera, Wilsonen bizitza oso gorabeheratsua izan zen. Taldetik alde egin zuen, gero berriro gerturatu, disko batean parte hartu, hurrengoan ez... 1988an bakarka itzuli zen, eta harrera ona izan zuen diskoak (Brian Wilson), baina haren ingurukoek zabaltzen zituzten albisteek beti aipatzen zituzten osasun arazoak eta Landyren izena.

2017an BBK Liven ere izan zen, eta, pianoan jartzeko laguntza behar izan zuen arren, bere kantutegi hilezineko kantuak aletu zituen: God Only Knows, California Girls, Wouldn’t It Be Nice...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.