Zazpi urte zeramatzan The Limiñanas talde frantziarrak kantu berriz osatutako diskorik argitaratu gabe, Shadow People-k (2018) argia ikusi zuenetik hain zuzen ere. Horrek ez du esan nahi Lionel Limiñana (ahotsa, gitarra, baxua, teklatuak) eta Marie Limiñana (bateria eta ahotsa) geldi egon direnik, denbora tarte horretan hainbat soinu banda konposatu eta beste artista batzuekin lan egin baitute. Urte hasieran, ordea, Faded argitaratu zuten, taldeak rock-and-rolla ulertzeko duen moduan sakontzen duen diskoa. Heldu den asteazkenean Donostian aurkeztuko du bikoteak lana, Intxaurrondoko kultur etxeko aretoan.
Faded-ek, taldekideek hala aitortuta, The Velvet Undergrounden New Age kantua izan zuen lehen inspirazio iturri. Hollywoodeko emakumezko izar erori bat zuen ardatz Lou Reedek idatzitako pieza hark, eta hari horri tiraka eraiki du bikoteak disko osoa. Hain justu, diskoaren azala ere horren isla da, zuriz ezabatutako zenbait aurpegi agertzen ditu eta.
Musikalki, berriz, The Limiñanasek garage-rockaren, psikodeliaren, krautrockaren, sixties poparen eta chanson-aren artean mugitzen den puzzle bat osatu du, batetik bestera salto egiten duena, osotasunari kalterik egin gabe. Eta horretan kolaboratzaile sorta pisuzkoa izan du taldeak. Hala, Spirale instrumentalarekin hasita, berehala dator izen handiko lehen kolaboratzailea, Bobbie Gillespie (Primal Scream), zeinak bere eremura eramaten duen Prisoner of Beauty. Jon Spencerrek mantra itxurako Space Baby piezan abesten du —Pascal Comeladek teklatuak jotzen ditu bertan— eta baita Degenerate Star elektrikoan ere, eta Anna Jeanek chanson kutsua ematen dio Catherine-ri.
Diskoan badira bertsio pare bat ere, The Limiñanasen izaera mahai gainean jartzen dutenak. Batetik, Louie Louie garage pieza klasikoa moldatu dute Serge Gainsbourgek egingo lukeen moduan; eta bestetik, Phil Ochsek idatzi eta Françoise Hardyk frantsesez eman zuen There But For Fortune / Où va la chance-rekin itxi dute diskoa, goxo baina The Limiñanasen kantu guztiei darien misterio kutsuari eutsita.
Orain dela urte pare bateko elkarrizketa batean Lionel Limiñanak adierazi zuen rockak denboran iraungo duela. Ezin jakin hori hala izango den, baina haren taldeak arrazoi sendoak ematen dizkio baieztapenari.