Musika

The Tubs: melodia aringarriak minari aurre egiteko

Londresko taldeak ‘Cotton Crown’ bere bigarren diskoa kaleratu du aurten, barne zauriak pop indartsu eta bizi bidez sendatzen dituen lan bat. Hurrengo igandean Donostiako Dabadaba aretoan aurkeztuko du.

The Tubs taldea
The Tubs taldea.
mikel lizarralde
2025eko azaroaren 16a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Charlotte Greig folk kantari eta idazleak bere buruaz beste egin zuen 2014an, eta ordutik gaur arte igaro den denbora behar izan du haren seme Owen Williamsek barrenean zeraman mina azaleratzeko. The Tubs taldearen bigarren diskoak azaletik bertatik erakusten du, neurri batean bada ere, Williamsen asmoa ama oroitzea izan dela: irudian Greig bera agertzen da Owen txikiari bularra ematen hilerri batean. Gainera, Greigek Sonic Youthen Cotton Crown kantuaren bertsioa egin ohi zuen, eta Williamsek izenburu hori bera jarri dio bere taldearen lan berriari.

Pentsa liteke amaren heriotzak zeharkatutako lana dela Cotton Crown, baina bestelako minek ere jantzi dute The Tubsen diskoa. Williamsek azaldu duenez, maitasun harreman baten amaierak eragindako krisi nerbioso betean burutik pasatutako sentimenduez josita baitago lana: «Batzuetan, hitzen bitartez, naizen baino ezatseginago irudikatzen dut neure burua, baina, aldi berean, beti gustatu zaizkit gordinak eta mingarriak izan daitezkeen hitzak». 

Aurrerapausoa

The Tubs sortu aurretik, Joanna Gruesome taldean aritu zen Williams, eta orain dela bi urte kaleratu zuen banda berriaren estreinako diskoa, Dead Meat. Lan estimagarri hark, bere gitarra bizi eta garbiekin eta erritmo oinarri sendo baina melodikoekin, 1980ko hamarkadako pop ingelesarekiko eta hurrengo hamarraldiko indie-poparekiko lotura agerikoak erakusten zituen. Cotton Crown-ekin bide horretan sakondu du taldeak —George Nichollsek (gitarra), Max Warrenek (baxua) eta Taylor Stewartek (bateria) osatzen dute Williamsekin batera (ahotsa eta gitarra)—, baina pauso bat eman, eta erreferenteak omentzetik nortasun handia duten kantu ereserkiak sortzera igaro da. 

Izan ere, hitzek askotan kontrako norabidean eramaten dituzten arren, Cotton Crown-eko bederatzi kantu laburrek —ordu erdira doi-doi iristen da diskoa— energia eta urduritasun pizgarri bat transmititzen dute. Horrek eta gogoan iltzatuta gelditzen diren melodiak sortzeko taldeak duen gaitasunak Sugar-en rock dirdiratsua ekartzen du burura zenbaitetan (Fair Enough, One More Day), eta beste batzuetan, Narcissist eta Strange-n adibidez, The Smiths, R.E.M. eta The Pains of Being Pure At Hearten arteko uztarketa batetik atera litekeena sortzen du The Tubsek.  

Erreferenteak ugari izan arren —The Wedding Present-eko David Gedgeren ahotsaren zerbait badu Williamsenak—, eta entzule bakoitzak oihartzun propioak aurkituko baditu ere —gurera ekarrita, Freak Show-ren gitarrak erabat lotzen dira Tatxersen kantu batzuetakoekin—, nostalgia baino gehiago orainaldi argitsu eta bizi bat erakusten duen disko bat plazaratu du The Tubsek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.