Tim Curry hil da, Pennywise pailazoa lehendabizikoz antzeztu zuen aktorea

Aktore britainiarra 'The Rocky Horror Show' filmeko Frank-N-Furter doktorearen larruan sartu zenean egin zen ezagun. Zineman ez ezik telebistan eta antzerkian ere aritu zen.

Tim Curry aktorea, 'The Rocky Horror Show' filmean.
Tim Curry aktorea, 'The Rocky Horror Show' filmean.
garbine ubeda goikoetxea
2026ko abuztuaren 26a
21:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

80 urtetan hil da Tim Curry, Pennywise pailazoaren rola lehendabizikoz jokatu zuen aktorea. Fokuetatik urrun zebilen aspaldian, batez ere 2012an buruko odol isuria izan ostean. Horren ondorioz, gurpil aulkian zebilen geroztik.

Lehenagotik makina bat lan egina zuen arren, 1975ean iritsi zitzaion ospea, The Rocky Horror Picture Show filmean Frank-N-Furter doktorearen rolean aritu zenean. Hartan, gizonezko ilehori larrubelztuen bila ibiltzen zen zientzialari transexual batena egin zuen. Richard O’Brien aktore, antzerkigile eta abeslariarekin Hair antzerki musikalean topo egin ondotik iritsi zitzaion rol horretan aritzeko aukera Curryri. Hain zuzen, aktorea gogoan zuela idatzi zuen O’Brienek The Rocky Horror Picture Show filmerako gidoia, 60ko hamarraldian.

Stephen King idazle estatubatuarrak idatzitako eleberri baten egokitzapena da It filma, eta haren protagonista nagusia, Pennywise pailazoarena, Curryk egin zuen inork baino lehen. Geroztik sarri aintzatesten dute Curryk rol horretan egindako interpretazioa; beldurgarria den horren etsenplutzat jotzen da lan hura.

Handik aurrera, bigarren mailako rol ugari jokatu zuen Hollywoodeko produkzioetan: John Silver izan zen Altxorraren Uhartea-n, Oldman irakaslea Scary Movie 2-n, eta Macaulay Culkinen atzetik ibili zen Home Alone 2 filmean.

Curry 1946an sortu zen, Grappenhallen (Ingalaterra). Birmingham hiriko unibertsitatean egin zituen antzerki ikasketak, eta, hain zuzen, arte horri eskaini zion ibilbide profesionalaren parterik handiena. AEBetako antzerki musikaletan ere aritu zen: 1980an Mozart izan zen Brodwayn egindako Amadeus lanean, eta Arturo erregea Spamalot antzerki musikalean. Telebistarako ere aritu zen lanean.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA