Argazkigintza

Tina Barneyren 40 urteko ibilbidea Tabakaleran ikusgai

Argazkilari estatubatuarraren ibilbidea laburbiltzen duen 60 irudiko argazki erakusketa ireki dute Kutxa Fundazioaren Artegunean. Quentin Bajac komisarioak antolatu du, eta azaroaren 2ra arte egongo da zabalik.

'Tina Barney. Familia-loturak' erakusketaren irudi bat, uztailaren 17an. ANDONI CANELLADA / FOKU
'Tina Barney. Familia-loturak' erakusketaren irudi bat, uztailaren 17an. ANDONI CANELLADA / FOKU
Donostia
2025eko uztailaren 26a
04:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Tina Barney (New York, 1945) argazkilariaren 40 urteko ibilbidea biltzen duen argazki erakusketa ireki dute Tabakaleran. Tina Barney. Familia-loturak izendatu du Quentin Bajac komisarioak, eta Barneyrekin lankidetzan prestatu du. Munduko argazkilarien artean Tarneyk estimu handia duela azaldu du Bajacek, eta prestatu duen erakusketa Europan hari buruz egin den atzera begirako erakusketarik handiena dela ere adierazi du. Azaroaren 2ra arte egongo da ikusgai.

Barney 1945ean jaio zen, New Yorken, Ameriketako Estatu Batuetako ekialdeko kostako familia aberats batean. Azken datu hori garrantzitsua da bere ogibidea eta jarduna ulertzeko. Izan ere, ama dekoratzailea zuen, eta aita, arte bildumagilea, eta gaztetan aukera izan zuen Europara joan eta han arte ikasketak egiteko. 

40 urteko ibilbidea

Bajacek adierazi duenez, Barney ez da beste argazkilarien modukoa: «Barneyk antropologotzat dauka bere burua, erretratugiletzat baino gehiago. Dokumentalista gisa aritzeko asmoz sartu zen argazkilaritzan». 40 urte pasatu ditu hauspo kameraren atzean Barneyk, eta, egindako lanak jarraipen baten modura ikusten baditu ere, haren ibilbidea hiru arotan bereizi daiteke.

«Barneyk antropologotzat dauka bere burua, erretratugiletzat baino gehiago. Dokumentalista gisa aritzeko asmoz sartu zen argazkilaritzan»

QUENTIN BAJACKomisarioa

Lehenengo aroa 1976 eta 1990 bitartekoa da. Etxeko argazkilaritza egiten hasi zen, bere lagun eta senideei argazkiak ateratzen. Hasieran, gertutasunagatik ateratzen zizkien argazkiak, beti baitzituen modelo lanak egiteko gertu eta prest. Beren egunerokoaren hutsalkerian aurkezten zituen ekialdeko kostako estatubatuar aberatsak. Eta hasieran gertutasunagatik egiten bazuen ere, denborarekin jabetu zen bere erretratuetan agertzen zen intimitate modua ordura arte argazkietan oso gutxitan agertzen zela. 1983an senarrarengandik banantzeak modua eman zion argazkilaritzan profesionalki aritzeko. Garai horretan atera zituen irudiak Jokabideen Antzerkia (1997) bilduman batu zituen.

Bigarren epealdia 1990eko hamarkadakoa da. Aurreko epealdian egin zuena Europako sei herrialdetan egin zuen urte horietan, baina aristokraten eta burgesen etxeetan sartuta. Orduko lanak Europarrak (2005) bilduman jaso zituen.

(ID_17528228931025) (/EZEZAGUNA) Mr. and Mrs
'Castelli jn. eta and.', 1998 ('Europarrak' bildumako argazki bat). TINA BARNEY

Azkenik, 2000. urtetik aurrerako aroa. Enkargupeko lanak egiten hasi zen, batez ere prentsarako, argitaletxeetarako eta arropa marketarako. Egun, 80 urte dituela, enkarguak jasotzen ditu oraindik ere. Iazko udan Dior luxuzko markarentzat aritu zen lanean. Azken aro horretako lanen dimentsio narratiboa azpimarratu du komisarioak.

Urte asko igaro diren arren, Barneyk digitalari uko egiten dio, eta hauspo kamera erabiltzen du. Lan tresna horri esker lortzen du bere argazkietan bereizgarria den fokuratzea. Ezaugarri horri esker, distantzia bat markatzen du lehen planoan ageri den modeloaren eta atzealdean agertzen den hormaren artean. Eta normaren aurka, atzeko horman agertzen diren apaingarriei, ate handiei eta antzekoei ematen die garrantzia. Modeloen klase sozialaren berri ematen du erretratuetan sortzen dituen espazioekin. Sarri, espazio horiek modeloek baino garrantzi handiagoa hartzen dute.

Argazkilariak esan izan du klase altukoei egindako irudietan satiratik urrundu nahi izan duela. Bajac komisarioaren iritziz, aldiz, kritika bat ageri da argazki horietan, Barneyk hala nahi izan ez badu ere. Adibidez, irudi batzuetan neskameak ageri dira. Barneyk familiaren parte direla esan arren, etxeko beste kideengandik bereizita ageri dira beti, argazkian duten kokapenagatik edota janzkeragatik. Bajacek esan du horrelako xehetasunetan ikusten duela Barneyk ukatzen duen kritika.

Erakusketaren egituraketa

«Geure burua —edo gure bizitzen historia— aztertzeko modu bakarra argazkilaritza baliatzea da». Barneyk 2017an esandako hitz horiek ematen diote hasiera erakusketari. Eta, azalpen luzeago baten aldamenean, Autorretratua zira gorriarekin, Barneyren beraren autorretratua. Hori da erakusketaren hasiera, argazkilariak bere burua aurkezteko baliatu duena.

(ID_17527630332805) (/EZEZAGUNA) Tina Barney
Autorretratua zira gorriarekin, 1990. TINA BARNEY

Tamaina handiko (120 x 160 zentimetro) 60 irudik osatzen dute erakusketa, gehienak kolore bizikoak. Formatuaren handitasun hori argazkien egilearen hautua da, ikuslea «modeloaren intimitatera sartzeko, testurak sentitzeraino». 

Argazki horietan beste arte diziplina batzuk uztartu zituen argazkilariak, batez ere pintura. Familiatik datorkion jakinduria artistikoarekin jolasten zuen bere erretratuetan, modeloak beren etxeetan zituzten eskulturak edo hormetan zituzten koadro klasikoak imitatzen jarriz.

Bajacek azaldu du berak eta Barneyk ez dutela erakusketa kronologian oinarritu nahi izan, argazkilariaren lanetan nagusitzen diren gaietan baizik.

Gai nagusia familia bada ere, belaunaldiz belaunaldi igaro diren esan gabeko tradizio eta ohiturak jorratu ditu batez ere. Tradizio eta errituak azaldu ditu, zeharka komunikazioaren eta inkomunikazioaren gaiak erakutsiz. Klase altukoen oparotasuna ikuspegi antropologikotik islatu du, eta ez kritikotik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.