Literatura

'TIROA KONTZERTUAREN ERDIAN'. Gauza lohi hortaz

benat sarasola
2011ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Egilea: Belen Gopegui.

Argitaletxea: Txalaparta.

Zenbat aldiz ez ote zion galdetuko kritikariak bere buruari iruzkintzen ari zen liburuaren analisiak aurreiritzi politikoek jota zeuden? Zenbatetan ez zuen pentsatuko bere ideologia politikoa literatur lana zapaltzen ari zela? Literatur kritika egiten hasten den edonork egiten dituen galderak dira honakoak—eta beste hamaika—. Gehienetan, hori bai, ezkutuan mantentzen direnak, estaltzen ahalegintzen direnak, ezagun denez, politika kontuak afera lohi, narras eta higuingarriak izaten direlako. Belen Gopeguik, ordea, politika kontu zikin hauek mahaigaineratzen ditu Tiroa kontzertuaren erdian izeneko testu motz bezain zorrotz eta zuzenean. Kritikariak nola edo hala saihestu nahi dituenak ditu muturren aurrean ipintzen.

Gopegui espainiar literaturako autore behinenetakoa da kritikari askoren aburuz, eta hala ere (esan genezake akaso), bere ideologia politiko ezkertiar tinkoagatik da ezagun, halaber. Hala, testu honetan literatura (batez ere nobela) eta politikaren arteko erlazioaren gai zahar eta korapilatsuari heltzen dio. Horretarako, antzeko gauza egiteko J. M. Coetzee-k erabiltzen duen prozedura —Elizabeth Costello— darabil, hots, fikziozko narratzaile baten ahotan (Diego) ipintzen du esandakoa. Prozedura honek orain aztertu ezin ditugun ondorioak—horietako batzuk politikoak, jakina— ditu, baina interesgarria litzateke irakurleak denbora tarte bat hartzea antza txikikeria bat den horri buruz hausnartzeko. Stendhal-en aipu batetik abiatu eta honakoa dio momentu batean: «Orduan ikusi ahal izango duzue XX. mendeko ia eleberri guztiak gezur-itxurakoak direla. Horren zioa, nire ustez, politika debekatu izana da». Egiatan, Gopeguik ez diosku XX. mendeko nobeletan politika landu ez denik, baizik eta modu ezkutu eta isilean egin dela, hau da, balio burges eta eskuindarrak sustatuz. Neutraltasunaren ezinezkotasuna oinarri hartuta, ezkerreko balioetatik idatzitako nobelak nabaritzen ditu faltan nolabait. Eta honek, jakina, alderdi narratibo guztiak barnebilduko lituzke: istorioak, pertsonaiak eta abar. Walter Benjaminen testu klasiko bat —Narratzailea— aztertzen du, non filosofo alemaniarrak esperientzia nobelatik kanpo geratu (behar) dela argudiatzen baitu. Gopeguiren saiakera, ostera, esperientziaren berreskurapena litzateke, zeina bere ustez, egiantzagatik baztertua izan den ideia baita. Hala, XX. mendeko nobelagintzako mundua «erreakzionatzeko gaitasunik ez duten pertsonez beteriko mundu galdua» da. Eta berari horixe da benetan sinesgaitza zaiona. Azken batean, hortaz, sinesgarritasunaren ideiaren borrokan murgiltzen da Gopegui, XX. mendean hegemonikoa izan den sinesgarritasun literarioaren ideiari kontra eginez.

Argudiaketaren zatiren bat akaso findu badaiteke ere —esperientzia eta egiantzaren arteko lotura esaterako—, gaiaren beraren mahaigaineratzea keinu aski txalogarria da, Gopeguik azaleratzen dituen gai ugari tabu bihurtu baitziren XX. mendeko literatur teoriako historiaren zati handi batean. Azken urteotako kritika poskolonial eta ikasketa kulturalek gai hauexen birplanteatzea ekarri digute, eta ildo horretan kokatu daiteke testu polemiko-zorrotz hau.

Nabarmentzekoa, orobat, Eider Rodriguezek idatzitako hitzaurrea. Gopeguiren eztabaidagaia euskal literaturaren esparrura eramaten du, zenbait autore eta haiei eginiko kritikak banan-banan eta zehazki aztertuz. Funtsean, bere ustez, ezker abertzalekotzat jo izan diren idazle ugariren lanak gutxietsiak izan dira politikoak izateagatik. Eta arrazoi duelakoan nago, euskal kritikak asko baitu autokritikatzeko puntu horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.