Idazlea

Mahmud al-Xaer: «Palestinar eta euskal sortzaileen artean gune bat osatzea bururatu zait»

Idazle, komisario eta editore palestinarrak urteak daramatza Gazan kultur bizitza sustatzen. '28 Magazine' aldizkariaren eta izen bereko plataformaren bidez, hainbat sortzaileren lana ezagutarazi du. 'Letters from Gaza' lan kolektiboaren editorea izan da.

Mahmud Al-Xaer idazlea. NADER KOOCHAKI
Mahmud Al-Xaer idazlea. NADER KOOCHAKI
Elena Martinez Rubio.
2026ko urtarrilaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mahmud al-Xaer idazle eta kultur eragile palestinarra genozidioaren ondorioz heldu zen Euskal Herrira, 2025eko urrian, emaztearekin eta 4 urteko alabarekin. Alabak gaitz bat du jaiotzetik, eta sendatzeko bidean dago. Al-Xaer 1990ean jaio zen, Gazako Rafah hirian. Aita ez zuen ezagutu, kolono batek hil baitzion, hilabete batzuk baino ez zituela. Gaztetatik aritu bazen ere poesia idazten eta argitaratzen, Al-Xaerrek palestinarren kultura suspertzea hartu zuen helburu nagusitzat 2012tik aurrera. Hala, kultur eragile engaiatua bilakatu zen, hainbat egitasmoren sustatzailea. «Genozidioa luzatzeak eragin didan etsipen gaiztoak bizirik irten nahi dudala aitortzera bultzatzen nau», idatzi zuen Al-Xaerrek 2024ko udazkenean. Lehergai batek eztanda egin zuen haren etxetik 30 metrora, eta leihoetako kristal hautsiek zauritu egin zuten. Erabaki zuen noizbait alde egingo zuela.

Palestinatik etorri baino lehenago argitaratutako azken liburua Letters from Gaza (Eskutitzak Gazatik) izan da, Mohammed Al-Zaqzooqekin batera ondua eta Penguin argitaletxeak argitaratua. Egile batzuen testu hunkigarriak bildu zituzten hartan, genozidioa gertatu bitartean idatziak. Gosetearen, heriotzaren, oinazearen, izuaren eta txikizioaren erdian, «nire etorkizuna geldiarazia izan da», dio ahots batek aipatu liburuan. Al-Xaerrek, Hadil haren emazteak eta Nai alabak paralisi horretatik ihes egitea lortu zuten azkenik, atakarik larrienak atzean utzita.

Zer-nolakoa izan zen Euskal Herrira heldu zinenekoa?

Ikaragarrizko talka izan zen Palestina utzi eta hemen lur hartzea. Han nengoela, neure burua prestatzen hasi nintzen, jakinik laster beste egoera batera moldatu beharko nuela. Hala ere, egunak —hobeto esanda, ia-ia asteak— eman genituen sinetsi arte errealitatearen barruan geundela. Denak irreala zirudien, loaldiko amets bat bezain irreala. Hasieran, hormak ukitu beharra izaten nuen egiaztatzeko tinkoak zirela, egiazkoak. Goizean jaiki, leihotik begiratu, eta harritu egiten nintzen kalean ez zelako kanpadendarik ageri. Beste adibide bat ematearren, luze egon ginen barneratu ezinik ura etxeko iturrian izango genuela.

Hemen egonik han zaude?

Esnatzean egiten dudan lehenengo gauza lagunei eta etxekoei deitzea izaten da. Hutsune hori daramagu geure baitan. Haiekin egon nahia. Gutako asko sakabanaturik bizi gara. Jakina, beste lagun eta senide asko hilik daude.

Alabaren gaitza sendatzeak lehentasuna izanik, zuek aukeratu zenuten nora joan?

Ez, bidea alderantzizkoa izan zen. Espainiak gu aukeratu gintuen. Osasunaren Mundu Erakundearen eta errefuxiatuei harrera egiten dien Accem antolakundearen bidez etorri ginen hona. Hegazkin militar batean ekarri gintuzten, beste palestinar batzuekin batera. Geroago palestinar batzuek esanda jakin genuenez, zorte handia dugu hain zuzen Euskal Herrira etortzea egokitu zitzaigulako.

Urte askoan oso lan garrantzitsua eta berezia egin duzu palestinar kulturaren alorrean. Nolakoa izan da zure ibilbidea?

Idazlea nintzen, eta banaiz, baina garai jakin batean gauzak aldatzen hasi ziren Gazan. 2007an, Hamas zela eta, aldaketa politikoa izan zen. Laster jabetu nintzen gure herriak premia jakin batzuk zituela kulturaren arloan. Eta buru-belarri hasi nintzen lanean, behar horiei irtenbide bat eman nahian Rafahn. Laburbilduta, nire iritziz, funtsezkoa zen Israelek setiatutako Gazan esparru aske bat eratzea, non askotariko kultur adarretako artistak —musikariak, idazleak, zinemagileak, pentsalariak...— elkarrekin arituko ziren, zentsurarik gabe. Alegia, haien bizipenak azaleratzeko leku seguru bat sortzea, eta plaza bat izatea haien lanen berri zabaltzeko. Goizetik gauera bitarte zabalik egongo zen gune bat, hausnarketa egin eta eztabaidatzeko, musika eta film emanaldiak antolatzeko, eta abar. Izan ere, ez genuen ez toki fisikorik ez plataforma egokirik sortzaileak bultzatzeko. Gazteagoei ere oinarri bat eta baliabideak eskaini nahi genizkien. Esaterako, Gazako Sol Band taldekoak, azken boladan Euskal Herriko hainbat tokitan musika egin dutenak, Rafahn sortu genuen espazioan ibili ziren.

EGILEAREN HAINBAT TESTUtako aipuak


«Hauxe izaten da beti nire ikuspuntua: neure baitan dagoen suntsipena onartzea. Eta honela hitz egiten diot bizitzari: 'suntsipen hau nik bizi izandakoaren lekuko da'».

 

«Bizitza nigana etortzen da gero ezerez bilakatzen diren olatu handiak bezala».

 

«Krisialdi batean inbertitzearen printzipioari eutsiz bizi den norbait bezala ikusten dut neure burua. Hala egiten erakutsi dit Gazako testuinguruak. Ez daukat asmo iraunkorrik. Izan ere, edozer gerta daiteke ustekabean, dena desagertu daiteke, txikitu. Maiz gertatu da hori nire bizialdian».

 

«Zuen elkartasunak eta engaiamenduak sentiarazi didate nire hitzak lurrean ernatzen ari diren haziak bezalakoak direla, gerra suntsitzaile honen kateetatik askatzen ari diren haziak. Arren, jarrai ezazue ni askatzen nire hitzak erabiliz eta zabalduz, zatika edo osorik, horretarako ez duzue nire baimenaren beharrik».

 

Zer zailtasunekin topo egin zenuen hasierako bide hartan?

Erakundeak ez genituen gure alde. Hamasek ez zituen batere gogoko gure egitasmoaren hainbat alderdi, eta baldintza zorrotz batzuk jarri zizkigun; adibidez, ordutegia mugatua izatea, emakumezkoek musika egiteko aukerarik ez izatea, eta halakoak. Hamasek kontrolatu nahi izan zuen nor sartzen zen. Han sortuko zen giroaren beldur izango ziren. Eta ez zuten ulertzen zergatik tematzen nintzen ni horretan, edo zergatik nengoen prest proiektua, besterik ezean, nire diruaz finantzatzeko. Atxilotu, eta laster askatu ninduten. Senideen etxeetara deika ere aritu ziren. Zailtasunak zailtasun, 2012an lau lagun bildu ginen, idazleak laurok, eta 28 Magazine aldizkaria eta izen bereko plataforma sortu. 28 zenbakia hautatu genuen, arabiar alfabetoa 28 letrak osatzen dutelako. Hasieran, paperezko edizioak egin genituen, eta online jarraitu gero. 28 Magazine-k askotariko testuak argitaratu ditu arabieraz: film eta liburu kritikak, iritzi artikuluak, poesia, albisteak, palestinarren kultur egoera aztertzeko artikuluak... Espazioari berari, berriz, 28 Gallery izena eman genion.

«Hamasek ez zituen batere gogoko gure egitasmoaren hainbat alderdi, eta baldintza zorrotz batzuk jarri zizkigun; adibidez, ordutegia mugatua izatea eta emakumezkoek musika egiteko aukerarik ez izatea»

Nola lortu zenuten aurrera egitea?

Oro har, 2007tik 2017ra bitartekoak izan ziren urterik zailenak, hau da, Hamas eta Palestinako beste talde politikoen arteko istiluen eta negoziazioen garaia. Tarteka lokala itxi ere egin ziguten. Toki finko bat edukitzea izan zen beti gure helburua, baina, halakorik ezean, zenbait lokal alokatu genituen. Israelen eta Hamasen arteko 2014ko gatazkaren ondoren, ordea, hausnarketa  bati ekin zion Hamasek, eta, 2017tik aurrera, malguago jokatzen hasi zen.

Zeintzuk izan ziren hurrengo urratsak?

Testuinguru politikoa aldatu ahala, gero eta ekitaldi gehiago antolatzen genituen: musika ekitaldiak, ikastaroak, jaialdi txikiak, liburu aurkezpenak, hitzaldiak, arte erakusketak, idazleekin batera egindako jardunaldiak... Beti ibiltzen ginen diru bila, eta lortutako diruaren arabera gauzak antolatzen.

Zuen proiektua Gaza hirira ere eraman zenuten.

Hainbat urte eman ondoren kultura alorrean ezer eduki gabe, beste kulturgune bat sortu zen 2022an, Gaza hiriko alde zaharreko eraikin historiko batean: Al-Ghussein etxean. Zaharberritze lanetan, Alemaniako Goethe Institutua eta ondarea babesteko Riwak eta Iwan erakundeak aritu ziren. Bestalde, zenbait erakundek modua eman ziguten luzeagorako egitasmoak aurrera eramaten, hala nola Norvegiako Giza Eskubideen Fundazioak, Suediako Sharek plataformak, Berlingo Rosa Luxemburg fundazioak, Alemaniako Haus der Kulturen der Welt [Munduko Kulturen Etxea] eta Al-Qattan fundazioa. Egitaraua Rafahn eta Gaza hirian antolatzen hasi ginen. Ordurako egonkortuta geunden Rafahn, eta nik batetik bestera bidaiatzen nuen egunero.

Hala nola Palestinako Idazleen Elkarteak literatura arabiarra inguruko herrialde arabiarretara zabaldu ohi bazuen ere, munduko beste tokietara eramatea izan zenuten helburuetako bat?

Palestinar sortzaile asko erbestean bizi dira, eta horien artean sareak osatu dira azken urteotan. Guretzat mugarri bat izan zen 28 Magazine-ren 12. zenbakia: edizio berezi bat izan zen, 2018an paperean eta ingelesez ere kaleratua. Heyaka izena zeraman arabieraz, Knitting (Ehunetan) ingelesez. Adania Xibli palestinar idazlea izan zen arduraduna eta antolatzailea, eta talde anitz bildu zituen nazioarteko batzar eta jardunaldi batzuen harira. Geroago, 2023ko urrian, Frankfurteko Liburu Azokak erabaki zuen Adania Xibli parte hartzekoa zen ekitaldi bat bertan behera uztea, hari antisemitismoa leporatuta. 

Zertan daude orain Rafah eta Gaza hiriko kultur etxe horiek?

Biak desagertu dira. Rafahkoa, bulldozerrek txikituta. Eta Gaza hirikoa, kultur ondarea zena, bonbardatuta. Zaila egiten zait onartzea leku horiek, Palestinako beste hamaika kale, gune eta eraikin bezalaxe, erabat suntsituta daudela, iraganeko zerbait besterik ez direla.

Zuen alabak Nai du izena, eta, hain zuzen, gogora dakar Nahia euskal izena, bizitza duin eta aske bat izateko nahia. Etorkizunari begira, zer asmo duzue?

Gure semeak, alabaren bikiak, gaitz bera du, eta Turkian ari dira sendatzen. Amonarekin dago. Gurekin izatea nahiko genuke, baina ukatu egin digute aukera hori. Umetan aita falta nuela gogoratzean, min hartzen dut. Bestalde, lanpostu bat lotua dut ikerketa bat egiteko Didier Fassin soziologo, antropologo eta Parisko Unibertsitateko irakaslearekin. Alabaina, bisa bat beharko genuke hemendik Frantziara joateko, ez baitugu baimenik geure kabuz herrialdez aldatzeko.

Genozidioa hasi eta urtebetera, hau idatzi zenuen I am still alive. Dispatches from Gaza (Oraindik bizirik nago. Gazatik bidaliak) liburuan: «Zuekiko harremanak eta elkarrizketak hil ala bizikoak zaizkit krisialdi hauei aurre egin ahal izateko. Beti egongo naiz irekia artistekin eta idazleekin proiektu partekatuak sortzeko, edo, besterik gabe, hausnar egin eta eztabaidatzeko».

Ildo horretatik, palestinar eta euskal sortzaileen artean gune bat osatzea bururatu zait orain, zertan bat egiten dugun ulertzeko, elkarren berri izateko, zenbait eremutan elkarrekin lan egiteko, askotariko ekitaldiak antolatzeko.... Hori da nire proposamena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.