Eleberrigintza unibertsalaren historiako monumentutzat jotzen dituzte aditu askok Ana Karenina eta Gerra eta bakea, baina bi nobela horiek gaitzetsi eta arte faltsuaren adibidetzat jo zituen egileak, Lev Tolstoi idazle errusiarrak (Iasnaia Poliana, 1828-Astapovo, 1910), bere bizitzako azken urteetan, garai hartan kanonikotzat eta eztabaidaezintzat hartu ohi ziren hainbat sortzaile askoren lanak bezala: Shakespeare, Goethe, Dante, Beethoven, Baudelaire, Wagner, Verlaine… 1896an plazaratu zituen iritzi horiek Tolstoik, Zer da artea? saiakeran.Irakurri zuen lehen alditik, oso interesgarria iritzi izan dio obra horri Aritz Gorrotxategik (Donostia, 1975), eta, orain, liburuaren zati hautatuak euskaratuta eman ditu Zer da artea? liburuan (Meettok), bi gehigarri erantsita: Gorrotxategik berak idatzitako sarrera eta Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano eta Andoni Egañak Tolstoiren liburua oinarri hartuta egindako solasaldi luze baten transkripzioa.
Liburuaren sarreran, «Tolstoiren krisia» esplikatu du Gorrotxategik. «Tolstoiren saiakeran dauden tesiak ulertzeko, ulertu behar dugu zergatik iristen den Tolstoi tesi horietara», Gorrotxategiren ustez; hots, zergatik iristen den hala berak idatzitako eleberriak nola kanonikotzat jotzen diren sortzaileen obra laudatuak gaitzestera. «Halako batean, dena zuenean —ospe literarioa, bizitzeko bezainbeste diru eta gehiago, familia bat, seme-alabak, maitasuna…— , bizitzaren zentzuaz hasi zen galdezka. Ahalegin horretan, mundu arrazionala alde batera utzi, eta fedean aurkitu zuen benetakotasuna; baina Tolstoiren fedea berezia da, orduko eliza ortodoxoaren agintariekin ere arazoak izan baitzituen».
Gaztelaniatik eta frantsesetik euskaratu du Tolstoiren saiakera Gorrotxategik. Itzulpenak ez du testu osoa jasotzen, baina ez da zati batzuen itzulpen soila ere, Gorrotxategik argitu duenez soilik errepikakorrak edo interes gutxikoak iruditu zaizkion pasarteak utzi baititu liburutik kanpo. «Laburbilduta baino gehiago, kondentsatuta dago testua. Egilearen ideia garrantzitsuenak jasota daude».
Liburua argitaratu zenetik 110 urte baino gehiago pasatu diren arren, han aipatutako kontu asko «indarrean» daudela uste du Gorrotxategik. «Tolstoiren tesi nagusia da artea sentimendu baten transmisioa dela. Artelantzat jotzen den zerbait izan daiteke harrigarria, entretenigarria, poetikoa, baina ez da artea izango, artefaktua baizik, ez baldin badu benetan bizi izandako sentimendu bat transmititzen. Horren ondorioz, artea ezin da esplikatu. Artea, edo sentitzen da edo ez da sentitzen. Eta artea esplikatzen hasten bagara, Tolstoiren ustez, porrot bat da, ez dugulako sentitu».
Gizakiak lotzeko, senidetzeko
Arteari «erlijio kontzientzia» eskatzen zion Tolstoik. «Gaur egun erlijio kontzientzia aipatzea oso gauza antigoalekoa dirudi, baina nik ulertzen dut erlijio kontzientzia horren atzean espiritualtasuna edo halako sakontasun bat dagoela», azaldu du Gorrotxategik. «Arte onaren funtsezko ideia da senidetasuna. Tolstoik dio artea munduan dauden beste baliabide batzuk bezain garrantzitsua dela gizakiak lotzeko, senidetzeko. Ez bagaitu senidetzen, ez bagaitu gizatiarrago egiten, eta ez bagaitu bestearen lekuan jartzen, arteak ez du baliorik, faltsua da, Tolstoiren iritziz».
Liburuaren amaierako atalak Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano eta Andoni Egañak Gorrotxategik itzulitako liburua irakurri ondoren eta Gorrotxategi bera moderatzaile zutela egin zuten solasaldiaren transkripzioa jasotzen du. Tolstoiren gogaide ageri dira hainbat kontutan Atxaga, Cano eta Egaña, baina ez guztietan. Adibidez, Canok ez du uste, Tolstoik hala badio ere, originaltasuna nahitaezko balioa denik artearentzat, eta egungo artista «gustu oneko kleptomanoa» izan daitekeelakoan dago, David Foster Wallacek esan zuen moduan.
Tolstoiren ikuspuntutik abiatuta
'Zer da artea?' saiakera euskaratu, eta Atxaga, Cano eta Egañaren iritziekin osatu du Aritz Gorrotxategik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu