Azken orduko ezusteko batekin hasiko da BBK Legends musika jaialdia gaur, Bilbo Arenan. Tom Morello musikari estatubatuarrak antolatzaileei jakinarazi die bere ama —Mary Morello, 102 urte ditu, eta zentsuraren aurkako Parents For Rock and Rap plataformaren sortzailea izan zen— erietxera eraman behar izan dutela, eta, horrenbestez, bertan behera utzi du bihar Bilbon eman beharreko kontzertua. Aurtengo jaialdiaren izen handienetakoa zen Rage Against The Machine eta Audioslave taldeetako gitarrista ohiarena.
Antolatzaileek, Morellori «elkartasuna eta indarra» igortzearekin batera, «egoera konplikatu» hori dela eta «errespetua eta ulermena» eskatu dute. Larunbateko saiorako sarrera erosi dutenek sarrera osorik edo partez itzultzeko eskatu ahalko dute, eta bi egunetarako bonua dutenek itzulketa partziala galdegiteko aukera izango dute.
BBK Legends jaialdiaren hamargarren aldia da aurtengoa, eta, Morelloren kontzerturik gabe neurri batean hankamotz geldituko bada ere, izango da zertaz gozatu.
Gaur Chris Isaak, Cracker eta Dea Matrona ariko dira Miribillan. Isaakentzat, gainera, egun berezia izango da, gaur bertan betetzen baititu 70 urte; jaialdiaren sare sozialen bitartez jakinarazi die hori bera jarraitzaileei: «Chris Isaak naiz, eta ekainaren 26an BBK Legends jaialdian zuentzat jotzeko gogoz nago. Egun berezia izango da: nire urtebetetzea; beraz, ez galdu, festa handia izango da».Â
1980ko hamarkadaren erdialdean hasi zen Isaak musikan, eta hamarraldi hartan argitaratutako hiru diskoek —Silverstone (1985), Chris Isaak (1987) eta Heart Shaped World (1989)— ezagun egin zuten mundu osoan. Azken disko horretan zegoen bere kanturik ezagunenena izan daitekeena, Wicked Game, gerora David Lynchek Wild at Heart (1990) filmean erabiliko zuena. Hain zuzen, musikari ez ezik, zinemari ere oso lotuta egon da Isaaken ibilbidea. Izan ere, rol txikietan bada ere, film askotan parte hartu du, besteak beste, Lynch beraren Twin Peaks: Fire Walk with Me-n (1992) eta Jonathan Demmeren The Silence of The Lambs-en (1991). Isaakek 2022an argitaratu zuen bere azkeneko diskoa, gabon kantuz osatutakoa: Everybody Knows It's Christmas.Â
Isaak bezala, AEBetatik dator Cracker taldea ere. Virginian sortu zuten taldea, 1990ean, David Loweryk —ordurako Camper Van Beethoven taldean ari zen— eta Johnny Hickmanek, eta orduz geroztik, country-rockean, folkean eta psikodelian oinarritutako disko ugari argitaratu dituzte. Batez ere talde eklektikoa da Cracker, americana-ren mugak beldurrik gabe gainditzen dituena.
Dea Matrona izango da gaur Miribillako oholtzara igoko den lehenengo taldea, eta baita jaialdi osoko bandarik gazteena ere. Belfasten sortu zuten 2018an Orlaith Forsythe eta Mollie McGinnek, eta ordudanik bi disko argitaratu dituzte. Rock biziaren eta pop dotorearen usaina dario bikotearen musikari, eta Fleetwood Mac nahiz The Runawaysen eragina aitortu izan dute.
King Crimsonen ondarea
Morelloren hutsuneak larunbateko programazioan eragingo du, eta, hain zuzen ere, Beat taldeak aurreikusita zegoen baino emanaldi luzeagoa egingo du. Supertalde gisa definitu izan dute Beat; izan ere, Adrian Belew gitarristak (King Crimson), Tony Levin baxu joleak (King Crimson), Steve Vai gitarristak eta Danny Carey bateria joleak (Tool) osatzen dute. Hain zuzen ere, King Crimsonek 1980ko hamarkadaren hasieran grabatu zituen diskoak —besteak beste, Discipline (1981) eta Beat (1982)— zuzenean interpretatzera dator taldea.
Aurretik Graveyard talde suediarrak joko du Bilbo Arenan. 2006an sortu zuten taldea, eta orduz geroztik, hard-rockaren eta bluesaren artean mugitzen den diskografia osatu dute Goteborgekoek.Â