Topada sortu dute, karrika arteen fabrika

Karrikako arteak sostengatu nahi ditu Topadak. Artista konpainientzako egonaldi ibiltariak antolatuko dituzte. Euskal Hirigune Elkargoak diruztatzen du nagusiki, eta artea karrikara eramatea du helburu.

Topada fabrikaren aurkezpena, buruilaren 17an, Arrosako Herriko Etxean. BERRIA
Topada fabrikaren aurkezpena, buruilaren 17an, Arrosako Herriko Etxean. BERRIA
Xalbat Alzugaray
2025eko irailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Artista profesionalak sorkuntza urrats «guzietan» sustatzeko eta laguntzeko xedea du Topada fabrikak. Arte egitasmoaren sortzea, harrera, egonaldia eta publiko aitzineko aurkezpena sustatuko ditu. Buruilaren 17an aurkeztu zuten egitasmoa, Arrosako Herriko Etxean (Nafarroa Beherea).

Aurelie Pousset Topada fabrikako zuzendariak erran duenez, konpainiek beren sorkuntzak lantzeko «fabrika ibiltaria» izanen da Topada. Karrikako arteak bultzatzeko sortu dute kultur elkartea, eta, nahiz eta artistak herriz herri ibili, Luhusoko (Lapurdi) Harri Xuri gela izanen dute hasierako egoitza nagusia. «Artistek lekua behar dute sorkuntza lantzeko, baina gure helburua herriko gelak erabiltzea da, eta fabrika ibiltaria izatea». Sorkuntza fabrika herri frankotan ibiliko da beraz, nagusiki Euskal Hirigune Elkargoak kudeatzen dituen geletan. Bertzeak bertze, Bidarraiko herriko gelan sortuko dituzte proiektuak, baita Arrosakoan ere, baina Itsasutik, Lekornetik (Lapurdi), Iholditik edota Ortzaizetik ere (Nafarroa Beherea) iraganen da fabrika.

Artisten egonaldiak eta sorkuntza sustatzeaz gain, Topadak karrikarekin «konektatu» nahi du. Artistak sorkuntza egonaldiak egiten dituzten herrietako biztanleekin harremanetan eman nahi dituzte proiektu artistikoak lurraldeari ahal bezainbat lotuak izan daitezen. «Biztanleen iritzia nahi dugu, artisten lana komentatu dezaten. Bakarka ala taldeka, proiektuaren eragilea izanen dira biztanleak».

Sarea sortu

Prentsaurrekoan aurkeztu zuten proiektua, eta buruilaren 27an egun osoko animazioak proposatuko ditu Topadak, Arrosan (Nafarroa Beherea). Proiektuaren hastapena markatuko du egunak, eta egonaldian dauden konpainiek, Pernette, Le Polpesse eta Eliralek, sortzen ari diren obrak aurkeztuko dituzte. Horrela, publikoarekin solastatzeko tartea zabalduko dute, eta topaketan hartu iritziekin osatuko dituzte sortzen ari diren obrak.

Gainera, ikuskizun bururatuak ere programatu dituzte. 09:45ean hasirik, Vents & Marées konpainiaren Zortzigarren probintzia soinu ibilaldia eginen dute, pilotalekuan. Horrez gain, Pernette konpainiaren Wi emanen dute, Anna Etxearen parkean. Arratsaldez, Attenton à la tête ikusgarria emanen du Le Polpesse konpainiak, eskolako korralean. Grand Colossal konpainiak, berriz, Batman contre Robespierre antzezlana taularatuko du. Musikari ere lekua eman diote, Bahez taldeak joko baitu, baita Dizkobolo txarangak ere, eguna bukatzeko.

(ID_17582085115565) (/EZEZAGUNA) Zortzigarren eskualdea
'Zortzigarren eskualdea' proiektuaren irudi bat. VENTS & MARÉES

Bertzalde, sare artistikoa eraiki nahi dute fabrikako kideek. Hortaz, Le Petit Theatre de Pain konpainiarekin lankidetza berezia egin dute, nagusiki bitartekaritza lanak egin ahal izateko, eta proiektu artistikoak garatzeko. «Etorkizunean segur aski Le Petit Theatre de Pain konpainiarekin komite bat sortuko dugu lankidetza artistikoa antola dezagun». Karrikan sarean izanen da Topada, Iparraldeko eta Hegoaldeko fabriken arteko trukaketak bultzatzeko. «Proposamen batzuk gure sare propioetarik agertuko dira, fabrika batzuen artean erabakiko baitugu konpainia bat laguntzea, euskarazko karrikako sorkuntzak ere bere lekua izan dezan».

Finantzaketa

Euskal Elkargoak du nagusiki diruztatzen Topada. Haren deialdi batetik sortu proiektua dela adierazi du Poussetek. DRAC Kultur Gaien Eskualde Zuzendaritzak eta Akitaniako eskualdeak ere dirua ematen duela esplikatu du. Hemendik aitzina, Poussetek argi du sare iraunkor bat eraikitzea izanen dela helburu nagusia, eta espero du aitzinkontu murrizketek ez diola fabrikari gehiegi eraginen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.