Donostiako 76. Musika Hamabostaldia abuztuaren 1ean hasi eta hilaren 30ean amaituko da. Bederatzi sailetan banatuta, ia 70 proposamen eskainiko ditu, eta gaur iragarri du egitarauaren zati bat. Donostian ez ezik, Gipuzkoako beste leku batzuetan, Araban, Nafarroan eta Iparraldean ere eskainiko dituzte kontzertuak.
Aurtengo edizioan, besteak beste Tosca opera izango da ikusgai, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Ainhoa Arteta sopranoaren eskutik. Horrez gain, Jose Maria Usandizaga Donostiako konpositorea oroituko dute haren heriotzaren mendeurrenean, haren lehen opera —Mendi Mendiyan— tartean dela.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaz gain, Mahler Chamber Orchestra, San Petersburgoko Filarmonikoa, Cadaquesko Orkestra, Osloko Filarmonikoa eta Koloniako Irratiko Orkestra ariko dira Kursaalen.
Mahler Chamber Orchestraren bi kontzerturekin hasiko da Kursaal Auditoriorako diseinaturiko programa sinfonikoa. Europako ganbera-talde ospetsuenetako bat da, eta Manfred Honecken agindupean arituko da. Prokofiev, Beethoven eta Mozarten obrek osatuko dute abuztuaren 1eko errepertorioa.
Abonu eta sarreren Salmenta
Ostiralean, hilak 24, bukatuko da Hamabostaldiko Lagunek beren abonuak eta sarrerak erreserbatzeko epea. Ekainaren 5ean hasiko da sarreren salmenta orokorra Quincenamusical.eus webgunean eta Kursaal eta Viktoria Eugenia Antzokiko leihatiletan.