Touretten sindromea du John Davidson aktibista eskoziarrak (Eskozia, 1977), eta I swear (Zin egiten dut) filmak bere istorioa kontatzen du. Gorputzaren bat-bateko mugimenduak, tikak, lizunkeriak esateko joera patologikoa —koprolalia—, solaskideak esandakoa errepikatzera bultzatzen duen hizkuntzaren asaldura —ekolalia— eta nahasmendu obsesibo-konpultsiboa. Horiexek dira Davidsonen sintomak, eta Robert Aramaio aktore britainiarrak antzeztu ditu filmean. Aktore onenaren saria eman zion iaz BAFMA britainiar zinemagintzaren eta telebistaren akademiak.
15 urte zituela diagnostikatu zioten Touretten sindromea Davidsoni, orduan hasi baitzitzaizkion sintomak agertzen. Sindromea bera mende bat lehenago deskubritu zuen Georges Gilles de la Tourette frantziar neurologoak, baina gizartean ezezaguna zen oraindik ere; diagnostikoa jasotzeaz gain, bazterketa soziala ere jaso zuen Davidson gazteak. Dena den, ezjakintasunari aurrez aurre begiratu, eta, diagnostikoa jaso zuenez geroztik, han eta hemen aritu da kontzientziazio lanak egiten, eskolak bisitatzen eta hitzaldiak ematen.
BBC katearen dokumental batean ere izan zen protagonista, 1988an, 16 urte besterik ez zituela: John’s Not Mad izenekoa. Dokumental horrek bere egunerokoa kontatzen du, eta ordura arte tabua zenari buruz hitz egiteko tartea eskaini zion gizarteari, eta, batez ere, Davidsonen inguruari. Ospe handia izan zuen Erresuma Batuan, eta halaxe bilakatu zen Davidson Touretten sindromearen bozeramaile. Urte horretan bertan bere jaioterriko komunitateko zentro batean hasi zen lanean, eta gaur egun ere hortxe dihardu. Beraz, Davidsonen bizitzan murgildu da Kirk Jones zuzendariaren filma, eta, besteak beste, 2019an jazotako gertaera bat azaltzen du: Davidson Britaniar Inperioko Ordenaren kide egin zutenekoa.
Eritasunetik, umorea
«Umore naturala» du gustuko Kirk Jones zinema zuzendariak. «Haserretuko al zinateke zure istorioa umorez jorratuko banu?», galdetu zion Davidsoni, eta hark ezetz erantzun: «Nire bizitza barregarria izan daiteke, baina baita irudika dezakezun istoriorik tragikoena ere». Beraz, bi aldeetatik du Jonesen filmak: komediatik eta dramatik. Izan ere, dioenez, halakoxea da bizitza, eta zuzendariak «egiazko bizi esperientziak islatzen dituzten istorioak» kontatzea du gustuko.
Pedro Aramaio, Maxine Peake, Shirley Henderson eta Peter Mullan dira I swear filmeko aktore protagonistak. Otsailean eman zituzten BAFMA sariak, eta Aramaio gailendu zen Thimotee Chalamet (Marty Supreme) eta Leonardo DiCaprio (One Battle After Another) aktoreen ondoan. Gainera, zera argitu zuen elkarrizketa batean: jatorri euskalduna duela. Donostiarra da aktorearen aitona, eta adierazi izan du Euskal Herria gustukoa duela baina ez duela aitonaren hizkuntza ezagutzen.
Bestalde, Davidson egoera paradoxiko baten protagonista izan zen sariketan. Izan ere, ikus-entzuleen artean zegoela hitz gutxiesgarri batzuk esan zituen Touretten sindromearen eraginez. Geldiune batean aurkezleak barkamena eskatu zuen sortutako egoeragatik, baina Davidsonek martxa egin zuen ekitaldiaren bigarren zatian. Hurrengo egunetan zenbait aktorek zalantzan jarri zuten irain horiek nahi gabe esan ote zituen. Hortaz, Davidsonek barkamen publiko bat idatzi behar izan zuen, eta errepikatu, beste behin, filmak berak azaltzen duena: alegia, Touretten sindromeak nahi gabeko eta esanahirik gabeko tikak sortzen dituela.
'I SWEAR'
Beste estreinaldi batzuk:

'LA GRAZIA'
Dilema moral bat izango du Italiako Errepublikako presidente katolikoak: eutanasia baimenduko duen legea onartu ala ez. Izan ere, amaitzear da bere agintaldia, eta horrek erabaki politikoak eta pertsonalak hartzera behartuko du protagonista. Askotariko maitasun formei buruz, zalantza egitearen alde, eta boterearen ardura etikoari buruz hitz egiten du filmak.
'silent friend'
Gingko generoko zuhaitz bat dago Alemaniako unibertsitate bateko lorategian. Mende bat darama hor, eta hiru bizi esperientziaren lekuko izan da: 2020an Hong Kongeko neurozientzialari batek egindako esperimentua, 1972ko ikasle baten eraldaketa eta 1908ko unibertsitate ikasle baten aurkikuntza. Gizakiak zerbaiten parte sentitzeko nahia duela adierazten du filmak.
'CALLE MÁLAGA'
79 urteko emakume espainiar bat da protagonista. Bakarrik bizi da Tangerren (Maroko), baina, egun batetik bestera, alaba etorriko zaio Madrildik, etxea saldu nahian. Protagonistak Tangerren gelditzeko asmoa adieraziko du, eta ahal bezainbeste egingo du bere etxea mantentzeko. Bidean, maitasunarekin eta pasioarekin egingo du topo.