Nondik dator tradizioa, eta zer dakar berekin? Nork ezartzen du zer hartuko den tradiziotzat? Berrikuntzarekin zer tentsio sortzen du haren transmisioak? Zer haustura? Galdera horiek abiapuntu hartuta, tradizioaren auziari heldu dio Jakin aldizkariak 268. zenbakian. Jantzi berriak tradizioaren oihaletik izenburua jarri dio liburuxka berriari, eta hainbat lagunen gogoetak jaso ditu hartan, bi artikulu luzeren eta mahai inguru baten kontaketaren bidez.
Ilargi Bengoetxea Gartziarena Historia Garaikideko doktoreak idatzia da aldizkariak dakarren lehen artikulua. Tradizioak gudu zelai, borroka eremu izenburupean, antropologiaren eta historiografiaren ikuspegitik heldu dio gaiari. Hainbat egilek tradizioaren inguruan esandakoak aletu ditu testuan, eta azaldu «tradizioek statu quo-a eta ordena soziala bermatzeko eta mantentzeko balio izan badute ere, guztiz kontrakoa ere eragin» izan dutela. «Tradizioak, beraz, bake soziala mantendu edo hausteko potentziala du, eta ordena soziala bermatzeko edo aldatzeko tresna ere bada. Biak batera, momentu oro. Hau da, tradizioak jendartearen isla —politikoa, kulturala, soziala, ekonomikoa— dira, baina, aldi berean, tradizioek jendartea eraikitzen dute».
Bide beretik, Hondarribiko eta Irungo (Gipuzkoa) alardeen kasuak aztertzen ditu Bengoetxeak artikuluan —bi alardeen gatazkaren historia ikertu zuen bere doktorego tesian—. Dioenez, alarde barnean eta historikoki, etengabeko gatazkak izan dira, baina kanpora begira lortu da nolabaiteko batasunari eustea. «Batasuna oinarri nagusietarikoa izanik, aldaketa zaildu izan du. Izan ere, boterea edota statu quo-a mantendu nahi izan dutenek batasunaren izenean aldaketa desaktibatzea izan dute bide, aldaketaren aldekoak batasunaren apurketaren erantzule eginez. Horrek unibertsaltasun eta neutraltasun bat eraiki izan du, guztien interesen defentsaren bandera astinduz eta errealitate politiko, sozial eta kultural eraiki bat naturalizatuz. Alardearen antolaketak, beraz, disidentzia ekidin izan du eta ordenaren jarraitutasuna ahalbidetu, herri guztiak interes berberak zituela sinetsaraziz».
Hil zara: euskal musika-lengoaia bat pentsatzeko tesiak. Tradizioa luar pila gisa du izenburu bigarren artikulu luzeak, eta Ion Celestino Manterolak izenpetu du. Musikariak, urteetako gogoeta eta praktika kolektiboak abiapuntu hartuta, tradiziozko euskal musikari begiratu dio: besteak beste, aztertu du zer den, nola eta zertarako ezagutu eta baliatu, modernitatearekin eta kultur industria delakoarekin zer tentsio dituen, eta komunitatearentzat zer potentzial duen. «Hemen tradizio hitzaz adierazi nahi dena ez da ondarea, ez da produktua, emankorrak izaten ahal diren praktikak baizik. Eta praktika horiek komunitarioak dira, ez dira salgai bat», zehazten du sarreran.
Tradizioa berritzeari buruz noizean behin entzuten edo irakurtzen direnei erreparatuta, musikariak dio «antagonismo faltsuak oinarri hartuta» eraikitzen direla diskurtsoak maiz. Eta, edozein moduz, ohartarazten du ez dagoela ezagutzen ez dena berritzerik. «Kantu bat, dantza bat, tradizioak une batean eman edo bereganatu duen fruitu bat da. Sakonki aztertuz gero, sinbolo eta formetara iristeko modua legoke, eta hor dago fruitu berriak lantzeko hazia». Euskal musikari lotutako hainbat adibiderekin aztertzen du gaia segidan Celestinok. Eta, amaiera aldera, ondorio modura edo, hauxe dio: «Euskal kultura plazetan gertatzen dena da. Plazetan gertatzen den horretatik ikuskizun handi bat sor liteke, baina kontrako norabidean nekez. Luarrak pop musika sortzen lagun dezake, baina pop musikatik bueltako bidea ez da hain emankorra izango. Ez bada plazan, ez da euskal kulturarik izango».
Bost sortzaile mahaiaren bueltan
Bengoetxearen eta Celestinoren artikuluen ondotik, Ez gara hutsetik abiatzen. Tradizioa sortzaileen ahotik titulua daraman mahai inguruak ematen die segida gaiari buruzko gogoetei. Sustrai Colinak bost kultur sortzaile elkartu ditu mahaiaren bueltan, tradizioaren eta sorkuntzaren inguruko harremanaz aritzeko; «bost ahots, bost artista, bakoitzak bere diziplina, testuinguru eta bizipenetatik tradizioaren oreari bere forma emateko»: Ihitz Iriart kantari, dantzari eta kultur eragilea; Aner Peritz bertsolaria; Danele Sarriugarte idazle eta itzultzailea; Ibon Rodriguez musikaria; eta Oier Zuñiga aktore eta marrazkigilea.
Nola defini daiteke tradizioa? Non transmititzen da? Nola? Nolako harremana du bakoitzak harekin? Nola kokatzen du bakoitza bere diziplinaren barruan? Eta nola baldintzatzen du norbere sormena? Galdera horiei eta beste hainbati buruz bost sortzaileetako bakoitzak egindako gogoeta mamitsuak biltzen ditu aldizkariak. Horiekin guztiekin batera, Itziar Ugartek Nora Arbelbide kazetariari egindako elkarrizketa, eta Shu Oterok, Jokin Bergara Egurenek eta Cira Crespok Egunen gurpilean sailaren barruan idatzitako testuak ere badakartza Jakin-en zenbaki berriak. Irantzu Pastorrek ondu du azaleko irudia.