Durangoko 49. Azoka. Gogoetaren gunea

Traizioaz eta tradizioaz

Euskaraz rocka kantatzeagatik entzundako irainak aipatu ditu Niko Etxartek, eta bertsogintzak gazteen transgresioa onartzeko izan duen gaitasuna Maialen Lujanbiok. Transmisioaz aritu dira solasean.

Niko Etxart, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi moderatzailea, atzo, Durangon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Durango
2014ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Tradizioaren eta traizioaren arteko sokan balantzan kokatu zuten euskal kulturaren transmisioa atzo Maialen Lujanbio bertsolariak eta Niko Etxart musikariak. Atzetik datorren jarioari adi bi sortzaileak, baina era berean baita jario hori moldatzen ere. Gurasoei etxean ikasitako herri kantagintza eta irratietan aditutako rocka naturalki uztartzen Niko Etxart; bertsolaritzaren nondik norakoa bere adierazpen gogora moldatu nahian Lujanbio. Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak gidatu zuen bi sortzaileek Durangoko Azokan, Gogoetaren plazan eskainitako solasaldia. Transmisioa izan zen gaia.

The Kinks eta Etxahun Iruri, The Beatles eta Xalbador, Jimi Hendrix eta Mattin. Izen sorta baten bidez marraztu zuen Etxartek bere zaletasunen mapa orokorra atzokoan. Gatazkarik gabe bat egiten zuten bi joerek bere baitan. «Aita eta ama Altzürükükoak nituen. Haiei ikasi nizkien herriko kantak. Tradizioarekin problemarik ez nuen, beraz, Parisen bizi nintzenean». Baina gaztetzean Paris utzi, Zuberoara heldu, eta bertan entzun behar izan zituen akusazioak. «Traizioarena bizi izan nuen Euskal Herrira etorri ginenean».

Rockzale zen Etxart, eta baita euskalduna ere; naturala zen beretzat euskaraz rocka egitea, baina euskal rockerorik ez zen garai hartan, eta aditu behar izan zituen kritikak horregatik. «Izan ditut oso etsai handiak, zeinak esaten baitziguten euskal rocka itsusia zela. Hori ezin zela egin. Abertzale zirenek eta abertzale ez zirenek, gizarte osoak. Haientzat euskarako kantua zen Mixel Etxabururen Agur, Xiberua. Herri zenbaitetan egin genuena bekatu mortala zen, egitea rocka euskaraz, eta gurpilak ere zulatu zizkiguten horregatik».

Lujanbiok baietz, euskal kultura maiz oso parametro estuetan ulertu dela, baina erabat bestelakoa izan dela bere bizipena. «Hil ala bizi egoteko kontzientzia horrek bultzatzen ditu halako itxitasun jarrerak seguru asko. Gauzak kontserbatu nahia balizko esentzia horretan ziren bezala, eta kontserbatze horrek ez dakit zer-nolako kultura kontserbadore ekarriko zukeen. Baina hil ala bizi egoteko kontzientzia horrek ekarri ditu beste jarrera batzuk ere, eta nik bertso munduan bizi izan dudana, zorionez, kontrakoa izan da. Orain bertso mundua indartsu dago, baina gu hasi ginenean oraindik entzuten zen euskara galtzera zihoala eta bertsoak galtzera zihoazela. Galeraren kontzientzia hori esplizitatuta zegoen. Eskertzekoa izan da bertsolari mugimenduaren eta bertsolari norbanakoek beren jardun hori zabaldu, irakatsi eta belaunaldi berriei emateko izan duten jarrera. Eredugarria izan da beren eskuzabaltasuna eta buru zabaltasuna gazte jendeak dakarren transgresio edo haustura puntu hori onartu eta integratzeko. Bertsolaritza gotortu beharrean eta kontserbatu beharrean, nahi izan dute zabalarazi, biziberritu eta biziarazi».

Bat eginik bi sortzaileak: haustura ez da berez balio. Lujanbio, 2002ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren aitzakian: «Garai bateko bertsokera argudiaketazkoagoa saiatu nintzen beste era batera ematen, baina izan zen ahalegin pertsonala, ez kanpora begira egindakoa. Puskatzea puskatzeagatik nahiko hutsala izan daiteke gehienetan». Eta baietz Etxartek ere.

«Inprobisatuak gara»

Apustua ere moldatu beharraz aritu zen musikaria. Kexu agertu zen Etxart euskarazko musikak Hego Euskal Herriko hedabide nagusietan duen presentzia txikiaz. Baikor azaldu nahi izan zuen solasaldi amaieran, halere. «Uste dut kanal euskaldunean gauzak gero eta hobeto direla, bai bertsogintzan eta bai musikagintzan; orain konkistatu behar da kanal erdalduna. Euskal Herriko erdaldunen atentzioa lortu behar dugu».

Triunfalismoetan erori nahi gabe, euskara hutsezko jardun izateak bertsolaritzari eragin dion onuraz aritu zen Lujanbio. «Ez eredu frantziarretan, ez eredu espainiarretan ez dugu eduki erreferenterik. Inprobisatutakoak gara. Eta oso intuizio onez, esango nuke, asmatu dugu gure mugimendua inoren ispiluan ikusi gabe. Horrek ematen du autokonfiantza eta autosinismena. Eta uste dut euskal kulturan funtsezko ezaugarriak direla horiek: autokonfiantza eta autosinismena. Gainera, bertsolaritzaren asmoa izan da Euskal Herrian zabaltzea eta errotzea, eta Nikok [Etxartek] esan duen bezala Euskal Herriko erdaldungoa erakartzen badugu eta seduzitzen badugu euskarara ongi, baina gure asmo nagusia ez da hori. Guk ez dugu funtzionatzen parametro komertzialetan, eta horrek asko eman digu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.