Zuzendaria eta gidoigilea: Agusti Villaronga. Aktoreak: Francesc Colomer, Marina Comas, Nora Navas, Roger Casamajor, Laia Marull. Herrialdea: Katalunia. Iraupena: 108 minutu.
Gontzal Agote
Hamaika dira Espainiako gerraren eta ondorengourte latzen inguruanegin diren filmak. Eta, dirudienez, oraindik gai horren inguruko film gehiago etorriko dira. Ezkertiar batzuek memoria historikoa deskubritu dute, eta haien diskurtsoaren gai bakarra bihurtu da. Moda hori zineman eragin nabarmena ari da izaten.
Halako pelikulak konplikatuak dira. Batetik, gaia behin eta berriz jorratu delako; bestetik, alde bakarreko pentsamendua nagusitu delako gaiaren filmografian. Villarongaren azken lanak bietatik du. Frankismoaren lehen urteen inguruko topiko eta eremu ezagun asko ezin izan ditu saihestu, eta haur protagonistaren begirada armendariztarraren bitartez dagoeneko istorioa ikusi izanaren sentimendua nagusituko da hainbatetan.
Horrekin batera, ur lohietan sartzeko ausardia erakutsiko du zuzendariak. Gerra galdu zutenen gaineko ikuspuntua nahiko klonikoa izan da: makularik gabeko borrokalari eta idealistak ziren, gurtu beharreko martiri eredugarriak. Hala izan bazen ere, kezkagarria da zinemak horren inguruan erakutsi duen jarrera uniformea.
Villarongak ez du horrela jokatuko, zenbait trapu zikin aireratzen ausartuko da, eta egoera zailak ñabardura asko izan zituela agerian utziko du. Memoria historikoaren ikuspegi kritiko hori ausarta da, kasu gutxitan izan da, Ken Loachen Tierra y libertad edo, beste maila batean, Isaki Lacuestaren Los olvidados lirateke adibide bakanetakoak. Horregatik ere hainbati ez zaio sobera gustatuko filma politikoki zuzena ez izatea.
Pena da hori guztia nahiko galduta gelditzea Pa negre-n. Gauza gehiegi kontatu nahi izan ditu, genero gehiegi landu, eta gorabeheratsua izanen da narrazioa. Hala ere, girotze fantastikoak, aktoreen lanak eta ezohiko ikuspuntuak neurri batean hutsune horiek orekatzeko balioko dute.
'Pa negre'
Trapu zikin gorriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu