Le Transperceneige eleberri grafiko frantziarra da, Jacques Lobek eta Jean-Marc Rochettek sortu zutena. Komigikintzaren klasikorik ezagunena izan gabe, nobela grafiko horrek sona handia izan zuen 80ko eta 90eko hamarkadetan. Gaur egun euskaraz ez dago irakurtzerik, bai, ordea, frantsesez edo espainieraz.
Zientzia-fikzio apokaliptikoa deitu den azpigenero horren barruan sailkatzen ahal da La transperceneige. Izan ere, istorioa balizko etorkizun ilun batean dago girotuta; Lurra guztiz izoztuta dago, arma meteorologikoen erabileragatik, eta gizaki talde bakarrak lortu du hondamendian bizirik irautea.
Horiek guztiak tren baten barruan doaz, baina trenak izotza puskatu, eta etengabean dago mugimenduan, ezin geldituta. Horren barruan bizitzeko behar duten guztia dute, baina, ohi bezala, ez modu orekatuz banatua. Izan ere, desberdintasun handiak daude trenaren barruan: batzuk oparo bizi dira, baina beste batzuk bagoietan pilatuta doaz, gosez hiltzen.
Gizarte kapitalistaren piramide osoa biltzen du bere barruan trenak, eta horixe da, hain zuzen,eleberri grafikoaren indargune nagusia. Militarrak, telebista, erlijioa, matxinoak, herritar otzanak... kanpoan utzitako munduan zeuden rolak berriro ere errepikatuko dira, baina askoz ere leku fisiko txikiagoan, beti lehertzeko zorian dagoen giro itogarri batean.
Eleberri grafikoa aldizkari batean argitaratu ostean, hiru istoriotan bildu zuten egileek, bi liburukitan banatuta. Lehenean, Proloff pertsonaiak atzeko bagoietatik aurrekoetara egitea lortuko du. Bigarren eta hirugarrenean, berriz, Puig Valles izeneko pertsonaiak bizirik irauteko azpijoko guztiak ikasi beharko ditu, bereziki boterearen kudeaketa.
Bideo jokoen egitura
Bong Joon-Ho zuzendari korearrak komikia ezagutu eta pantaila handira eramateko lehengai ezin aproposagoa zela argi izan zuen. Joon-Hok berak egin du gidoiaren moldaketa, eta ekoizleen artean beste zinemagile korear ezagun bat dago, Park Chan-wook.
Korearra izango balitz bezala aurkeztu dute Snowpiercer, baina berez nazioarteko ekoizpena da. Horregatik, hainbat aktore korearrekin batera, gurean ezagunagoak diren beste batzuek ere lan egin dute Bong Joon-Horen aginduetara: Chris Evans, Tilda Swintonek, Ed Harris eta Jamie Bellek, besteak beste. Horiekin batera, trena da pelikularen arima eta agertoki ia bakarra. 650 metroko tren baten erreplika eraiki behar izan zuten pelikula egiteko.
Filmak eleberri grafikoa hartu du oinarri, baina, hala ere, ez dio goitik behera segitu istorioaren hariari. Zuzendariak adierazi duenez, bideo jokoen eskema izan du gogoan pelikula eraikitzeko orduan, eta Curtis protagonistak bagoitik bagoira egiten dituen saltoak pantailatik pantailara egiten diren horien gisakoak irudikatu ditu.
Bong Joon-Ho gaur egungo zinema zuzendaririk inportanteenetakoa da. Koreatik kanpo bere bigarren filmarekin ezagutarazi zuen bere burua, 2003ko Salinui chueok / Memories of Murder bikainarekin. Filmak urte hartako Donostiako Zinemaldian hartu zuen parte, eta Joon-Hok zuzendari onenaren zilarrezko maskorra lortu zuen.
Bere hurrengo filma (Gwoemu / The Host) oso bestelakoa izan zen. Genero fantastikoa eta zientzia fikzioa uztartzen zituen pelikula handia zen, munstro baten agerpen misteriotsuaren ingurukoa. Filmak arrakasta itzela izanzuen Hego Korean, eta oso kritika onak izan zituen mundu osoan.
2009koa du bere azken-aurreko pelikula, Madeo film intimista. Hye-ia 27 urteko Do-Joon semearekin bizi da. Gazteak amarekiko menpekotasun handia du. Halako batean, emakume gazte bat hilik aurkituko dute eraikin batean, eta Do-joon hilketaren erantzule eginen dute.
'SNOWPIERCER'
Zuzendaria: Bong Jong-Ho.
Aktoreak: Song Kang-ho, Chris Evans, Tilda Swinton, Jamie Bell, Octavia Spencer, Ewen Bremmer, Ah-sung Ko, John Hurt, Ed Harris.
Herrialdea: Hego Korea.
Urtea:2013.
Iraupena: 126 minutu.
Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema
Tren bakarra etengabeko jirabiran
Eleberri grafiko ezagun baten moldaketa da Bong Joon-Ho hegokorearraren 'Snowpiercer'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu