Irungo (Gipuzkoa) Bloody Mary disko dendaren 35. urteurrena ospatzeko, Bolo-Bolo Weekend jaialdia egin zuten iaz Donostiako Intxaurrondo kultur etxean, eta, festibalak izandako arrakasta ikusita, bigarrenez egingo dute aurten. Abenduaren 11n eta 12an izango da jaialdia, iaz bezala Intxaurrondoko aretoan, eta antolatzaileek dagoeneko iragarri dituzte han izango diren artistetako lau: Triangulo de Amor Bizarro, Shego, The Sadies eta Marte Lasarte.
Lehenengo diskoa kaleratu zuenetik ia hogei urte igaro diren honetan, Triangulo de Amor Bizarro talde galiziarrak oraintsu argitaratu du bere azken diskoa, Mi catedral. Bere aurreko lanetan bezala, noise-rocka eta pop-rock distortsionatua uztartu ditu taldeak disko berrian, melodiak beti erdigunean izanda. Shego taldea, berriz, Madrildik etorriko da, eta indie-rockez beteriko bi disko argitaratu ditu: Suerte, chica (2023) eta No lo volveré a hacer (2025).
Bolo-Bolo jaialdiak iragarri dituen taldeen artean beteranoena da The Sadies. Dallas eta Travis Good anaiek, Sean Deanek eta Mike Belitskyk sortu zuten banda 1994an, Toronton (Kanada), eta ordudanik garagearen, countryaren eta psikodeliaren artean kulunkatzen den diskografia oparoa osatu du. Dallas Good 2022an hil zen, baina taldeak hirukote gisa jarraitzen du zuzenekoak ematen. Â
Marte Lasarte euskal taldea, berriz, aurretik beste zenbait proiektutan ibilitako lau kidek osatzen dute: Pello Armendariz (ahotsa), Borja Anton (gitarra), Lore Nekane Billelabeitia (baxua eta ahotsa) eta Alex Alonso (bateria). 2024an argitaratu zuen taldeak bere lehenengo diskoa, Ez da besterik, eta udazkenean kaleratuko du haren segida. Aurrerapen gisa, Kristalezko eguna kantua argitaratu du udaberrian.
Kontzertu aretoen alde
Bolo-Bolo jaialdiaren antolatzaileek azaldu dutenez, «kontzertu aretoak babesten dituen jaialdi eredua» defendatzen du festibalak: «Ez dago ezer hoberik edukiera txikiko areto batean elkartu eta zuzeneko musikaz gozatzea baino. Makrojaialdiak horren guztiaren aurkakoak dira». Aurtengo aldirako aukeratu duten leloak ere ideia hori defenditzen du: Gure tenplua! Gure zarata!.Â
Joan den urteko jaialdian, besteak beste honako talde hauek parte hartu zuten: Mikosis, Aiko el Grupo, Dame Area, Lukiek, Grande Amore, Indabe, Kotoi eta Silitia.