Trikiti pieza berriak kaleratzeko bilduma hasi dute

Bost soinu jotzaileren hiruna pieza bildu ditu Trikitixa Elkarteak 'Gure kolkotik' sailaren lehen diskoan

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2010eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Duela lau urte hasitako Faborez bildumarekin, trikiti pieza zaharrak berreskuratu eta plazaratzea izan da Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen helburua. Orain hasitako Geure Kolkotik sailarekin, berriz, egungo soinu jotzaileen sorkuntza sustatzea eta eskoletarako material berria sortzeada helburua. Bost trikitilariri hiruna pieza sortzeko eskatu, eta haiek guztiak bilduta diskoa kaleratu du proiektuari hasiera emateko.

Kristina Solano, Edurne Iturbe, Maixa Lizarribar, Urtzi Enrikez eta Josu Arrizabalaga Izer trikitilariek parte hartu dute lehen diskoan. Kantu berriak soilik perkusioz laguntzeko eskatu zien Trikitixa Elkarteak. Hala, formatu txikian grabatu dituzte bikote batek zuzenean jotzeko moduko piezak. Gehienetan panderoa aukeratu dute, baina badira bestelako perkusio mota batzuk ere.

Beste hainbat musikari izan dituzte lagun bost trikitilariek beren piezetan. Solanok Amaia Oreja, Xabi anaia eta Xabier Azkarateren laguntza izan du, eta Iturbe, berriz, Oihana Irastorzaren panderoak eta ahotsak lagunduta aritu da. Enrikez galdakoztarrak Gorane Sagasti eta Ion Eguskizarekin ondu ditu bere hiru kantak.

Maider Osaren hitzak eta azken urteetan «beti inguruan» duen Gose taldeko Ines Osinagaren laguntza nabarmendu ditu Lizarribarrek. Izerrek, berriz, azkenaldian sortutako piezen nahasketatik sortu du Pasabidea kanta, eta fandango bat ere ondu du. Iñaki Kanua kanta hildako lagunari eskaini nahi izan dio, Andoni Egañaren hitzek lagunduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.