Hiztunagoa da Eleuterio Jauregi Beloki (Zaldibia, Gipuzkoa, 1956); pandero jotzailea izateaz gain, ez da alferrik kantaria eta letren egilea. Diskretuagoa da Juan Ramon Azpitarte Imuntzo (Azkoitia, Gipuzkoa, 1969). Bikote orekatua, nola plazan hala kalean ere.
Gezurra ez da egia izenburua jarri diozue diskoari. Baten batek esango du: «Ederra asmatu ditek hauek!».
BELOKI: Kantu batetik dator diskoaren izenburua, Jon Maiak idatzitako kantutik. Letra idazteko eskatu genion, eta izenburu horren proposamena egin zigun. Berak esaten du Euskal Herriaren izatea zalantzan jartzen den aro honetan zer ote den herria ez bada euskara. Oso erantzun potoloa iruditu zitzaigun.
Gezurra ez dena da oraindik ere zenbaitek galdetzen duela nor den Imuntzo eta nor Beloki...
IMUNTZO: Tira, guretzat polita ere izan liteke hori. Nahastu egiten gaituzte, eta guk elkarri begiratu, barre egin eta aurrera...
Ez al du adierazten trikitiarekiko eta zuekiko ezagutza falta?
I: Ez nuke lotuko ezagutza faltarekin hainbeste. Gure gremioan gabiltzanok badakizkigu trikitiaren munduan dauden zenbait ezaugarri edo erritu. Baina kanpotik ikusten gaituztenoi hori baino gehiago inporta zaie zer garen, zer egiten dugun eta zer transmititzen dugun.
B: Orain, trikitilariok sarri taldeaz lagunduta goaz. Lehen, soinu jolea askotan bakarrik joaten zen. Lajak kontatzen du berak pandero bat eramaten zuela badaezpada ere, norbaitek lagun ziezaion. Orduan, normala da lehen izena soinu jolearena izatea
Zuek hogei urtetik gora daramatzazue elkarrekin. Zuek ez duzue zalantzarik izango nor den nor?
B: Ez dugu zalantzarik. Eta jendeak nahasten bagaitu, ba, ondo dago, intimitate pixka bat ere behar dugu eta.
I: Dena bion artean erabakitzen dugu. Baina, horrez gain, musikaltasunaren ardura nire gain dago, nik dut ardura handiagoa horretan, eta Belokik letrak, gaiak...
B: Oso modu naturalean joan ginen ardura horiek hartzen, ez aurrez erabakita.
Azalean grafiti bat egiten azaltzen zarete. Nola hala gaztetzeko ahalegina?
B: Elkarrek egin zigun proposamen hori, gaur eguneko ukitu bat eman nahian. Zerbait desberdina egiteko nahi bat dago.
Zer egiten dute disko berean grafitiaren irudiak, Basarri eta Uztapideren ahotsak, Greziako doinu batek, arin-arin edo fandango batek... Saltsa ederra.
I: Lan bat egiteko orduan, ez dugu inoiz markatzen zer jorratuko dugun. Pixkanaka joaten gara gure ideiak mahai gainean jartzen, eta gustatzen zaigun horri heltzen diogu. Horregatik ateratzen zaigu entsalada hori. Gure erromerietako errepertorioa ere oso zabala da. Horren eragina ere bada.
Gauaren helduan aurreko lanean, lotuta dantza egiteko gonbita egin zenuten. Oraingo honetan zein da gonbita?
I: Lana horrela atera da, naturalki. Aurrekoa dultzemeneora hurbiltzen zen, eta honako hau, berriz, polketara gerturatzen da. Dantza libreagotik aukera gehiago dago.
B: Bestetik, konturatzen gara trikitilari izanik dantza eta festa giroa gustatzen zaizkigula, bai, baina kantuzaleak ere bagara. Kantu batzuk berreskuratzeko lana egiten ari gara, modu naturalean hori ere. Horregatik berreskuratu ditugu, esaterako, lehengo bertsolari zaharren ahotsak. Horiekin kantatzeko aukerarik ez genuen izan eta hau da hori egiteko modu bat.
Globalizazioaren inguruko letra kritikorik baduzue. Globalizazio garaiotan, zentzurik ba al du trikitiak zein funtzio duen galdetzeak?
I: Nik uste dut trikitiak gordetzen duela lotura lehengoarekin, eta, era berean, gaurko trenean jarraitzen duela aurrera ere. Gure errepertorioan beti daude kantu tradizionalak, ikasitakoa mantentzen dugu. Baina, horretaz gain, trikitiak, soinu txikiak beste leku askotan hartzen du parte.
B: Trikitilari gehienok abiatzen gara iraganetik, baina gauza berriak ere egiten ari dira, eta gaur egun ere badaude Euskal Herrian talde batzuk trikitia beste instrumentu eta erritmo batzuekin nahasten dituztenak eta oso ondo ari direnak. Trikitiak badu bere lurraldea, eta bizi-bizirik dago.
Iñaki Laja, Kepa Junkera, Joseba Tapia, Ines Osinaga. Lau trikitilari. Lau ikuskera. Horietako batengandik hurbilago sentitzen al zarete?
I: Aipatzen dituzun laurak aberasgarri dira trikitiarentzat; bakoitzak bere funtzioa dauka. Eta lotura? Tradiziotik abiatu ginen, eta esperientziarekin gure ideiak joan gara lantzen eta berritzen. Baina gu gu gara eta guri ateratzen zaiguna egiten dugu.
B: Niri oso aberasgarria iruditzen zait eredu horiek guztiak eta gehiago ere egotea. Hor dago Xabier Solano ere, Esne Beltza taldearekin rocka eta beste egiten. Onuragarria iruditzen zait jendea proposamen berriekin etortzea.
80ko hamarkada txapelketen aroa izan zen; 90ekoa trikiti-poparen eztanda; 2000koa irekitasunarena nolabait; hamarkada hau zerena izango da trikitian?
I: Arrastorik ez daukat zer izango den, baina unean unekoari jarraituko dio trikitiak ere. Eta gu hor egoten saiatuko gara.
B: Gure lanaren arabera izango da, neurri handi batean. Batez ere trikitilari gazteek prest egon behar dute joera berrietan murgiltzeko. Kanpoan arrakastatsuak diren gauzak konplexurik gabe hartu behar dira. Kapaz baldin bagara gauza horiek geureganatzeko eta gure erara emateko, ongi etorriak izango dira denak.
Bestelako musikariei sarri galdetu ohi zaie zeintzuk diren beren eraginak, zein musika entzuten duten. Trikitilariei ez normalean...
I: Nik denetik entzuten dut. Boladak izaten ditut, eta tarteka irratia baino ez dut entzuten, eta kito. Igual, duela bospasei urte entzuten nuena entzuteko bolada izango dut hurrengoa, eta zenbaitetan bere garaian deskubritu gabekoak deskubritzen dira.
B: Ni trikitizalea naiz, eta gauza berriak ateratzen direnean entzuten ditut, baina ez da gehien entzuten dudan musika. Gustuko musika entzuteko zailtasunak ditut. Irratiak jasangaitzak iruditzen zaizkit. Momentuko musika komertziala baino ez dute jartzen, eta beste leku batzuetan topatu behar izaten dut gustuko hori, kubatar musika tradizionala, reggaea... Horrelako gauzak, zoritxarrez, gaurko irratietan ezin dira entzun. Musika ona apenas entzun daitekeen. Nire belarrientzat atsegina den musika horri deitzen diot musika ona.
Imuntzo eta Beloki. Trikitilariak
«Trikitiak badu bere lurraldea, eta bizi-bizirik dago»
Hogei urtetik gora elkarrekin, soinu txikia eta panderoa bidelagun hartuta, eta trikitiak azken mende laurdenean izandako goraldiak eta beheraldiak ezagutu dituzte. Eurak eurera. 'Gezurra ez da egia' zazpigarren lana plazaratu dute (Elkar), trikiti «entsalada» bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu