Inauteriak igaro dira, baina jai giroak ez du etenik Euskal Herrian. Oraingo honetan, Artziniegaren txanda (Araba) izango da. Aiaraldeko Trikiti Egunaren laugarren aldia egingo dute, eta trikiti eta pandero doinuek hartuko dituzte larunbatean bertako kaleak. Aurreko hiru aldietan izandako arrakastak eraman ditu antolatzaileak laugarrena antolatzera.Â
David Rodriguezek beste lagun batekin batera abiatu zuen topaketa, Aiaraldeko trikitilari eta pandero jotzaileen egoera ikusita behar nagusi bat zegoela ondorioztatu baitzuen: «Ohartu ginen gure eskualdean trikitilari eta pandero jotzaile dezente zeudela. Kaleko ekitaldietan, ostera, ez genituen horrenbeste ikusten, beti-betikoak geunden. Behar bat zegoela konturatu ginen: antolatzen ziren jardueretan, trikitilari horiek parte hartu zezatela nahi genuen». Hala, haien asmoa da urtero eskualdeko hainbat txokotan geldialdia egitea.
12:00etan jarri dute zita antolatzaileek, herriko frontoian. Orduan hasiko dute kalejira, eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Trikipoteoan hasiko dira, «giroa berotuz joateko». Eta herrian buelta bat egin ostean, bazkaltzeko geldialdia egingo dute. Baina topaketa ez da hor bukatuko. Bazkalostean ere trikitia eta panderoa astinduko dituzte; horren ostekoak, ordea, oraindik ez dituzte adostu. «Giroaren arabera, ikusiko dugu egunak zer ematen duen. Batzuetan herrira bueltatzen gara, eta kalean barrena instrumentuak jo. Beste batzuetan, berriz, bazkaltzen dugun tokian bertan jarraitzen dugu festan», adierazi du Rodriguezek.
Parte hartzaileen «faltan»
Laudioko Karrika tabernan egin zuten topaketaren lehen aldia; bigarrena, Aretako kultur etxean; eta iaz, Amurrioko gaztetxean. Horietan guztietan, «herriaren babesa» izan dutela azpimarratu du antolatzaileak, eta aurtengoa ere bide beretik doala gaineratu: «Artziniegako Udala une oro laguntzen aritu zaigu. Pentsa, duela astebetetik dena prest dago herrian».Â
Hala ere, burua parte hartzaileetan jarrita dauka Rodriguezek: «Niri beti gertatzen zait jende gehiago espero dudala. Badakit batzuek huts egingo dutela, eguraldi ona datorrelako eta jendea kanpora joango delako». Aurreko hiru aldietan, 32 eta 40 kide inguru batu izan dira. Aurten, ostera, 27 izango direla aurreratu du, beste urteetan baino «dezente» gutxiago. «Edonor etor daiteke: trikitia eta panderoa jotzen dutenak zein jotzen ez dutenak. Aurten ezin dute, baina nire ama eta izeba noizbait etorri izan dira, eta ez dute ez panderorik ez trikitirik jotzen. Ez dago adin tarterik finkatuta; orain arte animatu den gazteenak 12 urte inguru zituen, eta helduenak, 70. Beraz, jai giroaz disfrutatu nahi duen edonor etor daiteke».
Azaldu du aurtengo aldiak faktore bat duela kontran: «Jende askok garraio publikoa erabiltzen du topaketa hauetara etortzeko; trena, zehazki. Artziniegara ez da trenik iristen, eta, beraz, oztopoa da jendea mugitzeko garaian. Garraio publikorik egon ezean, autoa behar duzu, eta hori traba da; izan ere, autoan etortzen bazara, ezin duzu edan...». Parte hartzaileen kopurua dela eta gustura ez dagoen arren, hurrengo urterako jende gehiago animatu dadin dei egin du. «Aukera paregabea da eskualdeko trikitilari eta pandero jotzaileak gure artean ezagutzeko, eta beste hainbat ekitalditan jotzera animatzeko».Â