Zinema

Trikitiaren sorrera eta bilakaera aztertu dituzte ‘Hauspoa & Tunela’ dokumentalean

Iñaki Pinedok eta Gorka Hermosak zuzendu dute filma, eta hainbat testigantza bildu dituzte lanean. Ostiralean egingo dute estreinaldia, Donostian, eta zuzeneko musika ere izango da.

Goizane Alvarez Gipuzkoako Kultura diputatua, Iñaki Pinedo zinemagilea, Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasun eta Turismo diputatua eta Mikel Serrano Zumarragako alkatea, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Goizane Alvarez Gipuzkoako Kultura diputatua, Iñaki Pinedo zinemagilea, Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasun eta Turismo diputatua, eta Mikel Serrano Zumarragako alkatea, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2025eko abenduaren 15a
16:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

Trenez heldu zen soinu txikia Euskal Herrira; Zumarragara (Gipuzkoa), zehazki. 1859an Madril-Paris trenbideko tunelen eraikitze lanetara Italiatik iritsitako langileetako batek akordeoi txiki bat ekarri zuen, eta laster uztartu zen tresna berri hori pandero joleen tradizioarekin. Hala sortu zen trikiti modernoa, Hauspoa & Tunela dokumentalak kontatzen duenez. Iñaki Pinedo zinemagileak eta Gorka Hermosa akordeoilariak zuzendu dute filma, eta ostiralean estreinatuko dute, Donostiako Antzoki Zaharrean, 20:00etan. 

Zumarraga du filmak ardatzean. Hain zuzen, soinu txikiaren sorrera eta garapena kontatzen ditu filmak, eta baita nola 1920an lehen trikitilari talde egonkorra sortu zen ere: Zumarragako Trikitixa, zeina oraindik ere bizirik baitago. Ordu erdi eskasean, kulturaren arloko hogei bat lagun esanguratsuren testigantzak agertzen ditu filmak, denak ere trikitiari eta haren garapenari buruz hizketan. Haien artean daude, besteak beste, Kepa Junkera, Joseba Tapia, Fermin Muguruza, Bernardo Atxaga, Jon Maia, Toti Martinez de Lezea eta Garikoitz Mendizabal, baita Zumarragako Trikitixako egungo kideak ere.

Iñaki Pinedok azaldu du Hermosak aurrez bere film batzuei soinu banda jarri ziela, eta elkarrekin zerbait egiteko asmotik jaio zela lan berria. «Trikitiaren sorreraren historia eta Zumarragak horrekin duen lotura aski ezezaguna zela ikusi genuen, eta hori lantzeari ekin genion». Zinemagileak nabarmendu du kanpotik heldu zen musika tresna berri hark euskal pandero jotzaileen tradizioarekin bat egin zuela, eta elkartze horretatik zerbait berria sortu zela, «gaur egun trikiti gisa ezagutzen duguna». Horregatik, adierazi du filma ez dela soilik trikitiaren sorrerari eta garapenari buruzko lan bat: «Asmoa da erakustea zer aberastasun dakarren jatorri, kultura eta hizkuntza desberdinetako pertsonak harrera puntu batera iristeak, eta nola elkartze horrek errealitate berriak sortzen dituen».

Zumarraga, hortaz, «bidegurutze bat» da, zinemagilearen ustetan. Inguru horretan grabatu dituzte irudi gehienak, baina baita Bizkaian, Araban eta Nafarroan ere, besteak beste. 

Musika eta irudia

Dokumentalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Zumarragako Udalaren bultzada izan du, eta zenbait jaialditarako hautatu dute dagoeneko —hala nola Argentinan, Kolonbian eta Espainian—. Urtarrilaren amaieran helduko da Bilbora, Madrilen ere aurkeztuko dute, eta ondotik, beste hainbat lekutan ere bai.

Pinedak azaldu duenez, filmaren iraupena nahiko laburra denez, emanaldiekin batera kontzertu bat egitea erabaki dute, eta halaxe egingo dute herriz herri aurkezten dutenean ere. Donostiako estreinaldian, Joseba Tapia, Gorka Hermosa, Zumarragako Trikitixa eta Enrike Zelaia ariko dira, baita Zumarragako beste musikari batzuk ere, eta emanaldian izango dira Junkera eta Martinez de Lezea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.