Gogoan izango dituzte 1970etik 1991ra bitartean egindako Euskal Herriko Trikiti Txapelketa Nagusiak giro hura ezagutu zutenek. Guztira, hamahiru egin ziren tarte horretan, eta 150 trikitilarik hartu zuten parte haietan. 1970 eta 1977 bitarteko sei finalak Donostiako euskal jai egunez jokatu zituzten, irailean, Trinitate Plazan. 1979an, beste fase batean sartu ziren txapelketak: Trinitate plaza txiki geratzen zela eta, urte hartako finala Anoeta frontoian jokatu zuten; 1980koa eta 1982koa, berriz, Carmelo Balda frontoian; 1985ekoa eta 1986koa, atzera Anoetan; azkenik, 1988koa eta 1991koa Donostiako Belodromoan jokatu zituzten.
Finalak beroak izaten ziren, jendetsuak. 7.000 trikitizale ere izan ziren belodromoan jokatutako final batean. Eta entzule haien artean, guztiak ez ziren bat etortzen beti epaileen erabakiekin. Trikitilari gazteek jotzen zituzten piezak trikitia ote ziren zalantza egiten zuenik ere bazen. Gerora trikiti munduan arrasto sakona utzi duten Joseba Tapia eta Kepa Junkera buru zituela, belaunaldi berri bat ate joka zetorren, ideia berriekin, eta polemika garratzak izan ziren azken txapelketen harira.
1991n jokatu zuten Euskal Herriko Txapelketa Nagusia azkenekoz. Zabale anaiak —Xabier eta Ibon Alberdi)— izan ziren txapeldun urte hartan. Jada desagertuta dagoen IZ argitaletxeak kasete eta LPetan argitaratu zituen final haietako batzuk, 1979tik 1991ra artekoak, eta berrargitaratu egin dituzte orain Elkar diskoetxeak eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak, bilduma batean.
Zazpi txapelketa jaso dituzte, hamahiru CDtan —1970eko hamarkada hasieran jokatutako beste sei txapelketen grabaziorik ez dago eskura—. Anjel Valdes Elkar diskoetxeko ekoizlearen esanetan, «oroimena» jasotzen du lanak. «Eta bitxia da, oroimena beti iraganarekin lotzen dugulako, eta uste dut oroimen honen benetako balioa etorkizunaren eskuetan jartzea dela». Alegia, etorkizuneko trikitilari eta trikitizaleei tradizioa ezagutzeko aukera ematea da lanaren helburu nagusietako bat, «beraiek jakin dezaten beren etorkizuna lantzen, zeren gure etorkizuna lantzen dakigu gure iragana ezagutu dugulako».
Etorkizunari begira
Trikitiak musika tresna gisa Euskal Herriaren identitate sozialarekin izan duen lotura estua aipatu du Valdesek: «Identitate sentimendua dagoen lekuan beti egon dira trikiti hotsak». Berrargitalpenaren bidez, trikitilariek euskal iruditeria aberasteko egin zuten ekarpena ere aitortu nahi da, nazio erreferente gisa tokatzen zaien lekua emateko.
Duela hiru urte inguru bereganatu zuen Elkarrek IZ argitaletxearen katalogoa. Orduankonturatu omen ziren sekulako altxorrak zeudela aipatutako oroimen horri lotuta, «batezere txapelketen inguruan».Hura ikusita, Euskal Herriko Trikitixa Elkartera jo zuten lana berrargitaratzeko proposamenarekin.
«Elkartearen ikuspegitik, gure helburuekin oso bat dator berrargitalpen hau, trikitia ikertzea, babestea eta sustatzea baitira gure zereginak, etorkizuna eta transmisioa bermatzeko», adierazi du Agurtzane Elustondo elkarteko lehendakariak. Erantsi duenez,Haritz Garmendia trikitilari gaztearengana jo zuen elkarteak proiektuak aurrera egin zezan, eta hura arduratu da datu base bat sortu eta informazioa egiaztatu, bibliografia ikertu eta argazkiak biltzeaz. Hark idatzi du bildumari sarrera egiten dion liburuxkako testua ere. «Nahi genuen norbait gaztea, katebegi bat, aurrera egiteko».
58 trikitilari bikoteren piezak entzun daitezke hamahiru CDotan, bikote bakoitzaren lau: trikitia, porrusalda, fandangoa eta arin-arina, horiek jo behar izaten baitziren txapelketan. Iraupen luzeko grabazioak izanik, entzungarriago egiteko, trikitilariek oholtzara igotzean eta jaistean jotako kantuak ez dituzte sartu. Salbuespen bakarra da 1986ko txapelketaren grabazioa, urte horretan kalejirari ere puntuak eman baitzizkioten.
Elustondoren ustez, jendea halako lan baten gosez zegoen: alde batetik, trikitia ikasten ari den jendea; eta, bestetik, garai hori bizi izan zuena. «Durangoko Azokan eta, 1970eko txapelketa ikusi zuen jende asko etortzen zaigu».
Trikitiaren txapelketa aro beroena, finalez final, bilduma bakarrean
1979 eta 1991 bitarteko Trikiti Txapelketa Nagusiko finalen grabazioak berrargitaratu dituzte. IZ etxeak emanak zituen, eta Elkarrek eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak eman dituzte orain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu