«Pentsatu al duzu inoiz/ zerk egiten zaituen gizon?/ Zerk egiten zaituen andra?/ Zerk egiten zaituen, zer zaren zu?». Gitarra eta teklatua eskuetan, entzuleari galdera bota dio Tu-k Ondarroako (Bizkaia) musika taldeak: «Zer gizon genero zara zu?». Galdera hori daraman singlearekin estreinatu dute euren disko berria: 22 21 -11. Berrogei urte baino gehiagoko ibilbidea dute Txomin Uribek eta Josu Aranbarrik, baina, diotenez, gaurko garaietara hobeto moldatu da euren musika. «Zuen musika ez da oraingo kontua; aurretik zabiltzate», esaten zieten taldearekin hasi zirenean; bada, duela bi urte eszenatokietara itzuli ziren, disko berria kaleratu berri dute, eta kontzertuak egiteko gogoz segitzen dute.
Erritmoa jartzen «tu, tu, tu, tu-ka» aritzen dira Uribe eta Aranbarri; hortik dator taldearen izena. Dena den, ahoskatzeko moduarekin inork zalantza eginez gero, ez dago haien diskografiara jo besterik: Tuka esaten da biniloa argitaratu zuten orain bi urte. Baina etenaldi batetik zetozen, 1985ean sortu eta 1989an utzi baitzuten taldea. Atzera begira berrekin zioten bideari: 2024an argitaratutako binilo hartan, hasiera-hasierako maketak digitalizatu, masterizatu eta hiru kanta berri sortu zituzten.
Geroztik hartua dute martxa, eta beste disko bat kaleratu berri dute, oraingoan pop eta post-punk doinuz osatutako zazpi abesti berrirekin: 22 21 -11 —izenak t, u eta k hizkiek alfabetoan duten posizioari egiten dio erreferentzia—. Gainera, musikalki «salto bat» egin dutela ziurtatu dute, eta pop alternatiboaren eta indie musikaren aldera jo dutela. «Aurreko diskoarekin alderatuta, askatasun handiagoa du honakoak», argitu du Uribek. Dio horretarako euren aurreiritziekin hautsi behar izan dutela, eta estilo eta egiteko modu jakin batzuen gaineko estigmak alboratu: «Zergatik ez ditugu abesti poperoak egingo?». Edonola ere, euren izenari leial direnez gero, disko berrian ere erritmo kutxak zehazten du tempoa. Hori ez da aldatuko.
Uribe eta Aranbarri dira jatorritik beretik taldean segitzen duten kideak —bikote moduan hasi zuten ibilbidea—; Uribe gitarrarekin eta programazioarekin aritzen da, eta Aranbarri baxuarekin. Biek jartzen diete ahotsa abestiei; aldiz, Jose Lastra teklatuan aritzen da —orain arte musika-teknikari lanak egin dizkie—, eta, gainera, beste partaide bat fitxatu dute: gitarra jotzen dabil Markel Uribe, Txomin Uriberen semea. «Beste kolore bat eman dio taldeari: gazteen ikuspuntua txertatu du», kontatu du Uribek. «Jotzeko beste era bat ekarri du, eta asko aberastu du taldea». Dena den, aita-semeak izan arren oholtza gainean taldekide direla gaineratu du Uribek, eta, beraz, rolak aldatu egiten direla.
Berriki, bira txiki bat egin dute Alemanian. Bi kontzertu jo dituzte, bata Berlinen eta bestea Bremenen. Bertakoen dantzaldiekin «flipatuta» itzuli direla kontatu du Uribek: «Gu ohituta gaude abestiak ingelesez entzutearekin eta hitzak ez ulertzearekin, baina ohartu gara haiengana ere iritsi dela gure mezua, entzuleek euskara ulertu ez arren».
Hasitakoari jarraipena
1980ko hamarkadan bi maketa grabatu zituzten: Existentzia (1987) eta Beltza (1989). Eten egin zuten euren jarduna, baina ez zioten musika egiteari utzi; Piztiak rock-and-roll taldea sortu zuten 1991n. Zazpi disko argitaratu zituzten —azkena 2015ean—, eta, taldea inoiz desegin ez badute ere, itzuli ere ez dira egin; horren ordez, Tu-k berpiztu dute. Ikusita duela bi urte kaleratutako diskoa aurkezteko zuzenekoetan harrera ona izan zutela eta gazteak ere bertaratu zitzaizkiela, Uribek proposamena egin zion Aranbarriri: «Zergatik ez diogu hasitakoari jarraipena ematen?».
«Gizartearen aurrean zer egin pentsatu beharra daukagu. Gu geu izaten segitu, ez dezaten makinek dena bere gain hartu»
TXOMIN URIBE Musikaria
Hasi zirenez geroztik, garaiak aldatu arren, Uribek eta Aranbarrik burugogortzat daukate euren burua, eta musika «lehengo aparatuekin» egitera tematzen dira; noski, garaiarekin bat datozen hobekuntzekin. «Lehen, hamar kantako memoria izaten zuen gure erritmo kutxak; memoria amaitzen zitzaionean, ordaindu egin behar izaten zen berriz», gogoratu du Uribek. Orain bestela izaten da, eta bereziki zuzenekoetan nabaritzen dute diferentzia. Gainera, lehengo eta oraingo garaiak are eta estuago lotzeko, gazteek nabarmen eragin dute disko berrian; izan ere, zenbait kolaboratzaile izan dituzte. Ahotsa jarri dute Ixiar Orejak, Izar Aranbarrik eta Tatxers taldeko Jon Salinasek.
Abestiek hitzekin hartzen dute forma, eta hainbatek lagundu dute horretan. Aranbarri eta Uriberen hitzez gain, Kirmen Uriberenak eta Josu Eizagirrerenak gehitu dizkiote diskoari. Munduaren aurrean kritiko ageri dira, baina badaude maitasun eta nostalgia kutsua duten abestiak, baita identitateari buruzko gogoetak ere. Horixe da Uriberen intentzioa: «Gizartearen aurrean zer egin pentsatu beharra daukagu. Gu geu izaten segitu, ez dezaten makinek dena bere gain hartu». Hala, ziurtasun osoa dute diskoa jendearen gustukoa izango dela. Horretarako, zehaztuak dituzte kontzertu batzuk: Donostiako Tabakaleran izango dira bihar, Bilbon maiatzaren 8an, Iruñean ekainaren 5ean, eta Pasaian 27an (Gipuzkoa).