Nerea Ibarzabal
Udako narrazioak

Tunbona

2026ko uztailaren 19a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00
(ID_17834187692105) Ibarzabalen ilustrazioa
EXPRAI

«Merezi dugu», pentsatu du. «Gero hondarretatik altxa ezinik ibiltzea baino hobe».

Libre ikusi duen lehenengo tunbonaren gainean laga ditu trasteak, masaje bat hartzen ari den eta uneka horhorhor-ka hasten den gizonaren ondoan. «Eguna 25 euro. Badaukagu adin bat». Bere buruari pluralean egiten dio gozo egin nahi dionetan. «Semeak ere horixe esango liguke: ‘Merezi duzu tunbonan etzatea, ama. Behin oporretara joango, eta’».

Soineko zabala erantzi, eta bainujantzian geratu da itsasertzari begira. Olatu-hotsa, ume-txilioak, kaioen itzal-uxoak pertsonen larru biluzien gainetik pasatzen. Urteak, horrelako lekurik zapaltzen ez zuela. Noizbait esan omen zuen hona etortzea gustatuko litzaiokeela, nahiz bera akordatu ez. «Zure ametsetako bidaia oparitu dizut», bota zion semeak urtebetetze egunean. «Hegaldiak, hotela… Dena barne, zuretzat bakarrik». Eskerrak eman zizkion, gastuaren tamainako poza adierazita, biek jakin arren bere zoriona hau denau baino zatia merkeagoa dela. Elkarrekin sarriago elkartu, eta lantzean behin menuren bat janda, konforme. Badaki asko eskatzea dela; errazagoa dela ama irla honetaraino bidaltzea email bat bidaltzen den moduan: irteerako bandejan prest-prest utzi, botoiari sakatu, eta onik helduko dela sinetsita. Semeak asmo onez egin du, hala ere; zahartzaro duin bat desio diolako, orain bizi behar lituzkeelako gaztetan bizi bakoak, eta abar. Bidaia garesti honekin semearen kulparen bat arintzen duela pentsatzeak arintzen du berak etorri izanagatik sentitzen duena.

Sonbrillaren txilar-bizarrek besoa ukitu diotenean izutu egin da, tunbonen arduraduna kontu eske datorkiolakoan. Alboko gizonari galdetu dio ordainketaz.

–Biseradun tipo bat hurbilduko zaizu ikusten zaituenean.

–Ea ba ez nauen ikusten.

Ahuspez etzandako gizonak barrez erantzun dio, kokota gorantz tenkatzearen esfortzua ahotsean, eta almendra-begiak dizdiz. Gazteagoa da, berrogeita hamarren bat izango ditu. Masaje-emaile filipinarra bizkarrean itzelezko astinaldiak ematen ari zaio, grazia eragiterainokoak, eukalipto-lurrin sarkorra noranahi zabaltzen duela.

–Baldin badator, esan uretan nagoela.

–Poltsa bistan utzita ez zara joango, ala? —gizonak tunbona gaineko oihalezko zakua seinalatzen du— Ekarri, neuk zainduko dut. Gorde nire tunbonaren azpian. —beso biak luzatu dizkio, superman olioztatu baten eran— Takillak han dauzkazu bestela, baina ez dirurik alferrik bota, emakumea. Minny ere adi egongo da, ezta Minny?

Filipinarrak irribarre karratu zuri-zuri bat bistaratu —semeak esango lioke nongoa den galdetzeke eta lanbide jakin batean aritzeagatik norbaiti filipinar deitzea arrazista dela—, eta berean segitu du, bezeroaren omoplato gorrituei kolpeka.

Fidatu egingo da. Gizonak luma apur bat daukala iruditu zaio lehen gainera, hasperenengatik eta. Hori pentsatzeagatik ere egingo lioke erremuskadaren bat bere seme ikasiak.

Ura hain dago epel, hotzikararik ere ez baitio eragin aldaken muga pasatzerakoan. Zilborra busti zaion puntu horretantxe geratu da. Beherantz begiratu, eta ikusi du Tartalo logaletu bat dirudien bere sabel zurikaila, eta airezko perlak izterretako azalean, eta arraintxo sarda bat, eguzkipean pizten zaien zilarrezko marra fin banarekin ezkatetan. Eskuak ur gainean jarri ditu, hondoratzeke. Itsasoak erresistentzia egiten du goitik eta zabalegi datorren edozeren aurka. Musika-kutxetako dantzariak imitatuz, biraka hasi da, atzamarrekin uraren gainazala laztantzen, uneka zeharkatu eta zipriztintzen. Gero poltsa gorde dion gizonaz akordatu da, eta erdia larritasunak eta beste erdia hondar goriak bizkortutako pausoan joan da bueltan.

Baina gizonak masajistaren eskuen pean darrai, trankil, oliba handi distiratsu bat dirudiela, eta gizonaren pean bere poltsak. Eskerrak eman, eta tunbonan etzan da azkenean, sonbrillaren gerizpe barean. «Merezi dugu».

–Hurrengoan argi ibili —ondokoaren tinbre erreak trantzetik atera du—. Hemen karterista asko dabil. Iritsi zarenetik zu zelatatzen ari dira.

Errieta kutsuaz harrituta, burua baino ez du mugitu. Badaezpada, bigarrenez eskertu dio faborea, eta biseradun kobratzaileaz galdetu dio atzera ere. Ez omen da inor etorri.

–Lapur gehienak errumaniarrak dira, eta antolatuta daude. Sinetsi, nire ofizioak asko irakatsi dit.

«Hauxe behar genuen». Isilik geratu da; lasai ez, ordea. Gizona erreakzio baten zain dauka aldamenean. Begi bata erdizka zabalduz zuzendu zaio, ironia behar beste markatu gabe, antza:

–Ofizioz lapurra zara, orduan?

–Polizia, emakumea! —inozoei bezala bota dio— Hona destinatu nindutenean uda osoa eman nuen hondartza hau zaintzen, sekretaz. Ikusten hango hotel hura?

–Bai. Nire hotela da. –esan eta batera damutu zaio.

–Hangoxe terrazatik zelatatzen nituen. Bajera batean ezkutatzen ziren poltsak ostutakoan. Nagusiak irailera arte itxaroteko agindu zidan, gauza gehiago leporatu ahal izateko, talde kriminal antolatua izatea, eta halakoak.

Airean txalo bat jota, masajistak amaitutzat eman du bere lana. Eskuak gerritik zintzilikatutako trapuan lehortuz, hondartzaren beste alderantz urrundu da.

–Berri-berri utzi nauzu, Minny!

–Bere izena al da?

–Minny politagoa da.

Aurrez ordainduko ziola pentsatu du, gizonak ez baitio dirurik eman. Oviedoko futbol taldearen nikia soinean, tunbonaren ertzean jarrita dago orain, lastotxotik mojitoaren azken hondarrak hurrupatuz, begirada jendetzan galduta.

–Horko emakumeak susmo txarra pizten dit. Zuri ez?

Metro gutxira daukaten bere adintsuko andrazko ilehori bati buruz ari da, leopardo estanpatudun pareoa daramanaz.

Tunbona eguzkitara mugitu nahiko luke, baina gizonarengana hurbiltzea lekarke horrek. Itzaletan etsi eta lo plantak egingo ditu. «Badaukagu adin bat». Kokotsa erortzen utzi, eta inguruko marmar denetatik urrundu da. Burrunba lauso bihurtu dira alemanezko eta ingelesezko berba solteak, tabernetako musika, eta gizonaren lesioren bati buruzko kontuak, urteak daramatzala bajan, lanak ez duela bera utzi ordea, den-dena ikusten duela, hondartza honetan ezkutatzeko zerbait daukan edonor.

Esnatu denean ez dago beste inor sonbrillapeetan. Eguzkia eraikinen ostera joana da. Tunbona hutsak pilatzen ari den biseradun gizonak buruarekin agurtu du, sinpatiko. Ziztuan jaiki da, bihotza ahoan; poltsak bere albotxoan segitzen du, ez diote ezer eraman. Lotsatuta eta billeteak eskutan biseradunarengana hurbildu denean honek trankiltzeko esan dio, adiskideak ordaindu duela biena.

Semeari gaueroko kronikan kruasana plantxan gosaldu duela kontatuko dio, eta hondartzako tunbona horietako batean etzan dela, «amak hainbeste merezi duelako», nahiz eta tipo arrazista bat tokatu zaion alboan; aurre egin diola, hala ere, «arrazista hutsa zara» bota diola, ez dela isilik geratu.

Buruz behera jarri du telefonoa. Logelako gortina ostetik terrazara begira gelditu da, horko itzal geldi horrek zer nahi duen igarri ezinda.

nerea ibarzabal salegi

(Markina-Xemein, Bizkaia, 1994). Kazetaritza ikasi zuen EHUn, eta idazlea eta bertsolaria da. Gaztetxotan hasi zen kantuan, eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapelduna izan zen 2021ean eta 2023an. Idazle gisa, Txakur Gorria sormen kolektiboko kide izan zen, beste hiru kiderekin batera; eta 2022an argitaratu zuen Bar Gloria (Susa) bere lehen eleberria. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA